IKASTOLA 224 > ikastolak > Eraikina pedagogia aktiboaren zerbitzura

Txintxirri Ikastola, Elorrio

Eraikina pedagogia aktiboaren zerbitzura

Nondik-lab arkitekto taldearekin ari dira lanean

Prozesu parte-hartzailea bultzatu dute.

Ikastolako espazioak ingurune hezitzaile bihurtzeko prozesua martxan jarri du ikastolak. Horretarako, prozesu parte-hartzailea bultzatu dute, ikastolako komunitate osoa inplikaturik. DBHko ikasleekin egindako saioetan, ikasleek zer gela eta nola ikasi nahi duten adierazi dute, ideia eta iritzi anitzak maketa desberdinetan antolatuz.  Nondik-lab arkitekto taldearekin ari dira lanean azken helburua gauza dadin, ikastolaren identitatea eta metodologiaren uztarketa. Epe luzerako plan-gidaria ere egiten ari dira, 0-6 bioeraikinaren bigarren faseak gune guztien berrantolaketak ekarriko baititu, baina irailean lehen urratsak ikusi ahal izango ditugu.

 

Irailerako, DBHko gelen antolaketa berria izango dute martxan eta datozen ikasturteetan emango dituzten urrats berrien plan gidariarekin jarraituko dute.

 

Txintxirri da beti erronka berrietan mugitzen den ikastola, inoiz ez geldirik dagoena, pedagogian hausnarketa handiak egiten duena baita.  Proiektu ezberdinak martxan dituztela 0-3 bio-eraikina egin zuten lehen fasean; dagoeneko bigarrenean sartzen ari dira, 3-6 bioeraikina altxatzeko. Baina obra horrek ikastola osoaren berrantolaketa dakar, gune guztiena. Egoera horrek erabaki handiak hartzera bultzatu ditu, adibidez, eraikin zentralean zer eta nola kokatu. Azterketa hori guztia egiteko plan-gidaria nahi dute, apurka-apurka gauzak egiten joango dira, betiere azken helburu horretara iristeko.

 

Plan-gidaria egiteko NONDIK LAB arkitekto taldearekin ari dira lanean, arkitektura pedagogikoan prozesu parte-hartzailea bultzatu dute ikastolan komunitate osoa inplikaturik. DBHko ikasleekin egin dute tailer bat zer gela eta nola ikasi nahi duten ezagutzeko; ideiak, iritziak eta nahiak bildu dituzte eta zenbait maketa ere. Irakasleekin ere bilera egin da, irakaste prozesuan zer nolako espazioak dituzten eta batez ere nolakoak nahi dituzten aztertzeko. Zuzendaritzarekin ere bilera egin da. Pedagogia aktiboa garatzeko ikastolako eraikina bidelagun bihurtzeko pausu sendoak ematen ari dira eta balorazioa positiboa egin dute, espero adineko parte-hartzearekin, ilusioa bizi baita Txintxirrin.

 

 

Irailerako, DBHko gelen antolaketa berria izango dute martxan eta datozen ikasturteetan emango dituzten urrats berrien plan gidariarekin jarraituko dute. Helburu argia da, ikastolako izaera, metodologia, identitatea eta espazioen arteko erlazioa sendotzea.  Horretan datza Elorrioko ikastolaren norabidea.

 

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224