IKASTOLA 223 > ikastolak > Eskoriatzako Gaztañadui Jauregian Konfiantzaren Pedagogia

Arizmendi Ikastola - Leintz bailara

Eskoriatzako Gaztañadui Jauregian Konfiantzaren Pedagogia

Jose Arana gunea

Jose Arana ikastolan 6 urte bitarteko haurrak daude XVII. Mendeko eraikin ederrean. Jose Ramon Zubizarreta alkateak hunkituta argitu zuen duela 20 urte gogoeta egin zutelarik herrian bertan eraikina behar zutela, nola Ganuza familiarengana jo zuten, Ignacio eta Maria Josefa Telesforo Monzonen emaztearengana, ikastolaren proiektua aurkeztera. Konfiantzak eta pozak elkartu zituen betiko. Berritu egin da jauregia Konfiantzaren Pedagogian, ikasle kooperatibo, euskaldun, konpetente eta zoriontsuak hezteko desioarekin.

“Harri eta zur gelditu naiz. Sorpresa handia izan da haurrak espazio honetan ikustea”. Bat-bateko inpresioa lehenetsi zuen Markel Olano diputatu nagusiak Eskoriatzako Jose Arana Ikastolako berrinauguraketan. Han ziren agintari ugari egunak hala merezi zuelako.

Nerea Azurmendik honela idatzi zuen, DVn. “Ikasgelarik eta ikasmahairik gabeko ikastetxea da Jose Arana. Hobe esanda, 0-6 urte bitarteko haurrak hartzen dituen ikastolan, espazio guztiak dira ikasgela eta ikasmahai. Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten kokatuta dauden 12 gunetan 0tik 21 urtera bitarteko 3.200 ikasle dituen Arizmendi Ikastola. Kooperatibako guneetako bat da Jose Arana. Bertan amaitu dute hain zuzen Konfiantzaren Pedagogiaren ezarpena Haur Hezkuntzari dagokionez. Esan daiteke, beraz, hainbat urtetako lanaren ondorioz, Arizmendi Ikastolako Haur Hezkuntzako zentro denak eredu propio horren arabera funtzionatzen dutela. Beste maila batzuetara ere bai ari da hedatzen eredua, eta Haur Hezkuntzatik abiatuta behetik gora egiten ari diren lanarekin enkontru egitera dator goitik beherakoa, batxilergoan ere hasi direlako ikuspegi berritzaile hori aplikatzen. Kasu horretan, ikasleekin lankidetzan”.

Euskal Herriko ikastolarik handienean oinarrizko galdera-giltza izan zen “Pertsona kooperatiboak izateko heziketak nolakoa behar du izan?”.

Nerearen artikuluak hala jarraitzen zuen “Izaera kooperatiboa berezkoa duen eskualdean, ikuspegi askotatik nozitu dituzte elkarrekin aritzearen onurak. Ikuspegi hori bete-betean hezkuntzara heltzea denbora kontua zen. Eta denbora ez dute alferrik galdu, Arizmendi Ikastolaren inguruan sortu baina askoren artean mamitu duten proiektua osatzeko eta abian jartzeko orduan. Orain dela zortzi urte ekin zioten ‘subjektu kooperatiboari’ eta horrek behar zuen berariazko heziketaren inguruko gogoetari. Zeren eta elkarlanean aritzea ez baita nagusiak dioenaren esanetara jartzea, baizik eta norberaren autonomiak abiatuta beste batzuekin aritzen jakitea, ‘elkarren errespetuan eta osagarritasunean’.
 

Konfiantza da sistemaren gakoa, ikasleak behar duelako ‘konfiantza bere buruarengan, besteengan eta gizartearengan’.  Hezkuntza kooperatiboaren ereduan ikasle profilak 4 ezaugarri ditu: pertsona, norbera izaten dakiena; kooperatiboa, lankidentzan jarduten dakiena; euskalduna, euskaraz bizitzen dakiena; eta konpetentea, egiten eta ekiten dakiena.

Konfiantzaren Pedagogia inplementatuta dauka Arizmendi Ikastolak. Ebaluazio fasean sartzera doa datorren ikasturtean.

 

ikastola 223
2017 Apirila
223