IKASTOLA 236 > ikastolak > X. Batxilergoko eztabaida lehiaketan, NUP-k eta NP-k antolatuta

Paz de Ziganda Ikastola, Atarrabia

X. Batxilergoko eztabaida lehiaketan, NUP-k eta NP-k antolatuta

Guztira 20 ikastetxe aritu dira, ikastola izanik D ereduko ikastetxe bakarra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatuta.

Paz de Ziganda ikastolako talde batek hartu du parte Batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzendutako eztabaida-lehiaketan (gaztelerako modalitatean), hirugarren urtez. Guztira 20 ikastetxe aritu dira, ikastola izanik D ereduko ikastetxe bakarra.

Ikastolako taldeko partaideak Maite Mujika, Saioa Setoain, Nerea Astiz, Hegoi Zabal eta Iranzu Pinillos izan ziren. Taldeak Oihane Artxankoren laguntzarekin kontatu zuen ere prestaketa fasean.

Lehiaketaren data baino hiru aste lehenago aurtengo gaia jakinarazi zen: “alde batera utzi beharko  litzateke azterketen bidezko ebaluazioa?” eta hiru aste horietan taldeak azterketen aldeko eta kontrako argudioak prestatzeko ikerketa lana egin behar izan zuen, defendatutako ebidentzien bila.

Informazio bilketa eta entseguak egiteko hiru asteko lan trinkoa eta gero, argudio guzti horiek epaimahaiaren eta beste talde baten aurrean ahoz defendatzeko momentua ailegatu zen. Eztabaida bakoitzak ordu bat inguru irauten du, eta argudioen indarra bezain garrantzitsua da partaideen komunikatzeko gaitasuna. 

Teresianas, IES Ribera del Arga eta Irabia Izagaren kontra eztabaidatu ondoren,  Ikastolako taldeak final laurdenetan sartzea lortu zuen aurten lehendabiziko aldiz, zortzi ikastetxe onenen artean klasifikatuz.Taldearen jarduketa benetan bikaina izan zen lehiaketa osoan zehar, bost minututako mintzaldietan irakurri gabe, kontrako taldearen galderen erantzunak inprobisatuz eta entzundakoari errefutazioak eginez, guzti hori gaztelera ezin onean.

Aurtengo maila oso altua izan da; hizlari bikainak izan arren, zoritxarrez, final laurdenetan ikastolak Nuestra Señora del Huertoren kontra galdu zuen. Nahiz eta epaile batek gure taldea hobe puntuatu zuen, beste biek kontrako taldearen alde egin zuten eta azkenean 54-51 puntutan galdutakoan, taldeak ezin izan zuen finalerdietara pasatu. Jakinda kontrako taldeak lehiaketa orokorra irabazi zuela azkenean, gure taldea zoriondu behar dugu hiru puntuko diferentziagatik baino ez, txapeldunen aurkako aurrez aurreko debatean gelditzeagatik.

Jarduera honen onurak ikusita, iaz gaztelera mintegian batxilergo lehenengo mailan eztabaidaren formatoa lantzea erabaki zen. Batxilergoko ikasle guztiek testu argumentatiboak era praktiko honen bitartez landu zituzten. Zalantzarik gabe iaz burutu zen esperientziak asko lagundu die aurten ikasleei beste ikastetxeen kontrako lehiaketa honetan. 

Zorionak ekipoari eta espero dezagun datorren urtean ere talde batekin parte hartzea berriro.

¿Nola funtzionatzen du lehiak? 
Lehendabiziko fasean hogei taldek gutxienez hiru debatetan hartzen dute parte. Puntuazio altuenak dituzten lehendabiziko zortzi taldeak final laurdenetara pasatzen dira. Fase honetako lau irabazleek Nafarroako Parlamentuan jokatzen dute final erdia, eta bi onenak finala. 

Eztabaida bakoitza epaile diren unibertsitateko hiru irakasleren aurrean egiten da. Debatea baino lau minutu lehenago iritzien zozketa egiten da (alde eta kontra). Hizlariak egokitu behar dira emandako denborara, bost segundu lehenago edo beranduago bukatzeak penalizatzen du eta. Hizlari guztiak entzun ondoren, epaimahaiak puntuaketa erabakitzen du honako irizpideak kontutan hartuz: sarrera, azalpen eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera;  azaldutakoaren ordena; zehaztapen eta argitasuna; ziurtasuna eta gaiaren ezaguera; inprobisatzeko gaitasuna; hizkuntzaren egokitasuna edo galderei erantzuteko erraztasuna.

Aurten parte hartu duten ikastetxeak izan dira:
IES Basoko, IES Plaza de la Cruz, IES Navarro Villoslada, Colegio Nuestra Señora del Huerto, Colegio San Cernin, Colegio Sagrado Corazón, Colegio Hijas de Jesús, Colegio Santa Teresa de Jesús, Colegio Miravalles-El Redín, Colegio Irabia-Izaga, Colegio Calasanz-Escolapios, Colegio San Ignacio-Jesuitas, Colegio Santo Tomás-Dominicas, Liceo Monjardín, Colegio Santa María La Real-Maristas (Sarriguren), Colegio Luis Amigó (Mutilva, Paz de Ziganda Ikastola, (Villava), IES Ribera del Arga (Peralta), Colegio Nuestra Señora del Puy (Estella) e IES Marqués de Villena (Marcilla).

 

ikastola 236
2019 Abendua
236