IKASTOLA 226 > ikastolak > “Extremely loud and incredibly close” Herbeeretan

RM Azkue eta Zubi Zahar ikastolak, Lekeitio eta Ondarru

“Extremely loud and incredibly close” Herbeeretan

Herbeeretako Silvode herrira joaten dira elkarrekin

DBH-4ko ikasleak ibiltzen dira batera eta bestera.

Zazpi eguneko bi txango dira, han eta hemen. Aurten 27 ikasle joan dira Lekeitiotik; eta 12 Ondarrutik, talde bakoitza bina irakaslerekin. Esperientzia oso ona izan dela, kontatu dute. DBH-4ko ikasleak ibiltzen dira batera eta bestera. Ikasturte hasieran egiten dute harremana, hasieran posta edo/eta watxaparen bidez, bakoitzak bere ezaugarriak adierazten, afinateak elkartuz “bikoteak” sortzen dira. Azaroan joaten dira euskaldunak hara; eta martxoan etortzen dira hangoak hona. 

Trukaketa hauen helburuak zehazterakoan, bata da eleaniztasunari begira ingelesa indartzea, aste osoan ingelesez “bizi” baitira. Bigarrena, lehena bezain garrantzitsua, elkarbizitzari lotua dena, harremanak egitea, beste kultura eta herria ezagutzeko bide. Hizkuntza erronka da, konturatutakoan komunikatzeko zer garrantzia duen ingelera ikasteak, horretan ahalegintzea. Ikasleek sentitzen dute ia dena ulertzen dutela, eta ohartzen dira pentsatzen dutena baino hobe moldatzen direla. Ez da gutxi!

Proiektu batekin joaten dira, proiektua aitzakia izanik taldeak egiteko, elkarrekin lanean jarduteko. Gai bati heltzen diote, azpigaietan sakonduz apur bat. Modu xumean egiten dute, lanerako 6ko talde txikiak osatuz, bi aldetako ikasleak nahastuta. Konparazioak egitea gustatzen zaie, han nola, hemen nola diren gauzak. Galdera pizten da, informazioa topatu behar dute, izan internetez, liburutegian, elkarrizketa bidez… eta konparazio batekin ondorio batzuk atera behar dituzte. Ondarrutarrak Europar Batasunarekin lotutako gaia aukeratu zutenez, ikasle batzuk La Hayaraino joan ziren informazio bila. Lekeitarrak gai filosofikoagoa zuten “Zerk egiten zaitu zoriontsu?”. Ondorioak taldean aurkeztu behar dituzte, guraso gonbidatzaileen aurrean, merendola baten aurretik.

Martxoan zein gai aztertuko duten galdetutakoan, oraindik erabakitzeko dutela adierazi dute, ikasleekin batera hartzen baita erabakia. Euskal kostan bizi izanik, sarri uraren inguruko gaia izaten da, adibidez, ura-energia lez hartuta, Mutrikura joaten dira… Baina, ziurrenik, zerbait aktiboagoa izango da hurrengoan, izan ere antzerkizaleak dira, dantzazaleak, abestea gustatzen zaiena… Ikasle guztiak hartzaile izan behar dute, euren familietan hartuko baitituzte hangoak, proiektu curriculumaren barnean baitago egitasmoa. Bizipena aberatsa da, Holandan euskaldunekin batera ere Frantziako beste talde bat egon da, baita Finlandiakoa, Poloniakoa /eta Hungariakoa. Esan nahi du sekulako martxa izan dutela!

Euskaldun ikasleak zein fama duten galdetutakoan “Extremely loud and incredibly  close” direla esan ohi da, hau da zarata handikoak baina hurbilak. Urtero gertatzen zaie martxoan hangoak hemendik alde egiten dutenean, zein balorazio ona egiten duten, zelako maitasuna jasotzen duten, zelako gertutasuna, zelako berotasuna bai ikasle eta familien aldetik, bai ikastolaren aldetik ere. Harritu egiten dira ikastola familia txiki bat dela sentitutakoa. Bai giro paregabekoa! “Hori bai, zeinen altu hitz egiten dugun, hizketan kantari nola ibiltzen garen ere azpimarratuta gelditzen da beti”.

Ohituren kontrastea da oso aberasgarria. Herbereetan familia asko banakako etxetan bizi da, gure kostan gertatzen ez dena. Han lagunekin elkartzeko edo eskolara joateko bizikleta hartu behar dute; hemengo plaza-hitzordurik ez dago, taldea elkartzeko askoz errazagoa da hemen han baino. Jateko ohiturak ere hain dira ezberdin! Otorduak eta jakiak diferenteak dira. Badago handik zer ikasia, adibidez, formatan eta eskerrak emateko orduan.

Aurten sorpresa ederra hartu dute, hemengo irakasleak hango irakasle jubilatu baten etxera gonbidatuak izan baitira aste osoan bere eremura. Hark Lekeitio ezagutu zuen, hiru urtez etorri baitzen eskola-trukean, eta maiteminduta dago hemengoekin. Horregatik bere etxean, bere emaztearekin batera hartu ditu beso zabalik harreman goxoa eginez. “Hori izan da guretzat bidaiaren plus-a” esan digute kontu-kontari!

ikastola 226
2017 abendua
226