Iñigo Aritza Ikastola, Altsasu
DOH2 unitatea D ereduan eskuratzen lehen zentroa
Iñigo Aritza Ikastola aniztasunaren gaia
Iñigo Aritza Ikastola aniztasunaren gaiaren trataeran aitzindaria.
Iñigo Aritza Ikastola aniztasunaren gaiaren trataeran aitzindaria izan dela esan dezakegu. Egitasmoak ibilbide luzea du. 2009an Transizio Gela lortu zuen, ikastolan zeuden aniztasun beharrei erantzuna modu egokiagoan emanez. Mota honetako gela lortu zuen lehen ikastola izan zen, Sakanan lehen erreferentea bihurtuta. Ikastolako ikasleak hartzeaz gain, zonaldeko beste ikastetxeetatik etorritako ikasleak ere jasotzen ditu orduz geroztik.
Transizio Gelan azken urteetan aritu diren Lehen Hezkuntzako ikasleei erantzun egokiena eman nahian, aurtengo ikasturtean DOH2 unitatea (Derrigorreko Oinarrizko Hezkuntza 2) sortu da. Hau lortzea, ez da erraza izan, baina CREENA eta Hezkuntza Departamentuarekin batera egindako elkarlanari esker ikasturte honetan gauzatu ahal izan da.
Gela honek Lehen Hezkuntzako Transizio Gelako egituraren eredua jarraitzen du, baina tailerrek eta proiektuek garrantzi handiago hartzen dute. Une honetan aurrera eramaten ari diren tailerrak bi dira: baratza eta edizioa. Baratza proiektuarekin iaz hasi ziren eta unitate honetako ikasleen eginbeharretako bat gela barruko zein kanpoko loreontzien kudeaketa izan da.
Transizio Gelako zein DOH2 unitateko ikasleak adin bereko ikaskideekin hainbat saio izaten dituzte, hala nola, teknologia, plastika edota soin heziketa. Horrez gain, ikastolako jarduera orokorretan parte hartzen dute (autobusak, atsedenaldiak, jaialdiak, txangoak, Euskararen Eguna, eta bestetan ere).
Inklusioari begira, unitate honen lorpena aurre-pausu handia da hezkuntza komunitate osoarentzat. Iñigo Aritza Ikastolak bere hezkuntza eskaintza zabaltzen du, eta Transizio Gelako zein zonaldeko ikasle eta familiei aukera ematen die Derrigorreko Hezkuntza osoa ikastolan bertan egiteko. Eskaintza hau lortu izanak Derrigorreko Hezkuntza osoa burutzeko aukera eman die familia eta ikasleei euren inguruan bertan, Altsasun, euskaraz ikasteko, betiko irakasle eta ikaskideekin. Iñigo Aritza Ikastolak unitate hau lortu izan ez balu, ikasle eta familia horiek izanen luketen aukera bakarra Iruñako zentro espezifiko batera jotzea litzateke. Eskaintza hau zonaldeko beste ikasleei ere zuzenduta dago.
Inklusibitateak onura handia dakar ikastolako hezkuntza komunitate osoarentzat eta modu berean gure zonaldearentzat. Familiak eta Ikastolaren arteko elkarlana du oinarri eta Ikastolako estamentu guztien proiektua da.