IKASTOLA 227 > ikastolak > Tafallako Ikastolak Eskola jasangarrien egiaztagiria jaso du

Garces de los Fayos Ikastola, Tafalla

Tafallako Ikastolak Eskola jasangarrien egiaztagiria jaso du

Hezkuntza Departamenduko Ingurumen Batzorde Teknikoaren eskutik.

Nafarroako Eskola Jasangarrien egiaztagiria jaso dugu.

Estatu mailan ESenRED partaidea izanik azken urteotan egindako lanaren aitorpen gisa, Nafarroako Eskola Jasangarrien egiaztagiria jaso dugu Hezkuntza Departamenduko Ingurumen Batzorde Teknikoaren eskutik. “Inguru giro heziketa gure curriculumean txertatuta dugu ikastolan, jarrera arduratsua bultzatuz, konpetentzien bidez hausnarketa, ebaluazioa eta konponbidea sistematizatuz. Hasieran, hiru urtetarako helburu nagusiak finkatuta genituen, orain urtekoak egiten ditugu.. Txoko Berdea du taldeak izena, martxa handikoa da!”

Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarea, ESenRED, Espainiako Estatuko jasangarritasun ikastetxeen sarearen barne dago, eta administrazio publikoek (autonomia erkidegoak, udalak eta abar...) sustatzen dute. 2012-2013 ikasturtean sortu zen sarea, eta xede du ikastetxeen eguneroko dinamikan hainbat departamenturen perspektibek bat egitea, hala nola, Hezkuntza eta Ingurumen departamentuen artekoa.

Hamabi autonomia erkidego dira jada proiektu honetan parte hartzen dutenak. Gure ikastola partaideetako bat izanik, azken urteotan egindako lanaren aitorpen gisa, Tafallako Ikastolak Nafarroako Eskola Jasangarrien egiaztagiria jaso dugu Hezkuntza Departamenduko Ingurumen Batzorde Teknikoaren eskutik.

Egitasmo honen helburu nagusia da gure hezkuntza jardunari koherentzia ematea, bai ingurunearen ikuspuntutik, bai gure hezkuntza komunitatearen parte hartzearen aldetik, horietan herriko Udaletxea eta herria bera inplikatuz. Ondorioz, ikastolako eta bere hurbileko ingurugiro egoera hobetzen saiatzen gara, bien arteko elkar lanari aukera emanez.

Aldi berean, gure xedea izan da  inguru giro heziketa gure curriculumean modu egokian uztartzea. Ikastola osotasunean aztertu dugu, gure ikasleak inplikatuz arazoen hausnarketan, eta horiek aintzat hartu ondoren, konponbideak proposatzen eta martxan jartzen ahalegindu gara.

Iraunkortasunaz gain, eta konpetentzien bidez, gure ikastetxea berrikuntza, kalitatea eta garapen curricularrean interesatua dago.

Lan hau gidatu duten hiru ardatz nagusiak hauek dira:

1. Aurrera eramaten diren ekintza guztietan inguru giroarekiko babesa eta zaintza presente izatea, kudeaketa jasangarria, parte hartze demokratiko eta curriculum berrikuntzaren bitartez. Oinarrizko gizarteak, ekonomiak eta inguru giro zerbitzuak pertsonaren bizimoduaren maila hobetu duten arren, natur ingurumenarekiko gaitasuna zaintzea dagokigu. Hartara, bihar-etziko belaunaldiek ez dute ondorengotzat ingurua agortuko.

2. Egiten diren ekintzak sistematizatzea, egitasmoari koherentzia eta indarra emanez.

3. Gai guzti horiek bideratzeko ikastolan, Txoko Berdea lan taldea sortu genuen. Lan talde hau Eskola Iraunkorren Sarean (ESenRED) sartu zen duela hiru ikasturte, hau da 2014an. Sare honen asmoa da biltzea ingurumenaren inguruan lanean ari diren hezkuntza zentroak. Argi baitago ikastetxeetan paper garrantzitsua jokatzen dugula horrekiko, hain zuzen, jarrera arduratsua bultzatzeko.

Hau dena lortzeko eguneroko jardueran hezkuntza komunitatean hausnarketa, ebaluazioa eta berrikuntza bultzatu ditugu.

HIRU URTETARAKO PROPOSATUTAKO PROIEKTUAREN HELBURU NAGUSIAK

 1. Etapa desberdinetako curriculumean ingurumen heziketa ekintzak txertatzea.

1.1.   Oinez Basoan landaketa egitea

1.2.   Oinez Basoari buruzko hitzaldia antolatzea

 “C atmosferikoko bahiketaren ebaluazioa eta Tafallako Oinez Basoaren ingurune onurak”  Hizlaria: Iñigo Virto - Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lurzoruaren Kudeaketaren eta Erabilera Iraunkorreko taldeko kidea da.

 1.3 Ezkurrak jasotzea aurtengo neguan,  2016ko udan Tafallaldean erre zen lur eremuko zati batean landatzeko.

 1.4  Confint egitasmoan parte hartzen jarraitzea

“CONFerencia INTernacional de jóvenes por el planeta” da Confint.

•Ingurumen hezkuntzako prozesu bat da

•Munduko gazteak planetaren alde jartzeko prozesua

•Xedea izanik: PLANETA ZAINTZEA
Helburua du Planetaren alde konpromisoak hartzea.

•Jasangarritasuna, Justizia soziala, Bake kulturala, Aniztasuna, Prozedura suspertuz.

Tafalla Ikastolako DBHko 3. mailako ikasleek parte hartu dute. Confint zer den azaldu eta parte hartzeko gogoa erakutsita,  lan egiteko konpromisoa hartu baitzuten.

Bi urte hauetako esperientzian oinarrituta, beste modu batera antolatzea proposatu dugu aurten. Hartara; DBH osoko ikasleei “talde berde” bat sortzeko aukera eman zaie. Hortaz, maila guztietako 21 ikaslek eman dute izena eta lehengo hiruhilekoan taldeari gorputza emateko lanetan ibili dira, logoa, leloa eta aurkezpena testutxoa sortuz. 

1.5   Zuhaitzaren eguna parte hartzea

2014/15 eta 2015/16 ikasturteetan, Ikastolan bertan ospatu genuen. 2016/17 urtean berriz, Udaletxetik herriko eskola guztientzat antolatutako ekimenean parte hartu dugu.

1.6  Inguru giroaren egunarekin bat egitea

 2014/15 ikasturtean gaiaren inguruko spot bat egin genuen.

 2.  Ikasleen gaitasunak areagotzea inguruarekiko erabaki egokienak hartzeko, eta inguru hurbileko hobekuntza prozedurak martxan jartzeko.
2.1 Konpetentzietan oinarritutako Bateratze Lana

Egitasmo pedagogiko bat da derrigorrezko eskolaldiaren curriculuma eguneratzeko oinarrizko konpetentziak txertatzen dituena.

3. Ikasleengan, familiengan eta hezkuntza komunitatearengan bizimodu jasangarrirako jarrera baikorrak sustatzea.
3.1 Ekoart
Ekoart proiektua 2010ean jaio zen, Ikastolart proiektutik datorrena. Gure Ikastola, “Eskola Iraunkorren Sarean” sartu zenetik proiektuak Ekoart izena hartu zuen. Ekoart-ek du helburu gela barruan material birziklatuarekin sortutako artelanak plazaratzea; eta, aldi berean, ikasleen sormena lantzea, baita taldeko lana bultzatzea. Izan ere besteen lanekiko errespetua, baita inguruarekiko errespetua ere, mugimendu artistikoak dira, artista desberdinak biltzen dituena, eskulanetatik pixkatxo bat urrundu eta arte lanetara hurbiltzen dituztenak. Azken finean nahi dena da eginez eta ikasiz gozatzea, eta proiektuaren partaide eta protagonistak beraiek izatea.

3.2 Baratza
2016ko udaberriarekin batera, Ikastolako baratzarekin hasi ginen lanean.

4. Gure Ikastolako ingurua hobetzeko seguritate, begirune eta osasun neurriak sortzea.
4.1 Birziklapen txokoa
Ikastolako geletan papera eta plastikoa bereizten dira eta ikastolako hainbat tokitan organikoa ere bai. Aldi berean, patioan  paperontzi bereziak ditugu organikoa, plastikoa zein papera bereizteko.
Gainera, “berziklapenaren txokoan” geletako papera biltzen eta zenbatzen da, baita plastikoa ere. Gero zenbaketa horiek informazio erabilgarrian eraldatu eta eskola komunitateari komunikatzen zaizkio.  Eremu honetan Tafallaldeko Mairaga elkartearekin lanean aritu gara.

5. Irakasleei beraien proiektuak egiteko aukera ematea.

6. Egitasmo jasangarriak aurrera eramateko ingurumenarekin zerikusia duten erakundeekin harremanak izatea.
Ikasturte bakoitzean gutxienez behin Mairaga eta Udaletxeko arduradunekin bildu izan gara. Hori horrela, hainbat ekintza burutu ditugu elkarrekin: Izan  Zaborren kudeaketa,  Zuhaitzaren Eguna eta Bizikleta Eguna.

Balorazioa eta autokritika

Interesgarria da baloratzea zenbateraino ikasleek, irakasleek eta hezkuntza komunitateko gainerakoek hartu duten parte.

Eskola Jasangarrien hasi ginenetik hona partaidetza handitu dela esan genezake. Hala ere, ikastola osatzen duen komunitate osora heltzeko oraindik lana gelditzen zaigu.

Zaborren kudeaketa inguruan sentsibilizazio lanarekin segitzen dugu. Etengabeko lana dela uste dugu, egunerokoa. Irakasleak garrantzia handia du honetan eta gure klaustroa orokorrean kontzientziatua dago. Aspaldian hasi ginen papera geletan berrerabiltzen; eta azkenik birziklatzen dugu. Adibidez, fotokopietako erabiltzen dena ere birziklatua da. Plastikoa ere aparte sailkatzen dugu. Organikoentzat ere ontziak jarri ditugu. Hori guztiaren balorazioa ona dela deritzogu.

Birziklapena eta artea lotzen dituen EKOART proiektuan ikasleen parte hartze handia da. Hain handia non Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiek parte hartzen baitute!

Aldiz, Oinez Basoaren landaketan esku hartze desberdina izan zen. Ikasleekin egindako lanean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek parte izan zuten. Basoan egindako landaketan, ordea, familia guztientzat irekia izan arren parte hartze eskasa lortu genuen. Gauza bera esan dezakegu Oinez Basoaren inguruko hitzaldian zeinetan entzule gutxi izan baitzen.

Baratzaren proiektuan, hasierako lanetan guraso talde txiki batek lagundu zuen. Landaketan berriz, LH 3. mailatik 6. maila bitarteko ikasleak jardun zuten.

Bestalde, konpetentzietan oinarritutako Bateratze Lan bat egin da Lehen Hezkuntzako 4. mailan.

DBHko ikasleak CONFINT programan sartu dira, hain zuzen, 3. mailako ikasleak.
Argi dago ikasleek aktiboki parte hartzen dutela antolatzen ditugun ekintza ugarietan.

Agian orain gurasoei iristea da, bereziki, falta zaiguna. Alde batetik, egiten dugun lana ezagutaraztea, eta bestetik, haien inplikazioa lortzea. Oinez Basoaren inguruan antolatu diren bi ekintzetan oso parte hartze urria izan dute. Ondorioz, eta balorazio lez, hori hobetzen saiatuko gara!

 

ikastola 227
2018 otsaila
227