IKASTOLA 225 > ikastolak > Ikastolen ELEANITZ PROIEKTUAren 25 urte

Oñatiko Txantxiku Ikastolak ospatu ditu

Ikastolen ELEANITZ PROIEKTUAren 25 urte

Ausartak, langileak eta aurrekariak izanagatik

Txantxikuarrek Eleanitz proiektuaren 25. urteurrena gogoratzeko ekitaldi berezia.

50. urteurreneko ospakizunetan ekitaldi berezia antolatu dute txantxikuarrek Eleanitz proiektuaren 25. urteurrena gogoratzeko. Horrelako ospakizuna besterik gabe pasatzen ezin zitekeela iruditzen zitzaigun, izan ere, Eleanitz proiektua ikastolen ikurra izan baita urte askoan! Aipatutako saio horretan, hasiera, garaia, zergatia, helburuak, hizkuntzaren trataera, metodologia, materiala eta beste hainbat arlo landu dituzte, bi mahai ingurutan. Lehen mahai ingurua sortzaileekin egin da; bigarrena, garaiko zuzendariekin eta irakasleekin. Tartean kantuak eta ikasle ohien “acting out” eta jokoak egin dira. A ze gozamena!

Ikastolen Elkarteak bultzatu zuen egitasmoa 1991-1992 ikasturtean. Xabier Garagorri aholkularia izan zen horren “errudunetako” bat. Horregatik, lehenengo mahai inguruan ondoko pertsona hauek elkartu zituzten: Garagorri bera, Itziar Elorza, Diana Lindsay, Inma Muñoa eta Kataluniako Jose Maria Artigal. Zein zen helburua? Hirugarren hizkuntzaren ikasketarekin, ingelesarekin, goiz hastea euskara ikastolako hizkuntza nagusi bihurtuta. Gogoan izan behar dugu orduan 12 urterekin hasten zirela ikasleak ingelesarekin; Eleanitz Proiektuarekin, ordea, lau urterekin. Salto handia zen hori, beldurrak eragiten zituena, baina laster frogatu zen hizkuntzak ez direla lehendabizi ikasten eta gero erabiltzen; erabileraren poderioz ikasten direla.

Zortzi ikastola elkartu ziren lehen promoziorako: Txantxiku, Zangoza, Jakintza, Paz de Ziganda, Ikasbide, Santo Tomas Lizeoa eta Urretxu, astean 4 aldiz, ordu erdiko ingelesezko klaseak ematen. Bigarren promoziorako baziren ikastola gehiago: Haztegi, Axular Lizeoa… eta urte gutxian zabaldu zen egitasmoa ikastolen talde osora.
 

ikastola 225
2017 Urria
225