Laudio Ikastola - Laudio
Eskola inklusiboak errespetoa eta bestearen paperean jartzea dakar
Eskola inklusiboa guztiontzat den kalitatezko eskola da.
Inklusibitateak daukan aberastasuna eta konplexutasuna inklusibitatearen definizioaren baitan dago: gu geu, pertsona guztiak, ezberdinak garenez eta ezberdin pentsatzen eta jokatzen dugunez, aberastasun horrek konplikatzen du positiboan eguneroko lana hezkuntzan. Ikastolan gaudenean ikasle batek bere erreferentziako irakaslea izango du, tutorea edo irakasle pila, eta irakasle guzti horien izaera eta jokaerak baldintzatuko du inklusibitate horri nola erantzun, horregatik hor datza aberastasuna eta hor ere konplexutasuna. Egunorokoan teoriatik praktikara.
Azken finean norbanakoarenganara iritsi behar delako arreta berezia ikuspegi bateratua edukitzeko. Horren baitan ezin garenez gelditu ikastetxe batean, bakoitzak dakarrenarekin lan egin behar da. Modu asko egon daitezke: ikuspegi orokorra ez dadila bakarrik paperetan gelditu, baizik eta denon artean adostuta eta zehaztuta izan dadila, gure egunerokoan denok konsziente izan gaitezen gure jarrerak zertara eramaten gaitun.
Adibide bat jartzearren, gelaz aritzen garenean badakigu familia mota ezberdinak daudela, kultura ezberdinetako familiak ditugula eta horregatik erabiltzen dudan dugun hizkuntza, egiten duguna, planteatzen ditugun jardueretan hori guztia presente eduki behar dugu. Laudio Ikastolan Orientazio taldetik azpimarratzen duguna da. Ikaslearengan nola zuzentzen naizen garen, zer sentsibilitate erakusten, eredu izan dadila. Errespetoa gauza guztien gainetik. Errespetatzen duzun neurrian, saiatuko zara ulertzen eta egiten. Gauza ez da bakarrik gelan zer jarduera egingo dudan, ez, hori baino askoz gehiago da! Oinarrian baitago zuzentzeko modua, hitz egiteko modua, erabiltzen dugun hiztegia, keinu, detaile horretan datza zer nahi dugun ikaslearentzat, eta zergatik gauza batzutan malgutu beharko dut hareriko pentsakera. Izan ere ikaslearen egoeran jarri behar dugu, jokabideen atzetik zer dagoen jakiteko, hortik ulertzeko, eta bidea markatzeko. Bestearen paperan jartzea da, ikasle eta familiaren egoeran jarri ulertzeko zer gertatzen den, eta zertan lagundu ahal den. Umiltasuna ere bada errespetoa.
Leire Burdain da Laudio Ikastolako orientatzailea. Berrian, Eztabaida Gelan foroan, 2017-03-12an argitaratutako artikulua ekarri dugu Ikastola Aldizkarira interesgarritzat jo dugulako. “Nola landu ikastetxeetako inklusioa” du izena Leirek idatzitako artikuluak:
“Eskola inklusiboa guztiontzat den kalitatezko eskola bat da, denei aukera berdintasuna, justizia eta ekitatea bermatzen diena, bazterketarik egiten ez duena, ikasle guztiak beharrezkoak dituena.
Inklusioaz ari garenean, eskola eremua gainditzen duen aniztasunaz ari gara, gizartea osatzen duten pertsona guztien arteko errealitatea delarik. Pertsonen pentsaera, ikasteko modua, harremanak izateko modua, sentipenak eta jokaerak ez dira berberak, eta horiek onartzean eta errespetatzean datza modu inklusiboan aritzea. Hortaz, pertsonen arteko antzekotasun eta desberdintasun fisiko, sozial eta psikologikoen aberastasunaz jabetzea da inklusioa.
Hezkuntza ikuspegitik, ikas komunitatea osatzen duten eragile guztiek (irakasle, ikasle, familia, langile ez-irakasleak) osatuko dute ikastetxeko heterogeneotasuna, eta hori errespetatu eta balioesteak definituko du abiapuntua, desberdintasuna errespetatzea eta aniztasunaren aberastasunaz jabetzea guztion ardura baita, ikasgelako esparruaz haratago. Hezkuntza Komunitate osoak hartu behar du parte honi buruzko gogoetan, egin beharreko urratsak definituz.
Hezkuntza inklusioa hobetzeko abiapuntu nagusia ikastetxearen inklusio mailaren ebaluazioa egitean datza, eta ikasle, irakasle, langile eta familiek parte hartu beharko lukete ikaskuntzarako eta partaidetzarako oztopoez eta ikaskuntzan laguntzeko baliabideez hausnartuz: ikastetxearen gestioa eta ezartzen diren plan eta programak aztertzea, zer irakasten den eta nola aztertzea, ikas komunitatean errotuta dauden harreman eta balioak aztertzea, hain zuzen ere.
Booth, T. and Ainscow-ren Hezkuntza Inklusiborako gidan zehazten diren dimentsioetako adierazle batzuk lagungarriak lirateke aipatutakoaz sakondu, hausnartu eta eguneroko praktikan berrikuntzak ezartzeko:
—Ikasleak kooperazioan aritzea; familiak eta zuzendaritza taldeak lankidetzan aritzea; ikastetxeak munduko pertsonen elkar harremanak sustatzea; ikasle eta irakasleek genero identitate aniztasuna errespetatzea; ikastetxeak eta herriak elkar elikatzea; ikastetxeak giza eskubide guztien errespetua sustatzea; inklusioak guztion partaidetza handitzen duela ulertzea; ikasle guztiontzat espektatiba handiak izatea; elkarbizitza eta gatazken ebazpen baketsua sustatzea, besteak beste, balio inklusiboak ezartzen dituen ikas komunitatea eratzea da.
—Partaidetzarako hobekuntza prozesua garatzea; lidergo inklusiborako ikuspegia izatea; ikastetxea fisikoki guztiontzat irisgarria izatea; ingurunearekiko jasangarria izatea; hezkuntza premia bereziak ikuspegi inklusibotik lantzea; laguntzak modu koordinatuan ezartzea eta eskola jazarpena gutxitzen saiatzea, besteak beste, aniztasunari erantzuteko laguntzak antolatuz guztiontzako ikastetxea garatzea da.
—Ikaste jarduerek ikasle guztien partaidetza ahalbidetzea; ikasleen gogoeta kritikoa sustatzea; ikasleek beraien ikaskuntzaren parte aktiboa izatea; elkarbizitza guztion arteko errespetuan oinarritzea; eskolaz kanpoko ekintzak herriko baliabideekin uztartzea; ikaste edukiak ikasleen eguneroko jardunarekin lotzea; besteak beste, guztiontzako curriculuma eratuz praktika inklusiboak garatzen dituen ikastetxea da.
Hezkuntza inklusioak, azken batean, irakasleak ikasgelan darabilen praktikaz haratago, ikas komunitatearen sentsibilizazioari eta konpromisoari dei egiten die”.