IKASTOLA 223 > ikastolak > Nork sinestuko zuen Kolegio mailako hazkunde ikaragarrian?

Seaska - Iparraldeko ikastolak

Nork sinestuko zuen Kolegio mailako hazkunde ikaragarrian?

Kolegioa da 11 eta 15 urteko ikasleen ikastola

Hiru kolegio ditu Seaskak egun Kanbon, Ziburun eta Lartzabalen. Datorren urterako laugarrena zabalduko du Baionan. Iadanik aurrikusten dute 5.ena Miarritzen, 6.ena Hazparnengo eskualdean eta 7.ena kostaldean, Ziburukoak gainezka egingo baitu laster. 2017-2018 ikasturterako, Lehen Hezkuntzako 31 ikastola izango dira, 4 kolegio, eta Lizeo bat  gehi Lanbide Heziketa. Kolegio mailako hazkuntza itzelak etorkizuna baieztatzen du.

Hamaika eta hamabost urteko ikasleak biltzen ditu Kolegioak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren parekoa, adin berdin-berdinekoak ez badira ere:  Iparraldean 11-15 urtekoak, Hegoaldean 12-16koak.

Gaurko hiru kolegioak txiki gelditu dira.  (2016 eta 2025) bi mapei begiratuta alde handia ikus daiteke. Gaur egungo Kanboko Xalbador minimo gelditu denez, datorren urtean Baionan zabalduko da laugarren kolegioa, Lizeoa eta Lanbide Heziketaren eraikin bilduma berean. Baina horrek ez ditu leku arazoak guztiz konponduko, izan ere Hazparneko eskualdean beharko da beste kolegio berria, eta kostaldean beste bi: bata Miarritzen eta laster; bestea Ziburuko eremu berdinean, gainezka egingo baitu oraingoak.

Datuak oso esangurutsuak dira. 2012-2013 ikasturteko argazkia ikusita 642 ikasle zeuden kolegioetan, 2015-2016an seiehuneko muga aixe gainditu zuen, eta aurten badira 771 gazte. 2019-2020koan mila ikasleko muga gainditzear izango da, hamarkada berriari ateak zabaltzeko: 2023-2024an 1.132 ikaslerentzat prestatu beharko badira ikasgelak.

Nork sinetsiko zuen amets goxo hau duela hamar urte? Seaskako ameslariek. Galdera bati erantzun diote, “zergatik ez dira eraikin handiagorik egin?” Eta erantzunak dio “Ez dugulako lortzen behar adineko aurrekonturik handiagoak egiteko; eta inork ez zuelako sinetsiko halako hazkunderik holako urte gutxian”. 

ikastola 223
2017 Apirila
223