Axular Lizeoa
50.urteurrena: etxeko produktua, etxean egina; emaitza, auzoari eta Donostiari eskainia
Axular Lizeoak, Aiete eta Etxadiko auzo ikastolak, 50 urte beteko ditu ikasturte honetan
Mattin Alijostes eta Aintzane Tolosarekin elkartu gara informazio apur baten bila.
Mattin Alijostes eta Aintzane Tolosarekin elkartu gara informazio apur baten bila, jakin badakigulako Axular Lizeoak, Aiete eta Etxadiko auzo ikastolak, 50 urte beteko dituela ikasturte honetan. Ez dira isildu, informazio ugari baitute.
“Abendutik abendura arituko gara ekitaldiz osatzen urteurrena, urterokoak diren asko laxo berezi batekin apainduko baititugu; eta horiei berriak gehituko. Hilabete bakoitzari gai bat lotu diogu: 2018ko abendua, txupinazoa izan da, 50 urteko historia jasotzen duen liburuaren aurkezpenarekin hasi garelako, Udaletxean egindako ekitaldi xume bezain hunkigarrian. Urtarrilari danborrada izenburua jarri diogu, aurten helduak eta haurrak batera aritu garelako saio berezian. Otsaila, zientziaren hilabetea izango dugu, Matematika olinpiadekin, Eureka tailerrak eta beste. Martxoa eta Apirila, Euskararen hilabeteak izango dira. Ekitaldi nagusia Victoria Eugenia antzokian antolatuko dugu, sorpresaz beterikoa. Korrika ere izango dugu. Ipuin kontalaria, Udaberriko festa ikastolan… Maiatzean, kultur hilabetean, antzerkia, erakusketa, laburmetraien lehiaketa… Ekainean, Axular idazlearen herrirako txangoa, Urdazubira, eta haren inguruko lan saioak… Irailean, kirola eta gastronomia hilabetean, krossa, marmitako lehiaketa, autorik gabeko eguna, orientazio-erronkak. Urrian, Miramon eta inguruak ezagutzen; mendi irteerak… Azaroan, pedagogiari eskainiko diogu, hitzaldiak eta lan-saioak direla … Eta, Abenduan, agur ekitaldiarekin amaiera emango diogu urteari” kontatu digute.
Etxeko produktua bilakatu nahi dute 50.urteurrena. Elkarrekin sortu, elkarrekin “sukaldean” aritu; gozatzeko eta partekatzeko. Etxean egiten ari dira, ikastolan, 50 urteotan Axularkide izan diren guztientzat; eta, emaitza, auzoari eta Donostiari eskainiko diote. Langile eta familiak inplikatu dira “eta azpimarratzekoa dugu ikasle ohien-ekarpena” handia izaten ari baita. Adibidez kanta “entzun ze kanta polita dugun” esan digute, eta hala da erakargarria, hitz ederrak ditu, entzuteko goxoa da, ahots fin eta politak dira, beste 50.urtez iraunduko duen abestia da! Iker eta Haritz Lauroba, Asier Iriondo eta Isabel Ezeiza aritu dira horretan. Bideo-klipa ere eginen dute beste ikasle ohi batzuek.
Liburua argitaratu dute, “Axular Lizeoa, 50.urteurrena”, eta Udaletxean aurkeztu dute, alkatea bertan zegoela. Jesus Etxaniz zuzendari ohiaren gidaritzapean, auzoaren eta ikastolaren garapena ezagutzeko dokumentu baliotsua bilakatuko dena. Ikasleen argazki zaharrak ere baditu. Ekitaldia xume bezain hunkigarria suertatu zen.
Sorpresarik badago ospakizun hauetan guztietan. Victoria Eugenia antzokia hartu dute ikuskizun berezi baterako. Zer ikusi edo entzungo dugun galdetutakoan, isildu dira biak. Argi dago martxoaren 1ean, iluntzeko 19:00etatik aurrera jakingo dugula zer gordetzen duten isilpean. Ikusgarria izango dela, ez dago zalantzarik.
Sentipenez betetako urtea dugu, axularkideok! Arinean, gozatu. Eta zabaldu kantaren hitzak “Gogoratzen dugu Aiete auzoa… euskaraz bizi nahi dugu, ez dadila haria eten, gure ikastolaren auzoan”. Hasteko, izan dezagun txapela buruan beste 50 urtetarako!
Halaxe idatzi du Victoria Eugeniako emanaldia pasatakoan, bertan izan zen ikusle batek:
"Dotorea izan zen emanaldia, 50 urteurrenak eta VE antzokiak eskatzen zuten modura. Ez zitzaidan batera luze egin, nahiz eta bi orduko saioa izan. Dinamikoa eta martxosoa izan zen, denetik ikusi eta entzun genuelako. Hasieratik harrapatu gintuzuen, 60 urte atzerako gelak gaurkoekin alderatuta, aitona eta gaztearen hitzak... Zuen hitzak, Mikel eta Aitor gustukoak izan nituen, Axular ikastolaren zutabe. Ondo pentsatuak eta ondo esanak, biek. Alkatearenak ere behar bezala adierazita, guraso harro baten sentipenekin kontatu zituen. Baloratu nuen hizlarien hitzak ekitaldian tartekatuta izatea, jarraian astun bihurtu gabe".
Eta jarraitu zuen "Aurkezleak ongi, ikastola tripetatik maite dutela argi azaldu baitzuten. Gero dantza taldearen emanaldia, betiko modura, primerakoa!
Par uneak ere egon ziren, nolako grazia izan zuen Iñaki eta Anderren bideotxoak. Pentsatzen det egun hauetan Iñakik laban zorrotz bat baino gehiago jasoko duela opari, etxeko tipulak mozteko... Ze jator aritu zinen, Iñaki, asko apreziatu nituen zure hitzak, baita zureak ere, Jesus. Zaila jarri zizuten erronka, bi minututan laburtzea, paperik gabe, hogeita hama-piku urteko sentipenak aitortzen. Zenbat eman diozuen ikastolari... hori da denok sentitu genuena. "Uriondo, tio" Victoria Eugenian entzuteak, umorearen ukitu on-ona suertatu zen, distentsioa, lasaitasuna, etxekoen arteko giroa bilakatu zuelako... A zer aurkezle zoragarria, Ander".
"Gazteen ekarpena agerian gelditu zen dantza, kanta, marrazki, hitz... ekilibrioa lortu zenuten horrekin ere bai, zuentzat, musikari, merezimenduzko besarkada handi bat! Bukaera oso alaia egin zitzaidan, eta espero gabekoa, musika taldearekin ingelesez kantatzen, gizartearen arraza ezberdineko ispilu. Asko gustatu zitzaidan plus hori. Benetan hunkitu gintuzuen Jon Eriken omenaldiarekin. Jon Erik gure etxean oso maitatua da. Askotan hitz egin dugu berataz, beti kariño handiarekin, errespetu handiz. Bera pozik, hunkituta ikusteak ni ere ukitu ninduen. Eskerrak nola eman zituen, malkoak begietan. Zorionak!! Andereño Piliren hitzak, komunitate osoari eskerrak, eta lankideentzat hitz bereziak gogoan. Baloreak, Axular Lizeoaren baloreak, hitzetan eta ekintzetan, askotan sentitu genituen emanaldian zehar"
Zorionak ematen amaitu zuen idatzia "Zorionak lanean aritu zareten guztientzat, zinez lan itzela egin duzuelako!! Gure etxekoak Axular Lizeoaz harro sentitzen diren bezalaxe, nik ere sentimendu berdina sentitu nuen oraingoan ere".