IKASTOLA 230 > erreportajeak > Elkarrekin hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute ikastolek

Ikastolen 2018-19 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia

Elkarrekin hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute ikastolek

Hezkuntza Legea, euskara, inklusioa eta Seaskaren eta Frantziako gobernuaren arteko gatazka presente egon dira Ikasturte Hasierako Ekitaldian

Ikastolak elkarrekin eta elkarlanean ari dira hezkuntza paradigma berri bat eraikitzen.

Ikastolak elkarrekin ari dira hezkuntza eraldatzen, elkarrekin eta elkarlanean ari dira hezkuntza paradigma berri bat eraikitzen. Hezkuntzako etapa guztietan eta etapaz gaindiko alorretan ari dira eramaten eraldaketa hau, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz. Ikastolen talde izaera azpimarratu dute aurtengo ikasturte hasiera ekitaldian, eta horregatik aukeratu dute ekitaldiaren leloa ere: “Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen”. Eta hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, irailaren 22an, Atarrabiako Kultur Etxean egin zuten 2018-19 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian. Aretoa beteta zela egin zen ekitaldia, Euskal Herri osotik iritsi ziren ikastoletako ordezkariekin, eta gonbidatu ugarirekin. Besteak beste han izan ziren Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Maria Solana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Olatz Garamendi, Atarrabiako eta Burlatako alkateak, eta hezkuntzako, politikako eta euskalgintzako ordezkari ugari (ANEL, Mondragon Unibertsitatea, Kristau Eskola, LAB, Euskaltzaindia, EH Bildu, EAJ, Geroa Bai, Kontseilua, Euskarabidea, Elkar, Topagunea…) Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk ikastolen aurtengo erronken eta egitasmoen berri eman zuen bere hitzaldian. Ekitaldia Atarrabian izanik, Nafarroari buruz adierazi zuen ikastolen egonkortasuna eta etorkizuna ziurtatzea eta antolaketa ereduan, kooperatiba antolaketan, sakontzea izan direla urteetako helburu nagusiak. “Bi xede horiek ez ditugu alboratzeko, baina orain gure eredu pedagogikoa sendotu eta indartu nahi dugu. Eta horretan dihardugu: beste lurraldeetan bezala, Nafarroan ere, hezkuntza eraldaketa aurrera eramaten, curriculum ofizialetik harago joanez, ikastolen artean sareak ehunduz, eta nazioarteko elkarlan pedagogikoa sakonduz”, adierazi zuen Tellituk. Hezkuntza Legea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat ere hizpide izan zuen EHIko lehendakariak, urrian Eusko Legebiltzarra hasiko baita Jaurlaritzak igorritako dokumentua lantzen. Herri izaerari eutsiz, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta hezkuntza eragileak elkar hartuta bide egitera deitu zuen Tellituk, “jakinik lege horrek ez dituela bilduko bakoitzaren helburu eta nahi guztiak, baina, era berean, denok islatzen gaituen lege bat izan behar duela”. Adorez eta ausardiaz jokatzeko eta eztabaidatzeko unea dela azpimarratu zuen, eta ikastolak prest daudela horretarako. Ikastolek, dituen gabeziak edukita ere, abiapuntu gisa ikusten dute Legebiltzarrera iritsi den eztabaidarako proposamena, ez helmuga gisa: “Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa ikusten dugu”. Izan ere, proposamenean ageri diren zenbait puntu arautzeko (hizkuntz ereduak desagertzea eta murgiltze eredua ezartzea, inklusibitatea, autonomia, ebaluaketa … ) ezinbestekoa da Hezkuntza Lege berri bat. Baita agertzen ez diren puntuak arautzeko ere (sistemaren osaketa, publikotasunaren definizioa, finantzaketa … ). “Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua” esan zuen, baina udazkenetik aurrera abiada biziago bat hartzeko itxaropena agertu zuen, “ezinbestekoa baitugu lege berri bat, Hezkuntza Sistema osatzen dugun sare guztiak bilduko dituena, gure ikasleen euskara maila eta beste hizkuntzena ziurtatuko duena, edota inklusioa bermatuko duena segregazioaren mehatxuari aurre egiteko”. Euskara Euskararen ezagutza mailaren joan den ikasturteko kanpo ebaluazioaren emaitzak ere hizpide hartu zituen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Kezka handia agertu zuen euskararen ezagutza maila jaitsi egin delako ikasleen artean, eta hizkuntza ereduen sistema amaitzeko aldarrikatu zuen, “benetako murgiltze eredu baten alde”. Hori egiteko, ezinbestean, Hezkuntza Lege berri bat behar dela azpimarratu zuen. Ikastoletan ere ikasleen euskararen ezagutza maila jaitsi egin dela aitortu zuen Tellituk, baina kanpo faktoreen ondorio izan dela azaldu zuen. Dena den, urteetan arrakasta handia izan duen ikastolen hizkuntza proiektua gaurkotu beharraz mintzatu zen, eta esan zuen dagoeneko ari direla horretan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, eta aurten bertan hasiko direla aplikatzen. Euskarari gagozkiolarik, Ikastolen Elkarteko lehendakariak gogorarazi zuen “euskal erdian” ez dela ofiziala gure hizkuntza. “Iparralde osoan gabezia hori erabatekoa da. Nafarroan, berriz, non bizi zaren zure hizkuntza eskubideak bermaturik izango dituzu, edo ez”. Aipatu zuen ekitaldia egin zen astean bertan Nafarroako Legebiltzarrean izan zirela ikastoletako ordezkariak zonifikazioak izan dituen eragin gogorrak azaltzen, ofizialtasuna lurralde osora hedatu behar dela aldarrikatzen, Euskararen Lege berri bat premiazkoa dugula exijitzen. Nafarroako Gobernuari ausardia eta alderdiei akordioa eskatu zien Tellituk, euskara ofizial izan dadin Nafarroa osoan. Urriaren 27an, berriz, Iruñeko karriketan nahi hori, aldarrikapen hori adieraziko dutela gaineratu zuen. Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitarte egingo den Euskaraldia ere aipatu zuen, eta ikastolak ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ izango direla hitz eman zuen. Inklusioa Joan den ikasturtean hezkuntza alorrean eztabaidagai nagusietako bat izan den eskola segregazioaren gaia ere hizpide izan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Berretsi zuen garaiz kanpo matrikulatzen diren ikasleen eskolatzean erabiltzen diren irizpideek eragozten dutela ikastolei dagokien atzerritar jatorriko ikasleen kopuruetara iristea. Arrazoi nagusietako bat hori dela, Eskolatze Batzordeek (Jaurlaritzaren pean dagoen eta teknikariz osaturik dagoen organoak) matrikulazio arazoak dituzten ikastetxeetara bideratzen dituztela ikasleok. “Batek baino gehiagok oker genbiltzala esan ziguten”, esan zuen Tellituk, baina erantsi zuen: “Ba al dakizue zenbat ikasle matrikulatu ziren iazko ikasturtean epez kanpo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? 4.000 inguru. Eta horietatik zenbat bideratu zituzten ikastoletara? Berrehun bat”. Horregatik, azaldu zuen Eskolatze Batzordeek ezin dutela jarraitu aipatutako irizpidearekin, alegia, ikastetxe guztiak hartu behar dituztela aintzat, banaketa orekatuagoa izan dadin, segregaziorik egon ez dadin. “Eta hezkuntza eragileok ere egon behar dugu Eskolatze Batzordeetan, ez soilik teknikariek”. Gai honi erantzun oso bat emateko berariazko lege bat egin beharrean Hezkuntza Lege berri bat behar dela defenditu zuen, eta Hezkuntza Sailak aste horretan esandakoari ongietorria eman zion (Hezkuntza Legearen barruan emango zaiola erantzuna). Hezkuntza legeari itxaron gabe, ordea, ikastolek urratsak egiteko asmoa dutela adierazi zuen Tellituk: “Iragan maiatzean eta ekainean eskualdez eskualde bildu ginen, besteak beste, gai hau aztertu eta denon artean proposamenak lantzeko. Udazken honetan plazaratuko dugu gure proposamena”. Seaskaren egoera Ikasturte hasiera hau berezia izan baldin bada, hori Seaskarentzat izan da batez ere. Egoera gazi gozoa bizi dute, ikastolak etenik gabeko hazkundean baitira, baina, era berean, Frantziako Gobernuak jartzen dizkien oztopoei aurre egin beharrean baitira. Seaskako hezkuntza komunitatea borrokan ari da Parisek eman nahi ez dituen irakasle postuak lortzeko (25 aurtengo ikasturtean). “Metropolitik periferia gobernatzen dabilen kolonialista baten gisan ari da jokatzen Macron presidentea Seaskarekin”, salatu zuen Koldo Tellituk, “baina jakin behar du ez duela ikastolen mugimendua itoaraziko”. Eta hau erantsi zuen: “Sufriarazi gaitzake, une gogorrak igaroarazi ere bai, baina ikastolen mugimenduak tinko eutsiko dio erronkari, eta eutsiko diogu tokiko erakundeen inplikazioa bultzatuz, Euskal Herriko administrazioen konplizitatea eta euskal herritarren sustengua bilatuz, eta, nola ez, ikastolen eta ikastola komunitatearen elkartasun mekanismoen bitartez”. Iparraldeko ikastolen borroka aspaldikoa da. 2019an Seaskak 50 urte beteko ditu, eta etengabeko borroka izan da mende erdi honetakoa. Borroka horren adierazle den familia bereko hiru belaunaldi igo ziren oholtzara: Seaskako lehen andereñoa izan zen Libe Goñi, bere alaba Irati Salaberria-Goñi gaur egun Seaskako irakasle dena, eta Lore eta Maiana bilobak ikastolako ikasle direnak. Haiek azpimarratu zuten, une gogorrak bizi arren, ikastolak inoiz baino indartsuago daudela Iparraldean (36 ikastola eta ia 4.000 ikasle), eta tinko eutsiko diotela. Paz de Ziganda ikastolako ikasleak Ekitaldia Atarrabian egin zen, eta bertako Paz de Ziganda ikastolako ikasleak ere protagonista izan ziren ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian. Ikastolako abesbatza eta dantza taldea arduratu ziren ekitaldiari ukitu ludikoa emateaz, eta gogotsu jardun zuten taula gainera igo ziren 50 ikasleak. Abesbatzak ‘Txoriak txori’ eta ‘Xalbadorren heriotzean’ abestiak kantatu zituen, eta dantzariek, berriz, Nafarroako bi dantza ezagun dantzatu zituzten. DESPIEZEA Ikastolei aitortza, Nafarroako erakundeen aldetik Ikastolen 2018-19 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldiak berrikuntza nagusi bat izan zuen: lehenbiziko aldiz, Euskal Herriko ikastolek Nafarroan egin zuten ikasturte hasierako ekitaldia. Eta ez zen oharkabean igaro gertakizun hori. Hedabideek azpimarratu egin zuten, eta baita ekitaldian parte hartu zuten zenbaitek ere. Ikastolak hezkuntza eraldatzen ari dira, eta Nafarroan aldaketaren garaiaz mintzo dira. Ekitaldia lehenbiziko aldiz Nafarroan izateaz gainera, lehen aldiz hartu zuen parte bertan, Nafarroako Gobernuko ordezkari batek. Maria Solana Hezkuntza kontseilaria han izan zen, eta hitza ere haratu zuen. Bere hitzaldian, ikastolek Nafarroan egindako lanaren aitortza egin zuen Solanak. “Ikastolak izan dira aitzindari alor askotan, eta erreferente ere bai gutariko askorentzat. Nafarroa bizitzen ari den eraldaketaren parte gara guztiok, eta ikasturte hasiera ekitaldia Nafarroan egin nahi izatea ere horregatik dela pentsatu nahi dut. Euskarazko irakaskuntza badelako Nafarroako eraldaketaren ezaugarri: euskaraz ikasi, bizi eta lan egin nahi badugu, ezinbestekoa delako euskarazko irakaskuntza sustatzea eta balioan jartzea. Horrekin gaude konprometituak eta horregatik ere bagaude gaur hemen”, adierazi zuen. Hezkuntza sisteman Nafarroak aurrera egiteko ikastolak ezinbesteko direla, gaineratu zuen; “gurekin batera nahi zaituztegu”, azpimarratu zuen. Ez zen izan erakundeen aldetik ikastolek jaso zuten aitortza bakarra. Atarrabiako alkate Mikel Oteitzak ere esker oneko hitzak adierazi zizkien bai Paz de Zigandari eta baita ikastola guztiei ere. Paz de Ziganda ikastolak 50 urte bete dituela eta, zorionak eta eskerrak eman zizkion. “Euskara, euskal kultura, kooperatibismoa, hezkuntza eredu propioa, IKTak, konpetentzietan oinarritutako pedagogia… ezaugarri garrantzitsuak dituzue ikastolok. Eta eskerrak eman nahi dizuet euskara eta euskal kultura eta euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osora zabaltzeko egiten ari zareten lan handiagatik”, esan zuen Oteitzak. ARGAZKIERREPORTAJEA Irailaren 22an Euskal Herri osotik iritsitako ikastoletako ordezkari andana bildu zen Atarrabian, Ikastolen 2018-19 ikasturtearen hasiera ekitaldian. Haiekin batera, gonbidatu ugari bertaratu ziren. Hantxe izan ziren, besteak beste, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria eta Olatz Garamendi Hezkuntza sailburuordea buru zituztela, Atarrabiako eta Burlatako alkateak, Nafarroako kooperatiben ANEL elkarteko ordezkariak, Mondragon Unibertsitatekoak, Kristau Eskolakoak, Kontseiluko eta Euskaltzaindiko ordezkariak, baita Topagunea, Elkar eta Euskarabideakoak, EH Bildu, Geroa Bai eta EAJko ordezkari politikoak eta LAB sindikatuko ordezkariak ere. Irati Sarasua Arabaolazak egin zituen aurkezle lanak taula gainean, eta ederki gidatu zuen ordubeteko saioa. Eta Paz de Ziganda ikastolako ikasleek osatutako abesbatzak eta dantza taldeak ikuskizun dotoreak eskaini zituzten. ENTRESAKAK Hezkuntza Legea: Herri izaerari eutsiz, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta hezkuntza eragileak elkar hartuta bidea egitera deitu dute ikastolek, “jakinik lege horrek ez dituela bilduko bakoitzaren helburu eta nahi guztiak, baina, era berean, denok islatzen gaituen lege bat izan behar duela”. Euskara: Ikasleen euskara maila ziurtatzeko hizkuntza ereduen sistema amaitzeko aldarrikatu dute ikastolek, “benetako murgiltze eredu baten alde”. Seaska: Seaskak 50 urte daramatza borrokan, Iparraldean euskarazko irakaskuntza bermatze aldera. Borroka horren adierazle den familia bereko hiru belaunaldi igo ziren oholtzara: Seaskako lehen andereñoa izan zen Libe Goñi, bere alaba Irati Salaberria-Goñi gaur egun Seaskako irakasle dena, eta Lore eta Maiana bilobak ikastolako ikasle direnak

ikastola 230
2018 Urria
230