Assa Ikastola, Lapuebla
NASAtik etorrita Josu Feijoo euskal astronauta ikastolan
NASAn egiten du lan
Hitzaldia ematera etorri da ikastolara.
Assa Ikastolako guraso bati esker, Josu Feijoo euskal astronauta Lapuebla de Labarcara etorri da eta bertan Lehen Hezkuntza 90 ikasle ingururekin batera hitzaldia eman du.
Hasiera Big Bangaren teoriarekin egin du sarrera, horri esker unibertsoan eta Esne Bidean gertatutako garapenak ulertzen laguntzeko, eta pixkanaka bere lanbidera hurbildu da astronauta baita bera. Astronauta izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ezinbestean pasa beharreko hainbat azterketa egin ondoren, Josuk azken hiru proba gainditu behar izan zituen. Bata da birak norabide ezberdinetan ematen dituen aulkiarena; bigarrena zentrifugagailuarena; eta, hirugarrena, ur-azpian arazo bat konpontzearena. Egia da, gure gasteiztarra ez dela makala!
Josuk aurrekoak gainditu, eta NASAn egiten du lan, bertan bera bezala 500 astronauta daudelarik. Esan bere lanarekin maiteminduta dagoelako lanak eraman duela Estatu Batuetara, Miamin bizi baita bere emazte eta alabarekin. Orain oporretan dagoenez izan dugu bere bisita. Laster bueltatuko da, urtebete prestatzen ibiliko da eta pentsatzen du bi urte barru Nazioarteko Espazio-Ontzira joateko aukera izango duela!!
Ikasleek galderez josi dute gure gonbidatua eta horien artean galdetu diote: zer jaten duzu? Komunean nola moldatzen zara? ... Eta noizbait kanpora atera zara espazio-ontzitik? Berak ezetz erantzun du, oso arriskutsu baita hori egitea dagoen erradiazioarengatik, minbizia izateko arrisku handia dutelako.
Eskerrak eman behar zaizkio Josuri, etengabe hitz egiten jardun duelako, ikasleengandik hurbil, galderak erantzuten. 90 minututan zehar beste horrenbeste ikasle adi-adi harrituta egon dira berak esaten zuena entzuten. Zorionak luzatu nahi dizkiegu ikasleei erakutsi duten arretarengatik. Ziur gaude ikasle batek baino gehiago amestuko zuela Josu bere lagunekin espazio-ontzian nola bidaiatzen duten izarren artean…
Hurrengo batean ikusiko zaitugu, Josu, Arabar Errioxako zeruetan espazio-ontzi batean munduari begira izarrak aztertzen eta hainbat galderari erantzuna topatzen … segi horrela!!