IKASTOLA 223 > ikastolak > Zer dira Ikastolak? Zerk erakartzen ditu horiek ezagutzera?

Bisitak

Zer dira Ikastolak? Zerk erakartzen ditu horiek ezagutzera?

Horiek ikustera eta formatzera etorri dira Euskal Herrira

Flandeseko Gobernutik eta Montcau La Mola eskolatik.

FLANDESETIK IKASTOLAK EZAGUTZERA

Provinciaal Onderwijs Vlaanderen - Flandeseko Gobernutik bisitan etorria
Kaat Van Hoecke izan dugu bisitan ikastoletan. Ikastolen Elkarteko Phil Ball izan du bere anfitroia aste betez. Ikastolen Curriculuma ezagutzeko parada izan du, eta harrituta itzuli da Flandesera ikusi, entzun eta ezagutu duenarekin. 

Neerlandera hizkuntza germanikoa da, ingelesetik gertu dagoena. Irakaskuntzan, ordea, ingelera 12 urtera arte ez da curriculumean sartu, orain arte zuhurki jokatu dutelako euren hizkuntzarekiko. Belgikan hiru hizkuntz ofizial daude: Iparraldean, Flandesen, neerlandera; Hegoaldean, Walonien, frantsesa eta alemana. 

Phil Ballek Gant-en aditzera eman zuen Ikastolen Eleaniztasun proiektua, ingeleraren irakaskuntza goiztiarra eta CLIL. Interes handia piztu zuenez bere aurkezpenak, ondorioz etorri da Flandeseko bisita ofiziala. Ballek adierazi zuen ingeles goiztiarraren irakaskuntzak ez diola kalterik egin euskarari, alderantziz baino ez, beti ere euskara izanik ikastoletan eleaniztasunaren ardatza. 

Van Hoecke hori ezagutzera etorri da, eta lekuz leku ibili da informazioa jasotzen. Ibili da EKI English Bilboko saio batean, Lazkaoko San Benito Ikastolan DBH 2 eta 4ko gelatan. Izan da EKI 4 Gizarteko formazio saioan, Harri Beobide eta Mikel Errazkinekin. Inma Muñoak esplikatu dio Hizkuntz Proiektua zer den, Ikastolen Eleaniztasunaren zutabe. Unibertsitatean ere izan da Jasone Cenoz katedradunarekin. Ikastolen Elkarteko materiala ezagutu du: EKI, English eta Frantsesarenak ere (Diana Lindsay eta Itziar Elortzak sortutakoak). Interes handia adierazi du guzti horrekin, izan ere Flandeseko eskoletan CLIL egiten dute frantsesarekin. Eta harritu da horrekin ere: izan ere frantseseko CLIL materiala, Frantziatik kanpo, hemen baino ez baita sortu Europan. 

Van Hoecke itzuliko da, Flandesetik itzuliko dira ikastoletara, handia baita jaso duten ekarpena!
 

KATALUNYAKO EKI EGISTAMOAN FORMATZERA
Terrassan Montcau La Mola eskolatik EKI ezagutzera

Elena López eta Marta Castañe DBH 3. Mailako irakasleak izan ditugu Ikastolen Elkartean EKI egitasmoan formatzen, ospedun eskolatik iritsiak. Izan ere 2009-2010 ikasturtean hasi ziren Montcau La Mola eskolan ikastolen "Hocus and Lotus" materiala erabiltzen eta Ikastolen Elkarteko aholkularitza jasotzen, eta orduz geroztik, urterik urte, harremanak sendotu egin dira. Dagoeneko DBHra iritsi dira, EKI 3ko ingelesarekin dabiltzanez Euskal Herrira etorri dira "in situ" ezagutzera, eta bide batez Batxi 1.rako "Science Sense" plataforma digitala ikertzera, Carmen Anderson eta Phil Ballek sortutako plataforma hain zuzen ere. 

ikastola 223
2017 Apirila
223