Haur eta Lehen Hezkuntza
Esperimentazioa gelara eramateko prest
Ikasmaterialak baino gehiago
Urtarrilaren amaieran, HH 5 urteko gelatan eta LH 1 mailakoetan.
Azken urteetan egiten ari diren ibilbidean beste urrats bat da esperimentazioan jarriko dena. Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako proposamen berri eta berritzaileak garatzen aritu dira Ikastolen Elkartean. Bertako adituekin batera aritu dira ikastoletako hainbat irakasle ere, eta landutako proposamenak gelara eramaten hasteko moduan dira dagoeneko. Urtarrilaren amaieran hasiko dira prototipoaren pilotajea egiten hala nahi duten ikastoletan.
Ikastolen marko pedagogikoa zabaltzeko azken urteetan egindako ibilbidean, koherentziaz Euskal Curriculuma eta Konpetentzietan Oinarritutako Ikaskuntzari erantzunez sortu dira Haur eta Lehen Hezkuntzarako proposamen didaktiko berriak. Hauek dira esperimentaziora urtarrilaren amaieran gelara eraman nahi direnak. Hain zuzen ere, HHko bost urteko gelei eta LH1eko gelei begira daude esperimentazio hauek, nahiz eta dituzten ezaugarriak kontutan hartuta adin ezberdineko haurrentzat ere baliagarriak izan daitezkeen.
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapen arteko zubiak eraikitzeko helburuarekin sorkuntza lanari era koordinatuan heldu zaio. Ikastolen Elkartean badira urte batzuk Konpetentzietan Oinarritutako ikaskuntza eta Irakaskuntzako prozesuetan lanean ari direla. EKI proiektuaren bitartez abiatutako ibilbideari jarraipena eman zaio sorkuntza honekin.
Materialaren inguruko gogoetak material kontzepzio berri batetara eraman ditu. Materialak ikastolan erabiltzeaz gain familietan erabiltzeko aukera emango du.
Prestakuntzarekin abiatuz, ikasleen beharretara egokitzeko aukera ematen duten proposamen malguak konpartituko dira hezitzaileekin, aztertzeko, planifikatzeko eta praktika elkarrekin eraikitzeko. Helburua da lortu nahi den eraldaketa pedagogikora iristea, eta horretarako lagungarri diren materialak sortu dira, baina irakasleen ahalduntzeak izan behar du lehentasuna, eta horregatik material hauek zein irakasleek beraiek egokitzat jotzen dituztenak erabili ahal izango dira.
Prozesua nolakoa izango den sakontzeko, Belen Baztarrika eta Beñat Azurmendirengana jo dugu, beraiek dira-eta, hurrenez hurren, Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako arduradunak.
Beraiek azaldu digutenez, oraingo proposamenak baditu desberdintasunak orain arte DBHn eta LHn egindako pilotajeekiko: “Proposamen desberdinak daude, eta irakasle bakoitzak aztertu egin beharko du proposamen horietatik zeintzuk erabiltzen dituen eta nola. Zentzu horretan, material jakin bat gelaratzeko proposamen bat baino gehiago, irakaslea ahalduntzeko prozesu bat bezala ulertu behar da egitera goazena”.
Proposamen desberdinak
Haur Hezkuntzarako egiten den proposamena emozioetan oinarritzen da eta ahozkotasuna lantzea du xede. “Haurra erdian jarrita, bere beharrak, gaitasunak, nahiak asetzeko eskaintza egingo da”. Esperimentazioaren bitartez, emozioen unibertsoa landu nahi da, emozioak izendatzeko eta ezagutzeko proposamen sorta batekin. Era berean, emozio horiek adierazteko eta komunikatzeko proposamen sorta bat ere egongo da, eta berdin emozioak barneratzeko ere. “Ipuin bat lagun, erronka bat proposatu nahi da. Esperimentazio honetan landu nahi den emozioa poza da.
Lehen Hezkuntzako 1. mailarako esperimentazioak, berriz, hiru proposamen landuko ditu. Hizkuntza eta Literaturaren barruan, euskarazko irakurketa eta idazketa lantzeko proposamena da lehenbizikoa. Matematika lantzeko proposamena da beste bat. Eta hirugarrena, berriz, erronka bat proposatzea, diziplina arteko ikuspegitik, errealitatearekin lotura eginez eta ikaskuntzei testuingurua eta funtzionalitatea emanez.
Baztarrikak eta Azurmendik azaldu digutenez, bi egitasmo hauen helburua da “ikaslea erdigunean jarrita, irakasleen ahalduntzearekin jarraitzea eta esperimentazio-prozesuan elkarrekin bidea eginez, egiten diren proposamen didaktikoen inguruko kontrastea eta balorazioa egitea”.
Esperimentaziorako bide orria
Horretarako bide orri bat marraztu dute, abenduko oporren bueltan abiatuko dena. Hasteko, sortu diren proposamen didaktikoen oinarri pedagogiko eta metodologikoak aurkeztuko dira. Ondoren, eskainitako orientabideen baitan sortutako proposamenak aurkeztuko dira irakasle-talde bakoitzak bere planifikazioa egiteko. Proposamena martxan jarri aurretik, irakasle-taldean egindako planifikazioa Ikastolen Elkarteko lan-taldearekin partekatu da.
Ondoren egingo da esperimentazioa; planifikatutakoa martxan jarriko da eta jardunaren hausnarketa egingo da irakasle-taldean. Esperimentazioa urtarrileko azken astean abiatzea aurreikusi da. Beronen jarraipenerako hainbat tresna erabiliko dira: bisitak egingo dira zenbait ikastolatara, beste batzuekin elkarrizketak egingo dira, aholkularitza eskainiko da…
Amaitzeko, esperimentazio prozesu osoaren balorazioa egingo da, eta ateratako ondorioekin planteamendu osoago bat egiteko aukera irekiko da. Helburua da aurtengo ikasturtean hilabete batez egiten den esperimentazioa 2020-21 ikasturte osora eramatea.
entresaka
Egitasmo hauen helburua da ikaslea erdigunean jarrita, irakasleen ahalduntzearekin jarraitzea eta esperimentazio-prozesuan elkarrekin bidea eginez, egiten diren proposamen didaktikoen inguruko kontrastea eta balorazioa egitea.