Iñigo Aritza Ikastola - Altsasu
KABI interesa piztu duen proiektua
Bisitan ikastolara
25 ikastola izan dira Iñigo Aritzako Txioka Ikastolan KABI proiektua ezagutzen. KABIren markoa, antolaketa ezagutzen eta instalakuntzen bisita egiten.
“Horren beharra sentitua genuen EHItik etorritako planteamendua baino lehen, izan ere ordurako mugitzen hasiak baikinen ikastola barruan: aldaketa bat proposatua genuen, aldaketarako beharra nabaria zela zenbait hutsune betetze aldera, ados ginen etapakide guztiok funtzionatzeko beste modu bat nahi genuela, hain zuzen mundu mailan ematen ari den hezkuntzaren eraldaketa pedagogikoetan konpetentzietan oinarrituta irakaskuntzaren alde. Ikasle konpetente eta euskaldunak izanik gure helburu, aho batez onartu genuen ikastolan eradalketan murgildu eta sakondu nahi genuela” kontatu digu Jone Areta Haur Hezkuntzako koordinatzaileak Txiokako zuzendariak.
“Aurreko lan egiteko era alde batera utzi eta dena hankaz gora jarri dugu eta berriz berrantolatu dugu zerotik dena, bai metodologia aldetik, marko pedagogikoa bera, gu helduok haurrekin gaudenean betetzen dugun rola, familien partaidetza ikastolan, ebaluazioa, ikaskuntza prozesua nola ematen den ez baita dena bideratua den bide-orria, alegia guk proposatu eta ikasleek egin, baizik eta proposamenak badaude bainan beraiek aukeratzen dute zer nahi duten. Aukera norberarena da, ikasleak “zirkulazio librean” aritzen dira, nahi duten espazioa aukeratzen dute eta, espazio horren barruan, zer materialarekin aritu nahi duten. Gure lana heldu bezala, heldu sentikorra izan behar dugu, nola dauden eta zein momentutan sentitzeko eta behatzeko gai izan behar dugulako” jarraitu du Aretak.
“Irakasleok etengabeko formazioan gaudenez errezago sumatu dugu horren helmuga. EHItik jaso dugun marko pedagogikoa gurea egin dugu eta hor aipatzen diren kontzeptu nagusien oinarriekin bat egin dugu: haurrak berezkoak ditu gaitasunak, esperimentatzeko grinatik abiatzen da bere irakaskuntza, testu inguru aberatsak eta ziurrak eskaini behar dizkiogu hori suertatzeko; erritmo ezberdinak errespetatu behar ditugula baikoitzak bere erritmo eta singularitatea baitu, bakarra garela munduan, ekintza autonomoa izan behar duela; berak ikasteko berak egin behar baitu, eta garapenaren protagonista haurra bera dela. Eta horiek gero aplikatu behar dira, modu koerentean planteatu, hori da gakoa. Hor dugu zailtasuna eta aberastasuna. Bideari ekin diogu, koherentzia hori bilatze aldera jo dugu dagoeneko” esan digu Jone Aretak.
Diario de Noticias egunkarira Txiokatik bidalitako testua gehitzen diogu albiste honi, KABI proiektua hobeto ulertze aldera:
KABI proiektua
“Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura.”
Hauxe da Iñigo Aritza Ikastolan dugun haurra ulertzeko modua. Definizio honetatik abiatuta eta Euskal Herriko Ikastolen marko pedagogikoa kontuan harturik, Haur Hezkuntzan KABI proiektua martxan jarri da. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektuaren aterkia dugu KABI proiektua. Oinarrizko bost konpetentzia orokorrak (izaten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, komunikatzen ikastea, ikasten eta pentsatzen ikastea eta egiten eta ekiten ikastea) kontuan izanik, hauek landu eta garatzeko proiektu pedagogikoa.
Haurrak berezko gaitasunak ditu. Bere gaitasunak bere erritmoan eta bere moduan garatu behar ditu, eta prozesu honetan irakaslea bidelagun izanen du. Ikastola eta irakasleen lana izanen da, haurraren garapenerako testuinguru egokiak eskaintzea. Haurraren segurtasun afektiboa ziurtatu behar dugu, eta horretarako atxikimendu figurak, haur bakoitzaren beharrak eta erritmoa eta irakasleen komunikazio moduak zaintzea ezinbestekoa da.
Haur bakoitza bakarra da, errepika-ezina, beraz Ikastolan aniztasuna modu egokian errespetatu ahal izateko, erreferentzia taldean, hau da adin bereko talde bat bere tutorearekin, lan egiteaz gain, talde heterogeneoetan ere lan egiten dugu. Haurra autonomoki mugitzen da Ikastolatik, eta bere beharren arabera erabakitzen du momentu bakoitzean egin nahi duena: margotu, eraikuntzak egin, ipuin bat ikusi edota salto egin. Espazio guztietan adin desberdinetako haurrak aritzen dira lanean momentu berean.
Espazioak haurraren autonomia eta lan dinamika sustatzeko helburuz berrantolatu dira. Espazio ugari eskaintzen ditu KABI proiektuak: motrizitatea lantzeko gunea, natura eta esperimentazio gunea, jolas sinbolikoa eta komunikazio gunea, eraikuntza gunea, arte gunea, imaginarium edota kanpo espazioa, adibidez.
Denbora ere, haurren garapena eta beharren arabera berrantolatu da. Taldea erreferentzia gelan tutorearekin egoteko momentu zehatzak badaude, baina beste denbora tarte batean haurra da bere denbora kudeatzen duena. Bere nahi eta beharren arabera ekintza, lan edota jolas bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko aukera duelarik.
Gurasoak, haurrak eta irakasleok, errespetua, malgutasuna, komunikazioa eta konfiantzan oinarritzen den familia bakar bat osatzen dugu.