IKASTOLA 227 > ikastolak > Baserritar Jantzien lehiaketaren 1.edizioa Santo Tomas Egunean

Axular Lizeoa, Donostia

Baserritar Jantzien lehiaketaren 1.edizioa Santo Tomas Egunean

Axular Gero Dantza Taldearen eskutik

Datorren urteari begira, 2.edizioaren zain.

Gero Axular Dantza taldeko arimak Gurutze eta Juan Luis Unzurrunzaga ezagututa erraz ulertu daiteke Santo Tomas Egunerako Baserritar Jantzien lehiaketa antolatzeko prest izana, Donostiako Festak elkartearekin batera. Hain txukun, hain zehatz, mimoz zaindutako jantziak josten eta bultzatzen dituztenez, ez da harritzekoa halako egitasmo batean parte hartu izana. Balorazio oso ona egin dute, datorren urteari begira, 2.edizioaren zain.

Diario Vascon irakurri dugu Aingeru Mungiak idatzitakoa: “Santo Tomaseko ferian lehiaketa berri bat inauguratu zen atzoko egunarekin zeinetan zuri-beltzez jantzitako bi partaidek irabazi zuten saria, hain zuzen, Edurne Erkizia eta Xabier Erauskin izan baitziren helduen txapeldunak. Gipuzkoako plazan antolatu zen ekitaldia, Anjel Alkain aktorea izanik aurkezle. Epaimahai lanetan Xabier Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakaria eta Ane Martinez Gero Axular taldeko arropa diseinatzailea. Desfiletan bezala, pasarelatik mugitu ziren parte hartzaileak”.

Bi kategoria ziren 12 urte baino txikiagoentzat; 13tik gorakoentzat, neska mutilak berezituta. Esan behar da, emakumeen presentzia hirukoitza izan dela aurten. Mendizabalek adierazi zuenez “kontrastea behar da mediak eta alpargataren artekoa; eta mantalen kasuan bezalaxe, apaindura gutxi behar ditu. Gona luzeak, eta zapiak sorbalda ongi bete behar du. Buruan zapia jantziz gero, ez du oso aurrean egon behar; eta zapirik jantzi ezean, ileak mototsean bilduta, sarerik gabe. Garai batean zapi zuriak esan nahi zuen emakumea ezkondua zela. Gizonezkoen kasuan, prakak ilunak edo marradunak; gerrikoa itxita, litsik gabe. Alkondara apaindua izanez gero, aurretik bakarrik apaingarriak, eta horiek gutxi. Gizonek ez dute zertan zapirik; eta txapela, beti, beltza”.

Arauak hobekien bete zituztenen artean Xabier Erauskinek eta Edurne Erkiziak jaso zuten saria. Biak zuri-beltzez jantzirik, kolorerik gabe. Xabierren seme-alabak, Irune (3. Saria) eta Beñatek (2. Saria) irabazi zuten txikien oroigarria; Mikel Sayar-ek eta Haizea Burguera-k irabazi zuten txikien mailakoa; denak dotore jantzita eta dotoreziaz ibilita.

Hau da Gero Axular Dantza taldearen balorazioa: “Oso balorazio ona egiten dugu, entzun ditugun kritikak oso onak izan baitira. Baserritar janzkera bultzatu behar dela, eta ekimen hau oso aproposa ikusten dela azpimarratu baitigute. Hasteko, kuriositatea nabaria zen, zer dela eta, zein ideia ona. Adin guztitako ikusleak hurbildu ziren desfile oholtza ingurura; horrek animazioa ekarri zuen!”
“Egindakoarengatik pozik gauden arren, lehen aldia izanik kontuan hartuta, datorren urteari begira badugu zer hobetu. Hobekuntzak identifikatu ditugunez, errazagoa izango zaigu antolaketa. Egia esanda, aurten horretarako izan dugun denbora gutxia ikusita, datorren urteko Baserritar Jantzien lehiaketaren 2.edizioa primerakoa izango da. Espero dezagun gizonezkoen presentzia ere handituko dela, aurten heldu eta haurren artean 11 lehiakide izan baitira; emakumeena, aldiz, hiru bider handiagoa, guztira 35 neska eta andre aurkeztu baitziren” esan zigun Gurutzek.
 

ikastola 227
2018 otsaila
227