IKASTOLA 224 > ikastolak > Bikaintasunez baloratua izan da Ikastolen eskutik antolatua

Euroclio kongresua 2017

Bikaintasunez baloratua izan da Ikastolen eskutik antolatua

Ikastolen eskutik antolatua

Europako Kontseiluaren babesean EUROCLIO elkarteak biltzen ditu Europako historia irakasleak, eta helburua du beroien esperientzia partekatzea bata bestearengandik ikasteko, eta horrekin historiaren irakaskuntza hobetzea, gaurko ikaslea etorkizuneko hiritar kritikoa sortzeko xedearekin. Europan zehar historia irakasle sare bat dute antolatua, irakaskuntza praktika hobetzeko esperientziak partekatzen, elkarrekin lan egiteko aukerak zabaltzeko. Urtero zenbait alditan elkartzeko bide egiten dute, eta urtean behin kongresu nagusi topaketa bat antolatzen. Aurten Euskal Herrian izan da , eta Ikastolen Elkarteak lagundu du hori behar bezala antolatzen. Balorazioan bikaintasuna lortu du.
Intersections: Past and Present, Local and Global izenburuko aurtengo Kongresuan galdera honi erantzuna topatzea izan da helburua : Nola alda dezake historiaren irakaskuntzak egungo gizartea?  

EHU Carlos Santamaria gunean eta Magisteritzan elkartu dira lanerako. Guztira 26 tailerretan parte hartu dute, seminario eta talde lanetan gai eztabaidagarriak nola irakatsi hausnartuz, identitatearen garrantzia, Europaren aniztasuna edo historiaren ikaskuntzan ikasle-irakasleen eskuhartzea bezalako gaitaz. World Cafe bat ere antolatu da, eta Europa Kontseilutik etorritako Tatiana Minkina-Milko ordezkariaren bitartez hainbat iritzi eta aholku bideratu dira ofizialki irakaskuntza atalean neurriak hartzeko.


32 herrialdetako irakasleak izan dira, orotara 185 pertsona. Euskal Herriko hainbat leku, ezaugarri eta historiara hurbiltzeko aukera eskaini zaie 6 egunetan.

Ikastolentzat ere gauza handia izan da taldea Europan ezagutarazteko: Zer den Ikastolen Elkartea, ikastolen funtzionamendua, euskal curriculuma, nola ari diren konpetentzietan lanean, ikasmateriala, euskara ardatz izanik ingelesaren irakaskuntza eta maila, gizarteko klaseetan zertan ari diren erakusteko… Guztia kalitate gorenaz baloratua izan da.

Eta ongi etorriak izan dira Udaletxean eta Gipuzkoako Foru Aldundian, alkate eta Diputatu Nagusiari esker. Agerian gelditu da zein herrialde aurreratuan bizi garen. Ezagutu dituzte hainbat ikastola, EHU/UPV,  EHUn kokaturiko Hezkuntza Museoa, San Telmo Museoa, Gogora Institutuko karpa, Gernikako Bake Museoa, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Albaola Itsas Kultur Faktoria , Kafe Antzokia, Gerra zibila garaiko Donostia… Sagardotegia, bertsolariak, euskal musika eta dantzak, txalaparta… eta Korrika!



 

ikastola 224
2017 Ekaina
224