IKASTOLA 225 > ikastolak > Udalaren laguntza eskertzekoa da

Urretxu Zumarraga Ikastola

Udalaren laguntza eskertzekoa da

2018ko Urriaren 7an ospatuko dute Kilometroak jaia

Ez dago zalantzarik ikastola gazte-gazte dagoela, bizi-bizirik. 

Urteak pasa dira Urretxuko egoitza berritu nahian, instalazioak zaharkituta baitzeuden, baina baliabide nahikorik ez obra erraldoia egiteko. Kointzidentziak elkartu dira eta lur sail baten salmentari esker ekin diote proiektuari, Kilometroak 2018ko atarian. Denbora eman dute ikastola berria zer izango zen diseinatzen. Hainbat ikastolarekin harremanetan izanik argi zuten Konfiantzaren Pedagogiaren ildotik joko zutela, hau da, Aranzadi, Txantxiku, Arizmendi, Laskorain eta beste askok bezala; eta pedagogia horrek behar zituen espazioetara egokituko zirela. Lehentasunetan zuten 0-6 ikasleentzat eraikuntza berritzea; baita ikastolaren sarrera-irteerak ere.

Zumarraga eta Urretxu bi udalen laguntza handia izan da; egoitza Urretxun izanik, udalaren inplikazioa espeziala izan da: lagapen akordio baten bidez utzi baitizkie Pasiotarrenak ziren lokal berri batzuk; eta ondorioz, ez dute bakarrik egoitza berritu; baizik eta handitzeko aukera ere izan dute zerbitzu orokorrak hobetzen, harrera gelak gehitzen eta areto nagusia egiten. Pasiotarrek udalaren eskutan utzi dizkiote; eta udalak ikastolari laga.

Apirilaren bukaeran, eguneroko martxa ez oztopatzeko, Pasiotarren aldetik hasi ziren obratan. Ekainaren 22an udako oporretako lehen egunean obra handiarekin jarraitu zuten, irailaren 7an ikastolako ateak zabaltzeko moduan izanik. Gelen hustuketa ikasleekin egin zuten ikasle-auzolan batekin; abuztuaren azken astean, gurasoekin eta irakasleekin gelak berriz bete dituzte maratoi baten abiaduran.

2018ko Urriaren 7an ospatuko dira Urretxu Zumarragan Kilometroak. Hirugarren aldia izango da: 1985ean, 2002an eta 2018an. Irrikan daude gauzak ongi egiteko. Maila erakutsi dute berriro ere, ez dago zalantzarik ikastola gazte-gazte dagoela, bizi-bizirik. 

ikastola 225
2017 Urria
225