San Benito Ikastola, Lazkao
Lazkaoko plazan kantu-jira antolatua
Ostiralero 10:45ean plazan hitzordua
Saio bakoitzeko, ikastolako talde desberdin bat ateratzen da plazara
San Benito ikastolako ikasle eta irakasleek euskal musika plazaratzen dute ostiralero, 'Euskaraz Bizi' programaren baitan martxan jarritako ekimen bati esker. Adin guztietako ikasleak, irakasleak eta baita plazara hurbildutako hainbat lazkaotar ere irteten dira herria euskaraz eta umorez jantziz.
Kantu saioak astero izaten dira. Ikastolako talde desberdin bat ateratzen da ostiralero plazara, maila bakoitzeko gela bakarrarekin, euskal kanta pare bat animatzen den ororekin abestera. Panderoa, soinua, atabala eta dunbala jotzen duten ikasleek eta herritarrek, ikastolatik plazara gidatzen dituzte aste bakoitzeko parte hartzaileak, kalejiran, eta saioa amaitzean berriro itzultzen dira elkarrekin ikasgeletara.
Ikasleen familia eta herriko erakunde desberdinak daude gonbidatuta ekimenarekin bat egitera baina, jakin, ostiraletan goizeko 10:45ean plazara abestera hurbildu nahi duen edonor izaten da ongi etorria.
Egun berezietan (Euskararen Eguna, Gabonak, Inauteriak, ikasturte amaiera..), maila eta talde guztiak elkarrekin irteten dira, baita plazara hurbildutako hainbat lazkaotar eta erakunde desberdinetako kideak ere.