IKASTOLA 236 > ikastolak > Holandako Silvolde herriko Almende Collegearekin elkartrukean

Betiko Ikastola, Leioa

Holandako Silvolde herriko Almende Collegearekin elkartrukean

Ez da Erasmus proiektu bat, baina gauzatzeko orduan antza handia du.

Familiatan bizi izan dira aste osoan, ikastolara egunez hurbilduz.

Lau urte badira bi eskolen arteko harremana gauzatu dela. Ez da Erasmus proiektu bat, baina gauzatzeko orduan antza handia du. DBH4ko ikasleek hartzen dute parte. Guztira, aurten, 58 izan dira, 29 gehi 29, kasualitatez pareko zenbakia. Denek dute parte hartzeko aukera, familiek erabakitzen dute nahi duten ala ez. Gutxitan izaten da ezezkoa, aukera paregabea delako finkatutako helburuak betetzeko: batetik, beste herrialde bateko kultura ezagutzeko, horrek begiak irekitzeko aukera ematen baitie herrialde berria, bizitzeko estiloa, ohiturak, hizkuntza, eskola mota ezberdina, lagunak, aisialdia, jolasak,… ezagutzeko; gauza asko astebete intentsoan!

Silvolde herriko gazteak izan berri dira Bizkaian, Leioa Ikastolan. Familiatan bizi izan dira aste osoan, ikastolara egunez hurbilduz. Itsas inguruko proiektu bat egin behar izan dute, informazioa bildu, gaiari lotutako irteerak egin, proiektua hala landu nola gauzatu, eta joan aurretik hemengo familiei aurkeztu.

Horretarako astelehenean Santurtzira joan ziren bisitan, arrantzale mundua ezagutzera. Asteartean ikastolan gelditu ziren taldeka banatuta gaiak lantzen: balearen arrantza, estropadak, musikak eta dantzak; arrantzarekin lotutako industria aztertzen… Bideo bat ere ikusi zuten, Euskal Herriaren geografia, kultura, gastronomia, kirolak… ezagutzeko. Arratsaldean paintball saio batean eta  talo-tailer beste batean ere hartu zuten parte.  Asteazkenean, Gernikan izan ziren historia eta ondarea bisitatuz, baita zesta puntara hurbiltzen; Gaztelugatxera arratsaldean. Ostegunean Bilbora, itsas museora; ondoren, kirola maite dutenak kajak-en ibili ziren Nerbioi ibaitik; besteak, aldi berean, Guggenheim museo bisitan. Ikastolan amaitu zuten proiektua, hemengo gurasoei aurkezteko gogoarekin. Txoko batean pintxoak janez, musika entzuten… eguna amaitu zuten. Ostiralean, berriro be, Bilbora San Mames ikustera, Silvodeko herrian futbol taldea ezaguna baita. Alde zaharra ikusi eta, bizipenez beteta, Herbehetara bueltatu ziren etxera, pozez txoratzen eta leher eginda!

Martxoa izango da garaia non hemengo ikasleak hara joango diren. Dinamika berdina jarraituko duten arren, inoiz ez da gauza bera izango, esan bezala hango eta hemengo ohiturak ezberdinak direlako, horiek kontutan izango dituzte, alderatuz eta baloratuz. Irrikitan dira, udaberria noiz iritsiko lagun taldea berriz ikusteko.

ikastola 236
2019 Abendua
236