IKASTOLA 227 > ikastolak > Kulunkan: Hizkuntz ohiturak barneratu jolasen bitartez

Pasaia-lezo Lizeoa

Kulunkan: Hizkuntz ohiturak barneratu jolasen bitartez

HHko eta LHko ikasleen arteko harremana indartzen ari da.

Familiak eta ikastola elkarrekin ari dira.

Hirugarren urtez jarraian, Pasaia-Lezo Lizeoa Kulunkan egitasmoa garatzen ari da Haur Hezkuntzan. Hizkuntza ohituretan eragitea da proiektuaren helburua, modu xumean baina eraginkorrean, eta familia eta ikastola elkarlanean arituz. Nola? Jolas edo erronka modukoen bitartez, euskararen aldeko urrats txikiak egiteko aukera eskainiz, batetik; eta familia bakoitzaren euskara mailari egokituz, bestetik.

Erronkaldiak iraun bitartean, ostiralero esaldi bat banatzen zaio sendi parte hartzaileari, esaldi hori ohitura bihurtu eta, hala, familiaren hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz. Asteartero, berriz, jolas bat proposatzen zaio familiari, seme-alabarekin batera egitekoa.

Proposaturiko ekintza oro, dela jolasa dela ohituren esaldia, ebaluatu egiten da ondoren, betiere, familien parte hartzearekin.

PROIEKTU BERRITZAILEA

Proiektu berritzailea da Kulunkan, Pasaiako Udalak diruz lagundurikoa. Eta Lizeoak 2016-2017 ikasturtean jarri zuen abian, Antxoko ikastolako urtebetekoen taldeetan, modu pilotuan. Iaz, berriz, 2 urteko gelako familiak izan ziren proiektuaren partaideak, baina Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek ere egitasmoaren garapenean lagundu zuten.

Orain bi aste hasi zen ikasturte honi dagokion lehen erronkaldia, urtarrilaren 12an, eta otsailaren 9a bitarte iraungo du. Batetik, 2 urteko ikasleen sendiei informazioa banatu zitzaien. Bestetik, iazko esperientzia positiboa gogoan, egun horretan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak 2 urtekoen geletara joan ziren, barrutika, eta ikasle heldu bakoitzak pin edo txapa bana oparitu zion ikasle gazteenari. Beraiek egin eta koloreztatutako pinak dira, 2 urteko baten argazkiarekin eta Kulunkan-en logoarekin.

Horrez gain, jolasak, denbora, elkarrizketak eta hamaiketakoa ere elkarbanatu zituzten, giro goxoan eta atseginean.

ABERASGARRIA

Senidetza moduko edo ikasle txikiena babesean hartze hori, oso polita da, baina, batik bat, oso aberasgarria, beren barrutiko kaleetan –eta hortaz, ikastolatik kanpo– harreman berriak sortzeari bide ematen diolako, betiere, euskara ardatz hartuta. Eta horren erakusle, Lizeoko HHko hezitzaileek kontaturikoa: “Jakin badakigu aurten LHko 4. mailan dauden ikasleak 3 urtekoengana hurbiltzen direla maiz. Hots, iragan ikasturtean bikotekide edo senide izan zituzten ikasle txiki horiengana. Umeak oso gustura joaten dira, eta ikasle gehienak oso ongi gogoratzen dira beren txikiekin. Primeran zaintzen dituzte!”.

Proiektuaren bitartez, beraz, HHko eta LHko ikasleen arteko harremana ere indartzen ari da.

 

 

ikastola 227
2018 otsaila
227