IKASTOLA 230 > iritziak > Elkarlanean, ideak garatzen eta sortzen

Elkarmaker egitasmoa

Elkarlanean, ideak garatzen eta sortzen

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Ingeniaritzako ikasleak ekintzaile, Elkarmaker egitasmoaren baitan

Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloak erabiliz ideia bat landu, hura garatu eta aurrera atera.

Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloak erabiliz ideia bat landu, hura garatu eta aurrera atera. Guztia elkarlanean, eta etapa desberdinetako ikasleen artean eginda. Hori da Elkarmaker egitasmoaren bitartez, hainbat ikastolatan aurtengo ikasturtean hasi duten proiektua. Ikastola horietako batean izan gara, lehen fasea ezagutzen. Sormena, arriskuak hartzeko gaitasuna, elkarlana eta pertseberantzia eta konstantzia dira Elkarmaker-en bitartez lantzen diren gaitasunak. Irailaren 26ko goiza. Azpeitiko Ikasberri ikastolan ezohiko egun bat dute LH 3ko ikasleek eta DBH3koek. Ezohiko egun bat, ezohiko jardun batean arituko baitira goiz osoan zehar. Ezohiko egun bat dute, baita ere, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lau ikaslek. Haiek, euren ikastetxetik irten, eta Azpeitira hurbildu dira, Ikasberriko ikasle horiekin egotera. Guztien artean, ikasturte osorako aurreikusitako proiektu bat landuko dute. Gela handi batean elkartu dira LH 3ko ikasle guztiak, DBH3ko hainbat ordezkari, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lau ikasleak. Haiekin batera, LH3ko irakasle tutoreak eta Teknologia irakaslea. Aurkezpen saio labur bat egin dute, eta berehala bildu dira, taldeetan. Talde txikiak dira, LH3 ko lau edo bosna eta DBH3ko bana. Bi gelatan banatu dira. Haiek egiten ari direnari so Ingeniaritzako lau ikasleak. Eguneroko bizitzan lagungarri izango den ideia bana proposatu behar dute LH3ko ikasleek. Ikasle bakoitzak ideia bat proposatu eta defendatu beharko du taldean, eta taldekideen artean beraien artean proposatu diren ideietatik bat aukeratu beharko dute. Ondoren, talde bakoitzeko ideia onenak erkatuko dira, eta ikasle guztien artean ideia bat edo bi aukeratuko dituzte. Hori zuten egun honetako lana. Eta, azkenean, guztien arten bi ideia aukeratu dituzte: ohea egiten duen makina bat, eta zakarrontzi ibiltari bat. DBHko ikasle ordezkariek erabakia beren geletara eramango dute, eta hurrengo egunetan proposamen horien gaineko maketak egin beharko dituzte. Ondoren etorriko da Ingeniaritzako ikasleen egitekoa: maketa horiek aintzat hartuta, prototipoak egitea, bai birtuala eta baita erreala ere. Prozesu guztiak ikasturte osoa hartuko du, eta amaieran, erakutsi egingo dituzte prototipo horiek. Elkarmaker ekimena Baina ez da Azpeitiko ikastolaren ekimen soila. Aitizitik, beste sei ikastolatan ere egingo dute proiektu bera, Elkarmaker egitasmoaren baitan ari baitira zortziak. Hauek dira parte hartzen ari diren ikastolak: Azpeitiko Ikasberri Ikastola, Elorrioko Txintxirri, Orioko Herri Ikastola, Durangoko Kurutziaga, Santurtziko Bihotz Gaztea, Oiartzungo Haurtzaro eta Altsasuko Iñigo Aritza. Ekimen honen sustatzaileak Ikastolen Elkartea, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira. Elkarmaker ekimenaren ardatza elkarlana da, bai heziketa maila ezberdinen (LH, DBH eta Ingeniaritza), bai errealitate sozio enpresarialaren artean, izaera teknologikoko proiektuen esparruan. Elkarmaker-ek STEM arloetan (ingeleseko siglak dira Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika adierazteko) izaera ekintzaileko jarrerak indartzea du helburu. Beronen bitartez, helburu hauek bultzatu nahi dira: 1. STEM ikas-arloen bokazioa sustatzea, sormen esperientziaren bidez. 2. Hezkuntza etapa ezberdinen eta errealitate sozio enpresarialaren arteko kooperazioa bultzatzea. 3. Teknologia alorrean, sormen-pentsamendua garatzea, ikasleen beharren, gaitasunen, emozioen, nahien edo abilezien aniztasuna integratuz. 4. Ekintzailetza gaitasunaren garapenean laguntzea. 5. STEM ikas-arloetan estereotipoak eta genero rolak gainditzeko asmoz, erreferente positiboak eskaintzea. Sormena, arriskuak hartzeko gaitasuna, elkarlana eta pertseberantzia eta konstantzia dira Elkarmaker-en bitartez lantzen diren gaitasunak. Zortzi urrats Ikasturte honetan hasi du bidea Elkarmaker egitasmoak. Bertan parte hartzen ari diren ikastoletako irakasle arduradunek formazio ikastaro bat jaso zuten irailaren hasieran Donostiako Ikastolen Etxean, Amaia Gutierrez eta Erramun Martiarena adituen eskutik. Egitasmoa xehatu eta hori nola eraman gelara azaldu zieten, eta handik gutxira jarri zuten martxan euren ikastoletan Ikasturte osorako egitasmoa da Elkarmaker, eta zortzi urrats aurreikusten dituzte. Horietatik, lehenbiziko biak egin dituzte dagoeneko. Aurreneko urratsa aurkezpena izan da: Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Ingeniaritzako ikasleei Elkarmaker aurkeztu zaie, eta ikasleei adierazi zaia zeintzuk diren ekimenaren oinarriak, helburuak, fasea eta elkarlanerako estrategiak. Bigarren urratsa izan da elkarrekin ideia sortzea. Lehen Hezkuntzako ikasleak izan dira protagonista nagusiak; erronka bat jarri zaie, eta Bigarren Hezkuntzako eta Ingeniaritzako ikasleekin ideiak sortu dituzte, eta guztien artean ideia bateratu bat adostu dute eta maketa egiteko mandatua eman diete Bigarren Hezkuntzako ikasleei. Hurrengo urratsa izango da STEM arloetako ezagutzak aplikatuz maketa hori egitea. Bigarren Hezkuntzako ikasleek Lehen Hezkuntzakoekin komunikazioa mantenduko dute, maketa bateratu bakar baten garapen egokia berma dadin. Hori egin eta gero, laugarren urratsean, DBHko ikasleek lorturiko maketa eta jarraitutako prozesua azalduko dute, eta, elkarlanean, LHko eta Ingeniaritzako ikasleekin kontraste lanak egingo dituzte beren lanaren nondik norakoen gainean. Ondoren, prototipoa eraikitzeko enkargua emango diete Ingeniaritzako ikasleei. Elkarrekintza horretatik ateratako ondorioekin, bosgarren urratsean, Ingeniaritzako ikasleek prototipo bat eraiki beharko dute. Prototipoa birtuala (3 D) eta fisikoa izango da. Prototipoa bere osotasunean eraikitzeko, ingeniaritzako ikasleek diziplina anitzeko ariketa bat landuko dute, ingeniaritza esparruko ezagutza desberdinak landuz eta horiek errealitatera islatuz. Seigarren urratserako, Ingeniaritzako ikasleek dagoeneko egina edukiko dute prototipoa, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei aurkeztuko diete eta beren lanaren berri emango, haiek arduratuko baitira prototipoaren gaineko komunikazioaz. Alegia, elkarlanean garatutako ideia, maketa eta prototipoaren aurkezpen publikoa prestatuko dute Bigarren Hezkuntzako ikasleek zazpigarren urratsean. Eta, azkenik, zortzigarren urratsean, emaitza aurkeztuko dute. Bigarren Hezkuntzako ikasleek Elkarmaker proiektua bere osotasunean aurrera eramateko jarraitutako prozesua azalduko dute, ideia, maketa eta prototipo fisikoak ardatz izanik. Elkarmaker ekimenaren plazaratzea gizarte osoari zabalik egongo da, eta parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikasleei egongo da bereziki zuzendua.

ikastola 230
2018 Urria
230