IKASTOLA 223 > ikastolak > Jangela zerbitzua berrituta, familiak oso pozik

Abusu Ikastola, Bilbo

Jangela zerbitzua berrituta, familiak oso pozik

Denbora hartu dute gauzak ongi egiteko

Hausnarketaren ondorio da Abusu Ikastolak jangelaren inguruan egindako aldaketa. Prozesuan sartu ziren ikastolako komunitate osoa nola zuzendaritza, langileak eta gurasoak hala ikasleak ere, oinarrizko galdera biri erantzuten “Zertan da gure jangela zerbitzua?” eta ondorioz “Zertan hobetu ahal da?”. Denbora hartu dute gauzak ongi egiteko, etenik egin gabe. Dagoeneko martxan da guztia, eta horren berri eman nahi izan dute Ikastola Aldizkarian.

Bisitan joan gara eta han ikusitakoaz laburpen txikia eginen dugu. Eguerdia da, bazkalordua. Txandatan daude antolatuta 620 ikasleri jaten emateko astia behar baita. Soinua dago pasilloetan, zarata handirik ez. Talkiak martxan ikusi ditugu, eta galdetutakoan jakin dugu ikasleak koordinatuta jaisten direla jangelara, ilarako zarata ekiditeko, eta nolabaiteko ordena lortzeko. Zortzina ikaslek sortzen dute talde bat, zeinetan eguneko arduraduna izendatzen duten berak nahi izanez gero. Taldeko eguneko kapitaina izango da, lepoko zapia jantziko du eta egiteko batzuk izango ditu: gonbidatuko ditu bere kideak eskuak garbitzera eta saskia mahaira hurbilduko du (tresnak, edalontziak eta ahozapiak). Egiteko hori duenari puntuak emango dizkiote sari txiki bat eskuratzeko, hain zuzen, beste egun batean mahai txikiago batean lasaiago jateko.

Zortziak gehi beste zortzi, gehi beste zortzi… azpila hartu eta sukaldera hurbilduko dira janaria hartzera eta handik mahaira. Bakarren baten urtebetetzeak badira, kantatu egingo diote eta tarta zati bana jango dute, aurrez arbelean apuntatzeko aukera izango baitute urtebetetzeko txokoan. Hiru txoko berezi daude: aipaturiko urtebetetzearena, egonean egotekoa, eta tripetako minez izanez gero, lasaiago esertzeko manta goxo batekin. Detaile guztiak zaintzen aritu dira: jangela itsasontzi bat bihurtu dute apainketan: hormak uraren kolorekoak, mahai marrazkidunak, … Arbelean egunak eta izenak ikusi ditugu, antolaketa errazteko.

Behin jandakoan, jasotze lana ikasle bakoitzak berea egingo du. Zaborra berezituko du organikoa, plastikoa edo beste, azpila gurdietan utziko du; edalontzia bere lekuan… eta eguneko arduradunak garbituko du mahaia, hurrengoek dirdiratsu aurki dezaten.

Apaingarri dirudite fruta saskiak albo ezberdinetan daudelako espresuki jarriak “jan nazazu” deia egingo balute lez… Janaria ikastolako sukaldean egiten da, esan beharrik ez dago osasun eta txukuntasun kontrol guztien baitan eginda. Egun berdeetan ekologikoa edo bertakoa jaten dute, baina noizean behin ere menu ezberdinak antolatzen dituzte, esan dezagun ikaslearentzat “festa” ukituarekin, baina bigarren irakurketa baduena, eta da: denetik jaten ikasteko aukera zabaltzea, kulturak eta ohitura ezberdinak indartzea, izan tako mexikarrak, soja eta txinar zaporeak edo italiar pasta berezia… Abusu Ikastolan konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzan murgilduta daudenez, jangelaren bidez ere, bizitzarako ateak zabaldu nahi dituzte.

ASKöRA sukalde etxearekin ari dira lanean zuzen-zuzenean, eta eurekin batera eraman dute zerbitzuaren aldaketa. Balorazioa ezin hobea egin digute: ikastola kontent dago gurasoak pozik ikusten baitituzte! Eta ikasleen arabera entzun dugu “orain janaria ere hobea dela, goxoagoa”. Bazkalostean lagunekin jolasteko ordua da. Bejondaiela Abusu itsasontziko marinelei, hobekuntzak merezi izan du!
 

ikastola 223
2017 Apirila
223