IKASTOLA 228 > ikastolak > Ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa jolastokia amesten egitasmoan

Kurutziaga Ikastola, Durango

Ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa jolastokia amesten egitasmoan

Komunitate osoarentzat izan da aberasgarria

Kanpo espazioaren ordenazio berriaren oinarriak fundamentuz ezartzen lagundu digu.

Jolastokia Amesten deitu genion ikastolako kanpo espazioaren ordenazio berriaren proiektuari (10.000m2 dira guztira). Proposamen integratu, parte-hartzaile eta berritzaile bat osatzea zen helburua. Hiru fasetan gauzatu zen: 1. Behaketa Ikasleak jolastokira irten ziren hainbat gai galdera bitartez lantzera, aldi berean ikasleen begirada kritikoa landuz: estetika, segurtasuna, eskaintza aukera, hezkidetza… Ondoren gelan bateratze-lana egin zen esandakoak horma-irudi batean batuz. 2. Hausnarketa Behaketan jasotakoagaz jolastokian bertan elkartu ziren ikasleak gai konkretuei buruz hausnarrean aritzeko: ume txikientzat ba al dago leku aproposik? Neskek eta mutilek espazioaren erabilera bera egiten al dute? 3. Proposamenak Aurreko bi pausoak beteta, zelako jolastokia gurako luketen amesteari ekin zioten. Zer aldatu, zer jarri... Proposamenak horma-irudi batean jaso eta jolastokiko planoak eta maketak egin zituzten gero. Hezkidetza erdigunera Ikastolaren hezkuntza proiektuaren erdigunean dago hezkidetza eta gure ametsetako jolastokian ere hala izatea gura genuen. Ikasleei galdetu genien ea non jolasten ziren eta non ez. Galdetegiaren emaitzekin mapeo bat egin genuen eta ikerketek diotena gure ikastolan ere gertatzen zela berretsi genuen: mutikoek erdigunea okupatzen zuten eta neskatoek ertzak. Ametsetik errealitatera Jolas tokia Amesten prozesu parte-hartzailea ikastolako komunitate osoarentzat izan da aberasgarria eta, bide batez, kanpo espazioaren ordenazio berriaren oinarriak fundamentuz ezartzen lagundu digu. Alde batetik neska-mutikoak aukera berdintasunean jolastuko diren espazio bat daukagu. Bestetik, naturagaz harremanean, ikerketa eta esperimentazio gune bilakatu dugu jolastokia. Eta amaitzeko, halako eraldaketa bat egiteko ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa dela ikasi dugu.

 

ikastola 228
2018 Apirila
228