IKASTOLA 232 > elkarrizketak > Jarrera aldaketa eskolatze batzordeetan

Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea

Jarrera aldaketa eskolatze batzordeetan

Atzerritar jatorriko gero eta ikasle gehiago jasotzen ari direla ikusita, ikastoletan bi lanketa egiten ari dira

Lehena harrera eta hizkuntza planak garatzea da; eta bigarrena, beka sistema propio bat eratzea.

Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea OREKATUAGOA izaten ari da aurtengo ikasturtean, ikastoletan bildu ditugun datuen arabera. Joan den ikasturtean Ikastolen Elkarteak salatu zuen jatorri horretako ikasleen banaketaren desoreka larria Eskolatze Batzordeek haiek eskolatzeko erabiltzen dituzten irizpideengatik zela nagusiki. Aurten, jarrera aldaketa nabaria da, oraindik desorekak dauden herri eta eskualdea egon badauden arren.

Joan den ikasturtean atzerritar jatorriko 250 ikasle inguru iritsi ziren matrikulazio garaiz kanpo ikastoletara. Aurten, azaroaren amaierarako dagoeneko bostehun ziren, eta urtarril amaierarako seiehun. Proiekzio horrek jarraituz gero, ikasturtea amaitzerakoan 800-900 ikasle berri izango dira, iaz baino %300 gehiago.

Datuok Ikastolen Elkarteak eman zituen iragan otsailaren 7an egindako prentsaurrekoan. Hain zuzen ere iragan urrian ikastolek gai honen inguruan aurkeztutako proposamenaren ondotik egindako lehen agerraldia izan zen, eta hain justu, agerraldi hartatik hona ikastolek beren plana ezagutarazteko egin dituzten urratsak jakitera emateko eta atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzen datuen lehen balantzea egiteko deitu zuten prentsa.

“Datuok eskuartean, gure ikastoletako argazkia aldatzen ari dela ikusten dugu, eta poztu egiten gaitu, oraindik legozkigukeen kopuruetara iritsi ez garen arren, aurten salto garrantzitsu bat ematera goazelako, gure ikastolak gure gizartearen aniztasunaren isla izan daitezen nahi dugulako”, adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, agerraldian. Datu orokor zenbait ere eman zituen. Hala, azaroaren amaierako datuen arabera, Eskolatze Batzordeek 4.500 ikasle eskolatu zituzten, iazko ikasturte osoan 4.300 inguru izan ziren. Lurraldeka, berriz, Bizkaian eta Gipuzkoan itunpeko sarera, hurrenez hurren, ikasle horien %36 eta %32 inguru igorri zituzten bitartean, Araban %10 inguru igorri zituzten.

Datuok ikusita, ikastolek hiru ondorio nagusi atera dituzte

1- Azarorako iazko ikasturte osoan baino atzerritar jatorriko ikasle gehiago bideratu dituzte Eskolatze Batzordeek. Horrek esan nahi du ikasturte amaierarako askoz gehiago izan daitezkeela, eta heldu den ikasturterako oraindik gehiago espero direla. “Herri ikuspegitik, denok azterketa sakona egitera behartzen gaitu honek, herri kohesionatu bat eraiki nahi badugu politika espezifikoak egitera eraman behar gaitu”, adierazi zuten ikastoletako ordezkariek.

2- Eskolatze Batzordeen politika aldatzen ari dela, ikusi dute ikastolek, eta aurreko urteetan ez bezala, gaur egun ikasle gehiago bideratzen ari dira itunpeko sarera, nahiz eta oraindik desoreka egon badagoen.

3- Arabako egoera oso bestelakoa da. Eskolatze Batzordeek ikasleen %91 sare publikora bideratu dituzte, eta horietatik gehienak oso ikastetxe gutxi batzuetara. “Zergatik? Guk ez daukagu erantzunik, bakoitzak atera ditzala ondorioak”, esan dute Ikastolen Elkarteko ordezkariek. “Guk ere galdera ikur asko ditugu. Gasteizen, adibidez, azaroaren 31ko datuen arabera, zergatik bideratu dituzte bi ikasle soilik Armentia ikastolara? Zergatik, berriz, 408 ikasle sare publikora? Zergatik lau ikastetxe publikotara 230 ikasle bideratu dituzte, eta horietako batek, irizpiderik aldatzen ez bada, ikasturte amaierarako ehun ikasle edo gehiago jasoko ditu? Zergatik izan da posible irizpide aldaketa beste lurralde batzuetan, eta Gasteizen ez?”.

Eskolatze Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko teknikariek osatzen dute, eta beraiek erabakitzen dute matrikulazio garaitik kanpo heldutako ikasleak zein ikastetxetan eskolatu. Azken urteetan ikasle horiek matrikulazio arazoak zituzten ikastetxeetara bideratu dituzte nagusiki, eta irizpide hori dela-eta ikastoletara oso ikasle gutxi bideratu dituzte. Aurten, irizpide aldaketa eman da, ikastolei dagokienean. “Askok ez zioten neurri honi, Eskolatze Batzordeek irizpideak aldatzeari, behar zuen garrantzia eman, baina datuak oso zehatzak dira, aldaketa sakona ematen ari da eguneroko argazkian, eta bidea hori dela uste dugu”, azaldu zuen Koldo Tellituk.

Bestalde, behin baino gehiagotan leporatu diete ikastolei gelak betetzen dituztela atzerriko jatorria duten ikasleak ez onartzeko. “Datuek berriro ere ezeztatu egiten dute baieztapen hori”, esan zuen Tellituk, “gure sarean garaiz kanpo matrikulatutako ikasle kopururik handiena ikasturte hasieratik gelak beteta zituen ikastola batek jaso baitu; Bilbokoa da, eta 40 ikasle jaso ditu, eta tokia egin die, gainerako ikastetxe guztiak bezala behartuta dagoelako jasotzera, eta jaso egin nahi dituelako”.

Eskolatze Batzordeetan hezkuntza eragileen parte-hartzea eskatu zuen Ikastolen Elkarteak duela lau hilabete egindako proposamenean. Orain, irizpide aldaketa hau nagusitzen ari dela ikusita, helburuari eutsiz proposamena berregin dute: “Eusko Jaurlaritzak Berme Batzorde bat osatzea aurreikusi du; espero dugu bere asmoa izango dela hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin martxan jartzea. Hala bada eta batzorde hori hilero biltzen bada, uste dugu zenbait herri edo eskualdetan ikasleen banaketan gerta daitezkeen desorekak konpontzeko aukera izango duela”.

IKASTOLETAN, ZER?

Atzerritar jatorriko gero eta ikasle gehiago jasotzen ari direla ikusita, orain ikastolen erronka da, alde batetik, ikastoletara heldu diren eta heltzen ari diren ikasle horiei erantzun egokia ematea, eta, bestetik, haiek hurrengo ikasturteetan ere ikastoletan geratzea. Horretarako, bi lanketa egiten ari dira: lehena harrera eta hizkuntza planak garatzea da; eta bigarrena, beka sistema propio bat eratzea.

“Duela urte batzuk garatu genituen gure ikastoletako harrera planak. Plan horiek, ordea, beste testuinguru batean garatu genituen eta horiek errealitate berrira doitzeko lanetan ari gara”, azaldu zuten. “Garbi izan behar dugu epez kanpo matrikulatzen diren ikasleen gelaratzeko prozesuak zein urrats eskatzen dituen, eta horiek horrela betetzen direla ziurtatzea dagokigu. Horretarako birlantzen ari garen Harrera Plan Integralak bost ardatz ditu: Ikaslearen hasierako harrera, aurre-ebaluazio integrala, kokapena eta hizkuntza trataera, familiarekin harremanak eta, bukatzeko, eskolatze prozesuaren ebaluazioa. Hauen artean kezka berezia hizkuntzen trataerarekin dugu”.

Honekin guztiarekin batera ikasle guztiekin inklusibitatea lantzeko unitate didaktiko bat egiten ari da Ikastolen Elkartea, material guztiari zabaldu nahi diotena. “Era honetara, aniztasuna lantzeko behar den tresna izango dugu”.

Ekonomia alorrean, behar ekonomiko berezia duten ikasle guztientzako beka proiektu bat garatzen ari dira “ikastola guzti eta bakoitzarentzat” erreferentzia izan dadin. “Urrian esan genuen bezala, ikastola gehienek dituzte euren beka sistemak, berariazkoak edo gordeagoak, baina uste dugu beharrezkoa dela talde koherentzia ematea sistema horiei guztiei, eta zenbait kasutan garai berriotara egokitzea, premia duten familientzako ezagunago egitea, arinagoak, eskuragarriagoak … hori bai, betiko izpirituari eutsiz, hau da, kuotak ordaintzerik ez duten familiek ikastoletan jarraituko dute gainerakoen elkartasunari esker”, azaldu zuten.

Udalen harrera planak ere aintzat hartzen ari dira ikastolak. “Zenbait udaletako harrera planak aztertu ditugu, Bermeokoa bereziki, eta gero eta argiago daukagu, herrietatik, batez ere herri txiki eta ertainetatik, ikasle hauen harrera integral eta orekaturako ekimen eredugarriak atera daitezkeela. Horregatik, udalerri guztiei dei egiten diegu bide horretan jarrita dauden udalen urratsei jarrai diezaieten, behar beharrezkoa delako guztien inplikazioa”.

Azkenik, herri apustu honek ildo zuzenetik pausoak aurrera emateko neurriez eta hezkuntza eragileen eta erakundeetako ordezkarien konpromisoaz gain, baliabide ekonomiko handiagoak behar ditu hezkuntza sistema osoarentzako, Ikastolen Elkarteak azpimarratu zuenez. “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzearen gaineko diagnostikoa eta gaiari heltzeko neurri berriak aurkeztu zituenean, adierazi genuen proposamen hartan biltzen ziren neurri guztiak aurrera ateratzeko baliabide ekonomiko gehiago behar zirela. Gaur berretsi egiten dugu hori, are gehiago ikasturte honetan ikusten ari garenean (eta dirudienez hurrengoan ere hala gertatuko da) atzerritar jatorriko ikasleen kopurua esponentzialki hazten ari dela”.

Proposamena ezagutarazten

Proposamena aurkeztu eta lau hilabeteotan hura ezagutarazten aritu dira ikastoletako ordezkariak. “Hilabete hauetan buru belarri aritu gara gai honekin. Alde batetik gure proposamena aurkezten aritu gara eragile ezberdinei (alderdiak, sindikatuak, udaletxeak, Eusko Legebiltzarra, Hezkuntza Saila, hedabideak …). Oraindik ez dugu amaitu aurkezpen fase hau, eta sindikatu eta eragile gehiagorekin biltzea aurreikusten dugu, etorkinen elkarteak barne. Esan dezakegu, orokorrean, gure proposamena ezagutarazi dugula gizartean. Eta aurkezpen guztietan adierazi dugu gurea proposamen bat dela, ez dela errezeta hutsezin bat, apaltasunetik egindako ekarpen bat dela eta irekita gaudela besteren batek egindako proposamenak aztertzeko”, azaldu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak.

Hitzaldiak ere ematen hasi dira. Otsailaren 4ean, esaterako, Oiartzunen izan ziren, Haurtzaro ikastolak eskatuta. Tellituk azaldu duenez, oso esperientzia aberasgarria izan da Haurtzaro ikastolarekin proposamen hau partekatzea, eta zalantza ugari argitzeko lagungarri izan dela uste du. Era berean, irekia dago beste ikastola batzuetara ere joateko, proposamena aurkeztera.

ENTRESAKAK
Joan den ikasturtean atzerritar jatorriko 250 ikasle inguru iritsi ziren matrikulazio garaiz kanpo ikastoletara. Aurten, azaroaren amaierarako dagoeneko bostehun ziren, eta urtarril amaierarako seiehun. Proiekzio horrek jarraituz gero, ikasturtea amaitzerakoan 800-900 ikasle berri izango dira

Gipuzkoan eta Bizkaian Eskolatze Batzordeek atzerritar jatorriko ikasleen banaketa orekatuagoa egiten ari diren arren, Araban, eta bereziki Gasteizen,  oraindik desoreka handia dago.

Atzerritar jatorriko gero eta ikasle gehiago jasotzen ari direla ikusita, ikastoletan bi lanketa egiten ari dira: lehena harrera eta hizkuntza planak garatzea da; eta bigarrena, beka sistema propio bat eratzea

ikastola 232
2019 Otsaila
232