IKASTOLA 224 > ikastolak > OROITZAPEN Jaialdia

Haurtzaro Ikastola, Oiartzun

OROITZAPEN Jaialdia

Ikastolaren 50.urteurrenaren harira

Urte osoa damakite ospakizunetan.

Bizipozez beteriko eguna izan da Oroitzapenen jaialdia. Ekitaldi instituzionalean, Haurtzaro Ikastolaren ibilbidea gogoratu eta une hunkigarriak bizi izan ziren 50 urteetako promozioetako ordezkariak argazkia ateratzeko oholtzara igo zirenean. Eguerditik aurrera, erakusketan, hainbat ikasle-ohik bere espediente akademikoko argazkiarekin egindako oroigarri-txartela jaso ahal izan zuen. Oroitzapenak berpizteko ariketa polita zen, ikasle-ohiak elkartu eta irribarre asko sortu zituena.

 

Bazkari herrikoia eta rratsaldean, kontzertu bikaina eskaini zuten Etiam, Kepa Junkera, Esne Beltza eta Alaitz eta Maider, Huntza eta Gozategi taldeek.

 


"Urte osoan zehar, hainbat ekintza antolatu dugu Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko.

 

Ikasturte hasieran, guraso-sortzaileei omenaldia egin genien, euskararen egunean Ikastolako lehen egoitza izan zenean plaka bat jarri genuen,  martxoaren 8aren bueltan "emakumea eta hezkuntza" hitzaldia antolatu genuen, martxoa amaieran bi mendi-martxa erregulatu eta Korrika-rekin batera bertso-bazkari herrikoia.

 

Ospakizunek goia jo zuten, maiatzaren 6an, ospatu genuen Oroitzapenen jaialdiarekin. Bizipozez beteriko eguna izan zen. Goizeko ekitaldi instituzionalean, Haurtzaro Ikastolaren ibilbidea gogoratu zen eta une hunkigarriak bizi izan ziren 50 urteetako promozioetako ordezkariak argazkia ateratzeko oholtzara igo zirenean. Eguerditik aurrera, jangela goiko aretoan atondutako erakusketan, hainbat ikasle-ohik bere espediente akademikoko argazkiarekin egindako oroigarri-txartela jaso ahal izan zuen. Oroitzapenak berpizteko ariketa polita izan zen, ikasle-ohiak elkartu eta irribarre asko sortu zituena. Eguerdiko bazkarian 500 lagun inguru elkartu zen frontoian eta, amaieran, Oroitzapenen Lehiaketako zozketa egin zen. Arratsaldean, askoren oroimenean geratuko den kontzertu bikaina eskaini zuten Etiam, Kepa Junkera, Esne Beltza eta Alaitz eta Maider, Huntza eta Gozategi taldeek.

 

Ekitaldiekin amaitzeko, maiatzaren 26an, ipuin-kontaketa ilustratuak izan genituen. 6-10 urte bitarteko haurrek Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren ipuin-kontaketa marraztuaz gozatu zuten eta 3-4 urte bitarteko haurrek Lur Korta eta Idoia Beratarbiderena. Azkenik, ekainaren 3an, Ikastolako dantza-taldearen emanaldi berezia izan zen. Berezia, 50. urteurrena ospatzeko, dantza-taldean ibili ziren ikasle-ohiek ere emanaldian parte hartu baitute, baita Lartaun abesbatzak ere.

Liburua ere argitaratuko dugu.

 

Urte osoan zehar 14 laguneko lan-taldea ibili da ekitaldiak koordinatzen, baina zorionez, ez da bakarrik egon. Ikastolako komunitateak erakutsi du pertsona emankor eta aktiboz osatua dagoela, eta ekitaldiak aurrera ateratzeko, hainbat langile, irakasle eta gurasoren laguntza jaso da. Mila esker guzti-guztiei!
 

Urte askoan Haurtzaro Ikastola! Ospatu ditzagula Oroitzapenen Jaialdia bezalako beste  egun  alai eta gogoangarri gehiago!"

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224