Lautada Ikastola, Agurain
Ahaleginaren ikastola, ilusioz beterikoa
Zabalarte aretoan elkartu ziren
Alvaro Beñaranekin, herrira luzatu zen gonbidapena.
Egunerokotasunera itzuli dira Araba Euskaraz urtearen ostean. Artezkaritza Kontseilua berritu egin da, eta jardunaldi pedagogiko arrakastatsua antolatu dute, xume bezain interesgarria, umearen zoriontasuna aztertuz erreferente den aditu batekin, Alvaro Beñaranekin. Formazio espazioa sortu dute, gurasoekin harremanak indartzeko, hezkuntza komunitate osoa elkartuz ikaslearen hazkuntzari buruz hitz egiteko, eta Agurain herrira zabaltzeko, foro irekia izan dadin. Aldi berean ikastolaren xedeak zeintzuk diren azaldu digute Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorreko Bigarrenean, eta konturatu gara pedagogia-korronte berrietara hurbilduak direla hausnarketan, debatean, formakuntzan eta bereziki, ilusioan.
Zabalarte aretoan elkartu ziren topaketa pedagogikoa egiteko, eta sekulako oihartzuna izan zuen herrian, ehundik gora lagun bildu zituelako Beñaranen hitzaldiak, foroak eta erakusketak.
Iazko Araba Euskaraz antolatzea egokitu zitzaion Lautada Ikastolari, Arabako ikastola gazteenari. Lan handia egin zuten Arabako ikastolen jaia aurrera ateratzen; aurten, aldiz, egunerotasunean daude murgilduta pedagogian eta ikastola aurrera ateratzen. Bestaldez, aldaketak izan dira ikastolan, bi urtean behin gertatzen den bezala, Artezkaritza Kontseiluan kide berriak sartu baitira. Amaia Lekuona da orain Lautada Ikastolako lehendakari berria.
Animatu dira jardunaldi pedagogikoa antolatzen, xumea bezain interesgarria, xede hauekin: formazio espazioa sortzea gurasoekin harremanak indartzeko, hezkuntza komunitate osoa elkartzeko umeen hazkuntzari buruz hitz egiteko. Herrira zabaldu dute eskaintza edozein guraso, hezitzaile edo herritarrarentzat haurren hazkuntzan gogoeta egiteko. Ikastolak antolaturik, interesatuta dagoen edonorentzat. Horregatik antolatu da Zabalarte aretoan, espazio handia behar zuelako, eta ondorioa oso positiboa izan da, izan ere, ehun lagun baino gehiago elkartu baitziren, espektatiba onenak ere hautsiz.
Alvaro Beñaran aditua izan da hizlari gonbidatua, esperientzia eta sentsibilitate handiko pedagogoa, komunikatzaile bikaina. Aspaldiko laguna, etengabeko formakuntzan eta mintegietan parte hartu duena, ikastolarentzat luxuzko erreferentea. Errespetuzko eta beldurrik gabeko hezkuntzaren garrantziaz mintzatu da eta baita heziketarekin lotuta dauden zenbait kontzeptuz ere: umeen zoriontasuna, autonomia,mugak eta ezetzak … diren umearen zutabeak hazkuntzan bermatzeko. Hitzaldiaz gain erakusketa ere antolatu da, argazkien eta hitzen bidez ikastolak hausnarketa honi bere ekarpenak egin nahi izan dio, bide batez ,erakusteko nola ari garen ikastolan lanean, zertan jartzen dugun indarra eguneroko praktikan.
LEHEN HEZKUNTZAn ere ez daudela geldirik esan digute, pedagogia korrente berriak zertan dauden jarraitzen ari direlako, formakuntzan ere sartu dira jakin badakitelako hainbat gauza landu eta hobetu dezaketela eguneroko lanetan. Horregatik dabiltza tresna egokien bila, debate pedagogikoan sartuta, ikerketa egiten eta formazioa jasotzen. Hamabostean behin elkartzen dira Maria Galdeano pedagogarekin hausnarketan sakontzeko. Helburua baitute ikasle konpetenteak haztea eta ez lehiakorrak, lanketa kooperatiboan hezituta.
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAN formazio teknikoa jasotzen ari dira irakasle guztiak. Metodologikoki EKI proiektuaren olatuan murgilduta daudela esan digute, ikuspegi luzeagoarekin egokitzeko. Debate pedagogikoan sartuta, helmuga dute ebaluazioa nola egin era bateratu batean.
Denbora aurrera doa eta dagoeneko D eredua iritsi da DBH 2era. Oraindik 3.eta 4. Mailan matematikak gaztelaniaz irakasten dira. Beste helmuga dute euskararen motibazioa eta erabilera nola garatu. Ingeleraren garrantzia ere azpimarratu digute.
Beste ikastolakin badute harremanik, adibidez, Ondarruko Zubi Zahar ikastolarekin egiten baitute urtero trukea. Udazkenero hango ikasleak Lautadara etortzen dira bertako parajeak, natura eta ikastola ezagutzera. Eta udaberrioro aguraindarrak Ondarrura egiten dute txango kostaldea ezagutzeko, euskalkiaz jabetzeko ... bereziki bizipenak dituzte baloratzen: kostaren ordez lautada, batuaren ordez euskalkia, eta bizi ohitura ezberdinen kontrastea.
Oiongo San Bizente Ikastolarekin ere bildu izan dira. Hauekin beste marko batean, hain zuzen ikasbidaiaren markoan. Londresera elkarrekin joan dira beste kulturaz jabetzeko, eta balorazio guztiz baikorra da. Errioxako ikasleak eta Lautadakoak harremanetan jarraitzen dute!
Ikastola mailan hezkidetzak garrantzia hartu du, eta urtean zehar hiruzpalau ekintza burutzen dituzte, azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan; martxoaren 8an Emakume langilearena eta maiatzaren 17an homofobia, transfobia eta lesbofobiaren eguna. Horietan guztietan gogoeta egin, ondorioak atera eta lan bereziak egiten dituzte, bizikidetzaren lanketa eta bultzada oinarri. Irakasleen artean ere formazio berezia jasotzen ari dira transexualitateari buruz sakontzeko.
Ikastolan batzordeka antolatuta daude ekintza askotan sakontzeko. Elkarbizitza dela, hezkidetza eta elkartasuna zaintzeko. Euskara dela taillerrak, Euskararen Eguna, Korrika eta herri mailako inplikazioa bultzatzeko. Jaiak direla eta, ohiturak lantzeko. Beste talde batzuk teknikoagoak dira, adibidez Komunikazioa zeinetan web ataria garatzen duten ikastolaren berri emateko. Adibidez, zertan ari direnaren berri zabaltzeko, eguneroko gauza txikiak eta handiak azaltzeko, kanpainak osatzeko eta martxan jarraitzeko.
Artezkaritza berria du ikastolak, ekintzailea. Obra txiki ugari bideratu dute, hala liburutegia, komuna, ateak, biltegia sortu, txokoak aprobetxatu, goiko pisuan hormak bota dituzte, lurra konpondu, teilatuaren garbiketa egin... beharrezkoak diren gauza txiki ugari dira, detaileak zaintzen ari direlako. Zerrendatutakoari jarraipena eginez, beti ere auzolanean, ikastolaren baloretan ari dira lanean.