IKASTOLA 230 > orientazioa > Euskara loratzeko udazkena

Euskara batuaren 50. urteurrenak eta Euskaraldiak gure hizkuntzaren erabilera hauspotu beharko lukete

Euskara loratzeko udazkena

Euskaraldiak jarriko al du mugarri bat?

50 urte atzerago euskara batuak jarri zuenekoaren parekoa?

Berrogeita hamar urte bete ditu euskara batuak, eta euskaldun orok goitik ospatzeko motiboa bada, euskararen normalizaziorako ezinbesteko urratsa egin baitzen duela mende erdi bat Arantzazun, Euskaltzaindiaren eskutik. Inoiz baino euskal hiztun gehiago ei gara. Bada ordua, beraz, erabileran ekiteko. Euskaraldiak jarriko al du mugarri bat, 50 urte atzerago euskara batuak jarri zuenekoaren pareko? Euskara dakitenek euskaraz egiten eta euskara ulertzen dutenak euskara entzuten jarri nahi ditu Euskaraldiak. Eragile eta erakunde ugariren babesarekin sortu den ekimena Ikastolen Elkartea du bultzatzaileetako bat, eta ikastolak gogotsu arituko gara, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskararen erabilera areagotzeko xedez. Iragan irailaren 20an abiatu zen Euskaraldian izena emateko epea, eta bi egun geroago, Atarrabian, ikastola guztiok konpromisoa hartu genuen ekimena bultzatzeko, Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldia kari. Ordutik ikastolak buru belarri dabiltza lanean euren herri eta auzoetan. Euskaraldia ahalik eta eraginkorrena gerta dadin. 11 egunetik, urte osora Hamaika eguneko ekimena da Euskaraldia, eta bertan ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ izateko aukera zabaltzen du. Ikastolok ‘ahobizi’ izango gara, eta komunitateko kide guztiok ere bai, edo gutxienez ‘belarriprest’. Hamaika egun dira, bai, baina ikastolon xedea urteko 365 egunetara hedatzea da. Eta badakigu ez gaudela bakarrik. Euskaraldiaren bitartez, euskararen erabilera etxean nahiz kalean, lanean zein aisialdian, areagotu nahi da; frogatu nahi da uste baino aukera gehiago ditugula euskaraz aritzeko, eta uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskara. Eta erabilera areagotzea denon esku dagoela. Informazio gehiago: https://euskaraldia.eus/ Hizkuntza gutxituetako hedabideak aztergai Hedabideek hizkuntzarentzat duten garrantzia azaldu beharrik ez dago, are hizkuntza gutxituen kasuan. Euskarazko hedabideek urteotan egin duten jauzia ez da makala izan, baina nola gaude besteekiko? Zer dakigu munduan barrena dauden hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan? Zein da beraien egoera? Zein da hizkuntza komunitate horietan duten eragina? Nolakoa da hizkuntza horien erabilera? Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak aro digitalean? Diagnostiko antzeko bat egingo da urriaren 20an, Nafarroa Oinezen bezperan, Altsasun, Txikiak Handi ekimenaren baitan. Larunbat goizeko ekitaldia izango da, 9:30etatik 14:00etara, eta besteak beste Europako hizkuntza gutxituetako hedabideak aztertuko dira (Irlandakoak eta Galeskoak bereziki), zein den euren egoera, nolatan hainbesteko desberdintasunak, zeintzuk diren zailtasunak, zeintzuk aukerak. Euskarazko hedabideen iraganaz orainaz eta geroaz ere arituko dira jardunaldiotan. Eta mundu mailan, Mexikoko hizkuntza gutxituetako hedabideak ere aztertuko dira. Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko: http://www.nafarroaoinez.eus/txikiakhandi/

ikastola 230
2018 Urria
230