Ikastolen Elkarteko Pedagogia arduraduna
Ikastolok, etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara hezkuntza eraldatzen
Zigor Ibarzabal
Abel Ariznabarretak erretiroa hartu, eta Zigor Ibarzabalek hartu du Ikastolen Elkarteko Pedagogia ardura. Lanean hasi berritan, ikasturte honetarako helburuak xehetu dizkigu elkarrizketa honetan, eta hurrengo urteetarako proiektuen berri ere eman digu. Irakasle ikasketak amaitu zituenetik, Oñatiko Txantxiku ikastolari lotua egon da orain arte Zigor Ibarzabal (Oñati, 1979). 2001ean, karrera bukatu eta berehala, ordezkapenak egiten hasi zen, Batxilerren eta DBHn. Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan jarraitu zuen gero. Irakasle lanetan aritzeaz gain, Ikastolen Elkarteko Eleanitz proiektuan ere lanean aritu zen, atzerriko hizkuntzetan espezializatua baita. Azken sei urteak Txantxikuko zuzendaritzan aritu da; lehen bi urteak Lehen Hezkuntzako koordinatzaile gisa, eta azkeneko lauak ikastolako zuzendari lanetan.Etapa guztietan irakasle lanetan arituta, eta koordinatzaile eta zuzendari lanetan pilatutako eskarmentuarekin, Ikastolen Elkarteko Pedagogia ardura, egindako ibilbidearen hurrengo urrats bat bezala ikusten du, “erronka berri askorekin”. Jauzi handia al da ikastola batetik etorri, eta Ikastolen Elkarteko Pedagogia ardurak hartzea? Ikuspegia asko aldatzen da, noski. Oso desberdina da ikastola baten ikuspegitik lan egitea edo ikastola guztietan eragiteko lan egitea. Gauzak asko aldatzen dira, hain desberdin diren ikastoletara iristeko, bakoitzak bere autonomia, bere errealitatea dituztela... Askotan ez da asmatuko denetara iristea, baina helburua hori da. Etxe barruan ere orain arte ezagun nituen batzuk, beste batzuk ezagutu berri ditut, eta guztiak lankide ditut orain. Erronka berri handi bat da, baina gogotsu nago. Nola aurkitu duzu “etxe” berria? Abiadura handian doan tren batera igotzen ariko banintz bezala sentitzen naiz; oraindik uste dut gorputz erdia dudala bertan eta hankak arrastaka daramatzadala momentu batzuetan. Baina normala da. Proiektu asko martxan daude eta horiei jarraipena eman behar zaie, eta beste batzuk martxan jarri behar ditugu. Horretan ari gara; kokatzen, eta, kokatu ahala, ekiten. Izan ere, bai etapaz etapa eta baita etapaz gaindi ere hamaika proiektutan murgilduta zabiltzate. Halaxe da. Gai asko dira eta arlo asko dira etapa guztiei eragiten dienak. Etapa arteko lan handi bat dago egiteko, eta erronka desberdinak ditugu. Hezkuntza eraldaketaz mintzo gara, eta ikastolok, etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara hezkuntza eraldatzen. Horietako bat euskararen inguruko lanketa berri bat da. Kanpo ebaluazioen emaitzek erakutsi dute ikastoletan ere behera egin duela euskararen ezagutza mailak ikasleen artean, nahiz eta batez bestekoaren gainetik egon. Zer aurreikusten duzue egoera iraultzeko? Euskara sustatzeko ekimen berri bat abian dugu. Ikasle guztiengan eragin beharra daukagu. Iaz egindako azterketatik ondorio batzuk atera ditugu, eta ondorio horietan jaso dugunaren arlo bati helduko diogu, ikasleen elkarrekintza buruan, eta irakaslearen esku hartzearen ikuspuntutik planteatuko da proiektu berri bat, bai brankako emaitzak hobetzeko helburuarekin eta baita ebaluazio emaitzak hobetzeko helburuarekin ere. Ikastola bakoitzak bere helburuak izango ditu, eta hori hobetzeko estrategiak eta tresnak eskainiko dira. Ikastoletan Hizpro teknikariak baditugu, Ikastolen Elkartean ere bai. Hizpro teknikari horiek prestakuntza bat jasoko dute, ikasleen artean eta ikasle-irakasleen artean elkarrekintza egoki baterako oinarriak identifikatzeko. Oinarri horiek ezagutzeko HUHEZIko fakultateko adituekin elkarlanean aritu gara, haiek jarriko dituzte Ildo teorikoak eta horiek gelara jaitsiko ditugu. Ezagutu behar dugu gaur egungo gelako praktika nolakoa den; jakin behar dugu gaur egungo praktika nolakoa den, ikasleek zein hizkuntza erabiltzen duten, zein erregistrotan, hizkuntza horren kalitatea, zuzentasuna aztertu behar dira, eta horren baitako hobekuntza proposamenak egingo zaizkio irakasleari: nola hobetu daitekeen hizkuntza erabilera hori gelan gaudenean, aurkezpen bat dugunean, lanean ari direnean, edo irakaslea aurkezten ari denean. Horregatik esaten dugu betiere ikasleen arteko elkarrekintzan eta ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintzan zentratuko garela, baina ikuspegi didaktiko batetik egingo dugula. Azken aldian, ebaluazioaren lanketa ere egiten aritu zarete Ikastolen Elkartean eta ikastoletan. DBHn eta LHko 5 eta 6 mailetan, EKI proiektuaren baitan, ebaluazioaren lanketa sakona egin dugu Ikastolen Elkartean eta egiten ari gara ikastoletan, ebaluazio integrala deitu dioguna. Ebaluazioaren inguruko erabaki batzuk, irizpide batzuk, markatu dira, eta Haur Hezkuntzan ere aritu dira ebaluazioaren inguruan lanketa egiten, eta hor ere irizpide komunak izan behar ditugu, ebaluazioari koherentzia eman behar baitzaio. Ikusten da etapek lotura handia daukatela ebaluazio irizpideak ezartzeko orduan, eta hori osatzen lan egingo dugu. Etapa batzuetan hasi, baina besteetara ere zabaldu nahi diren egitasmo batzuk ere badira tartean; inklusibitatea da horietako bat. Bai. Une honetan DBHko lehen mailan jardungo dugu, lehen esperientzia egingo da ikastolekin elkarlanean, EKIren hirugarren ebaluazioko hiru alor hartu ditugu, eta inklusibitatearen aldetik aberastu egin dira. Honek helburu potolo bat dauka: orain ikasten dugun hori, ondoren beste maila guztietara eta alor guztietara zabaltzea. Inklusibitateaz ari zarenean zentzu zabalean ari zara, ezta? Ikasleen gaitasunak kontuan izanik, garatu behar ditugun konpetentziak kontutan harturik, jakin badakigu, eta irakasle garen aldetik oso argi daukagu, gure gelatan oso ikasle tipologia desberdinak izaten ditugula: batzuk gaitasun gehiago dute matematikan hizkuntzetan baino, beste batzuk alderantziz; batzuk gaitasun handia dute arlo guztietan, beste batzuek irakaslearen behar handiagoa daukate arlo jakin batzuetan edo guztietan… Gure ikasgelak hain aberatsak izanik alde horretatik, guri dagokigu ikasle bakoitzari bere beharrei ahalik eta egokien erantzuna ematea. Ikasketa prozesu pertsonalizatuago bat eskaintzea? Irakaskuntza tradizionalean esaten zen guztientzako baliagarria zena eskaintzen zela, baina egia da, bestalde, irakasleek aniztasun hori beti izan dutela kontuan eta bai zuzenketak egiteko orduan, ikasleari feedback-ak emateko orduan… baina une honetan beste urrats handiago bat egitea izango litzateke; ez bakarrik ostean laguntzeko, baizik eta baita aurretik ere, lan bat egitea ikasle horri ahalik eta erraztasun gehiago emateko bere bidea errazago egiteko. Nola egiten da? Zer baliabide behar dira? Prestakuntza bat behar dugu; baliabide horiek tresnetan eta estrategiatan laburbiltzen dira. Adimen aniztasuna aintzat hartzen badugu, jakin badakigu pertsona bakoitzak adimen mota bakoitza modu eta maila desberdinetan garatzen dituela. Beraz, batek ahozko aurkezpenak entzundakoan modu batera jasotzen du, eta aldamenean eserita daukanak informazio berdina era bisual batean jasoko balu askoz hobe garatuko luke. Alde batetik daude adimen anitzen trataera. Bestetik berriz, ikasketa kooperatiboak ere oso baliagarriak dira aniztasunari erantzuteko eta elkarren artean eraikitzeko… Badaude kontuan hartu beharreko ildo desberdinak, eta horiek integratu behar ditugu gure saioetan eta gure eguneroko jardunean. Horretan lan egingo dugu inklusibitatearen aldetik. DBHn hasiko gara, baina helburua da orientatzaileak trebatzea, irakasleak trebatzea etapa guztietan, pausoz pauso hau garatzen joan dadin. KiVa proiektua ere hedatzeko bidean da. Bai, ikasturte honetan KiVa proiektua DBHra hedatuko dugu. Ikustea besterik ez dago bi ikasturte hauetan zein emaitza baikorrak lortu diren. Bidea hori dela ikusten dugu, ikasleekin landu behar dugula, beren rolak landu behar direla, beren ardurak eta konpromisoak landu behar direla. DBHn, nerabezaroan, sortzen diren berdinen arteko gatazkak kudeatzeko tresnak eman behar zaizkie ikasleei. Horregatik ikusten dugu ezinbestekoa Lehen Hezkuntzan hain ondo funtzionatu duen proiektu batek Bigarren Hezkuntzan jarraipena izatea. Zer duzue ikasturte honetarako Haur Hezkuntzari begira? Haur Hezkuntzari erreparatuz, azken urteetan garatu den hIZAN proiektuari jarraipena ematea izango da ikasturte honetan egiteko nagusia, eta proiektua bera sendotu nahiko genuke. HHko markoa hor dugu, ikastolak ari dira marko hori garatzen beren klaustroetan eta aholkularitza ere eman diegu espazioen eta denboraren kudeaketaren inguruan. Proiektu hau sendotzeko hainbat baliabide eskaini beharko ditugu ikastoletan eta horien diseinu eta sorkuntza prozesuan ari gara une honetan. Haur Hezkuntzan ikastolekin eta ikastola erreferenteekin egin den lana oso aberatsa izan da. Ikastoletan bertan mugimendua sortu du arlo pedagogikoaz hausnartzeko edota ikuspegi desberdinak mahai gainean jartzeko eta tokian tokiko ikastolak erabaki propioak hartzeko oso aberatsa izan da, eta bide berdinetik jarraitu nahiko genuke Lehen Hezkuntzako lehen zikloan. Izan ere, ikastolak arduratuta daude HHn egiten ari denaren hurrengo urratsak zeintzuk izango diren jakiteko. Guretzat une aproposa da, HHko baliabideak diseinatzen eta sortzen ari garen fase honetan bat egingo dugulako LHko lehenengo ziklo horretan behar denarekin. Eta hor ere ari gara gauzak definitzen, irakurketari eta idazketari dagokienean adibidez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ondorengo etaparako ere lanean ari zarete? Batxilergoa hor daukagu, bai. Iazko ikasturtean BatxiLABekin hasiera eman zitzaion bide bati, egoera/erronka planteamendua Batxilergora eramaten. EKIko ikasleek dagoeneko Batxilerrera jauzi egin dute eta ikasle hauek beste era batean ikasten, beste era batean lan egiten ohituak daude, eta Batxilergoan ere urratsak egin behar ditugu horrela lan egiteko; uste dugulako eragingarriagoa dela, ikasleentzako motibagarriagoa dela eta ikasketa prozesu horretan konpetentziak hobeto garatzen direla eta edukiak barneratu egiten direla. Beraz, iaz abiatutako bideari jarraituko diogu, eta markatutako agertoki berrirainoko urratsak egingo ditugu. Ikas-materialgintzan ere ez dago geldi Ikastolen Etxeko lantaldea. Aurretik datozen beste hainbat proiekturi jarraipena ematen ari gara. EKI proiektua LH 5en eta 6en inplementatuta dago. Une honetan 4. mailarako sorkuntzan ari gara. Maila honetan, bisualki EKIk banaketa berdina izaten jarraitzen duen arren, proiektuak berak, edo egoera/erronkaren lanketak berak diziplina arteko ikuspuntu handiago bat hartzen du, eta arlo desberdinen ekarpenekin osatuko da. Beraz, arlo arteko loturak garrantzi handiagoa hartuko du. HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra ere ikasturte honetako egitasmo handietako bat da? Aipatu ditugu estrategikoak diren proiektu pedagogiko asko, baina nagusi bat badugu, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra, azkenean ikastolak eraldaketarako bide horretan, beraien iparra markatzeko oso erabilgarria den tresna delako. Hobekuntzaren bidea diseinatzen laguntzen duen proiektu bat da HPI. Ikastola batzuk bigarren ikasturtean dira une honetan. Iazko prozesua oso aberatsa izan da, ikaslearen irteera profilarekin aritu baitira, horrek duen garrantziarekin, azken batean ikastola osatzen dugun guztiok ipar horretara begiratzen jartzen gaituelako. Zer nolako pertsonak nahi dugu izatea gure ikasleak, ikastolako ibilbidea amaitzen dutenean? Galdera horri erantzunez osatzen da irteera profila. Guztiok irteera profil horri begirako ekarpenak egiten ditugu, eta hori oso aberatsa da. Irakasleentzat oso garrantzitsua da jakitea autonomia landu behar dugun, zer nolako euskalduntasuna landu behar dugun, konpetentzia zientifikoa, sortzailetasuna… bakoitzak bere ekarpenak egin ahal izateko. Proiektu nagusi bat da HPI, eta ikastoletan arrakasta izan dezan, zuzendaritza taldearenaz gain, irakasle guztien konpromisoa eskatzen du. Aurten bigarren urtean daudenak gelaratzean zentratuko dira, hori izango dute aurtengo erronka, eta erronka hori denen artean eraman behar dute. Horregatik azpimarratzen dut irakasle guztien konpromisoa behar dela. Guk jardunbide bat proposatuko dugu, jardunbide hori gelaratzeko prozedura batzuekin, eta irakasle guztiek aurrera eraman beharko dute. Noski, bide horretan prestakuntza eta aholkularitza beharko dute Ikastolen Elkartetik, eta hori eskaintzeko taldea prest dago. Guretzako erronka handi bat da, ikastolentzako ere bai. Eta beharrezkoa da eraldaketaren bide honetan osasuntsu eta motibatuta jarraitzeko guztiok elkarrekin egitea, guztiok batzea eta talde lanean aurrera egitea. ENTRESAKAK “Euskara sustatzeko ekimen berri bat abian dugu. Ikasle guztiengan eragin beharra daukagu. Ikasleen elkarrekintza buruan, eta irakaslearen esku hartzearen ikuspuntutik planteatuko da proiektu berri hori” “Ikusten ari gara etapek lotura handia daukatela ebaluazio irizpideak ezartzeko orduan, eta hori osatzen lan egingo dugu aurten” “Estrategikoak diren proiektu pedagogiko asko ditugu, baina nagusi bat badugu, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra, azkenean, ikastolek, eraldaketarako bide horretan, beraien iparra markatzeko oso erabilgarria den tresna delako”