IKASTOLA 232 > ikastolak > Itsas hondakinak murriztea helburu

PASAIA-LEZO LIZEOA, PASAIA

Itsas hondakinak murriztea helburu

Proiektu guztiek gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu behar dute

Itsas hondakinak gutxitzeko soluzioak proposatzea ere xede dute.

Pasaia-Lezo Lizeoko DBH 3ko ikasleak Itsas hondakinen erronka proiektuan parte hartzen ari dira estreinakoz. Itsas hondakinak gutxitzea du xede, eta, horretarako, gazteak ahaldundu eta protagonista bihurtu ditu. Lehen urrats gisa, urtarrilean Pasai Donibaneko Alabortza kala garbitzen aritu ziren ikasleak. Orain, berriz, edukiak lantzen ari dira geletan. Eta aurrera begira, hainbat eratako proiektuak diseinatu eta garatu beharko dituzte, ingurumen arazo larri honi soluzioak emate aldera. 
Proiektu guztiek, derrigorrez, gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu behar dute, eta, ahal den neurrian, itsas hondakinak gutxitzeko soluzioak proposatu.

Pasaia-Lezo Lizeoko DBH 3ko ikasleak Itsas hondakinen erronka proiektuan parte hartzen ari dira estreinakoz ikasturte honetan, EkoFish egitasmoaren baitan. Itsas hondakinak gutxitzea da proiektuaren xedea, eta, horretarako, gazteak ahaldundu eta protagonista bihurtu; hau da, itsas hondakinen arazoa gizakiok sortua den neurrian, gazteek beren erronka propio gisa sentiaraztea eta konponbidearen bilaketan motibatzea. Itsas hondakinen artean plastikoak, egurra, metalak, beira, goma edota papera aurki daitezke, baina ugariena, beti ere, plastikoa da: hondakinen %70 baino gehiago. Gainera, plastikoa inoiz ez da guztiz desagertzen itsasoan; zati txikietan zatitu baino ez, baina erabat suntsitu gabe, eta mikroplastikoak sortzen dira. 

Horretaz guztiaz ederki asko jabetu ziren gure ikasleak, bertatik bertara, urtarrilean Pasai Donibaneko Alabortza kala garbitzen aritu zirenean. Egitasmoaren lehen urratsa izan zen irteera hartan jasotako emaitzak aplikazio batean sartu zituzten, zeinak Iberiar penintsula osoko hondartzen hondakin datuak biltzen dituen.

Orain, berriz, edukiak lantzen ari dira geletan. Eta aurrera begira, hainbat eratako proiektuak diseinatu eta garatu beharko dituzte. Izan daitezke idatzizkoak (muralak, komikiak…), teknologikoak (bideoak, blogak…) edota ahozkoak (hitzaldiak, ponentziak…), baina proiektu guztiek, bai ala bai, gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu behar dute, eta, ahal den neurrian, itsas hondakinak gutxitzeko soluzioak proposatu. Proiektuaren bigarren fase pilotua da honakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzaturikoa, eta Pasaia-Lezo Lizeoa beste hiru ikastetxerekin batera parte hartzen ari da.  

ikastola 232
2019 Otsaila
232