IKASTOLA 222 > ikastolak > Suziri baten irudia, eta Wow! harridura leloa

Araba Euskaraz

Suziri baten irudia, eta Wow! harridura leloa

Aurtengo Araba Euskarazen

Suziriak adierazten digu hezkuntza hartzen ari den bidea

Suziriak adierazten digu hezkuntza hartzen ari den bidea, bide azkarra, etengabekoa, gero eta bukaezinagoa dela, hasi zena, jarraitzen duena, eta auskalo non bukatuko dena! Irudi honekin azaldu nahi duguna zera ere bada, hala nola, hezkuntza hartzen ari den norabidean eta ikasteko moduetan beste bide batzuk badaudela (internet-a, liburu eta arbel digitalak) eta denok horretara joan beharko dugula. Wow!-k, harridura adierazten du, hala nola, jaia bera harritzekoa dela eta aspalditik edizio ezberdinak antolatzen ari garela, aurretik beste lelo batzuekin lan egin genuela, baina oraindik gogoz gabiltzala edizio berri hau suzirizko ilusioarekin antolatzeko.
Laugarren aldia da epe motzean (2004tik 2017ra) Arabako ikastolen jaia antolatzea suertatu zaigula. Zatoz ekainaren 18an Bastidara!!

Gaur egun Arabako Errioxan bizi dugun egoera soziolinguistikoari erreparatuz gero, konturatuko gara ikastolak behar-beharrezkoak direla euskalduntze prozesuan aurrera egin nahi badugu, eta bertan egiten den lana erraza ez den arren ilusioa eta kemena ez zaigula falta. Adibide lez, laugarren aldia da epe motzean (2004tik 2017ra) Arabako ikastolen jaia antolatzea suertatu zaigula.

Hori horrela, Araba Euskarazko aurtengo logoa eta leloa bateratu egin dugu, ikusten den moduan WOW! harridurazko espresio bat da eta bere barnean darama eman nahi dugun mezua.

Ideia ikastolan sortu zen. Eta ikusten den moduan bi elementuz osatuta dago:  batetik hitza berak, Wow!-k, harridura adierazten du jaia bera dela eta, aspalditik edizio ezberdinak antolatzen ari garela, aurretik beste lelo batzuekin lan egin genuelako, baina oraindik gogoz gabiltzala edizio berri hau ilusioarekin antolatzeko. Bestetik, buru belarri jarraitzen dugulako, aurreko leloak esaten zuen bezala, euskara gure eskualdean barneratzen eta barreiatzen, hezkuntza proiektu berriak garatzen, ikastola aurrera ateratzen, bai zailtasun ekonomiko zein estrukturalak gaindituz,  jarraitzen dugula gure arbasoek utzitako aztarna elikatzen, ikastola osatzen duen komunitate guztia suspertzen, guraso elkarte, familiak, ikasle eta ikasle ohiak, langileak baina beti elkarlanean, denon eginkizuna baita ikastola aurrera egitea nahi badugu.

Gure asmorik garrantzitsuena da ikasle arduratsuak heztea, konpententzietan hezituak, inguru giroarekin konprometituak, bere bizi proiektua askatasunez aukeratzeko; gai diren pertsonak lortu nahi ditugu  nork bere burua, bere kideak eta bere ingurumen naturala errespetuz zaintzeko; eta mundu teknifikatu eta funtzional baterako prestatuz, bertan orientatzeko eta eragingarri izateko gai izan daitezen.

Aurretik aipatutako hori, suziri edo kohetearekin lotu nahi dugu, suziri, etxafuego edo txapliguak adierazten digulako hezkuntza hartzen ari den bidea, bide azkarra, etengabekoa, gero eta bukaezinagoa dena, hasi zena, jarraitzen duena, eta batek dakiena non bukatuko den. Irudi honekin ere azaldu  nahi dugu hezkuntza hartzen ari den norabidea liburu digitalak, arbel digitalak internet-a, ikasteko beste era batzuk, denok horretara joan beharko dugula; ea gure suziriak laguntzen digun gure helburua lortzen. Guk hori espero dugu behintzat!

HELBURUAK

Araba Euskaraz egiterako gogoeta egin dugu ikastolan. Jaiari dagokionez kontuan izanik aurreko edizioetan talde ezberdinek egindako lanak, gure jaiaren hausnarketa egin genuen eta bertan, nire ustez behintzat, argi eta garbi geratu zen zer nolako jai mota nahi dugun. Alegia, gure ingurunera bideratutako jaia nahi dugu, ditugun baliabideetara egokituta eta gure inguruneko eta kanpoko euskaltzale guztiei bideratua. Horregatik helburu batzuk finkatu ditugu eta hauexek dira lortu nahi ditugunak: batetik, herrian eta eskualdean ez ezik lurralde mailan bultzatzea euskararekiko atxikimendua eta euskaltzaletasuna, herritar euskaldun osoak lortze bidean. Bestetik, euskal kultura indartzea eta bide berriak zabaltzea. Eta azkenik, proiektua aurrera ateratzeko baliabideak lortzea.
Norentzat nahi dugun jaia antolatu galderari erantzunez mota, gustu eta adin guztitako euskaltzaleontzat. Nori zuzendua nahi dugun galdetuz gero argi dugu familiei, ikasle ohiei eta ikastola proiektuarekin identifikatuta daudenei; laburbilduz euskaltzale den orori. Eta Nor nahi dugun gure jaian? Euskaltzaleak nahi ditugu, euskara erabili nahi dutenak eta euskal kultura indartzeko eta bultzatzeko prest daudenak.

Bide horretan guretzat oso garrantzitsua da Euskal Herriko beste edozein zonaldetik babesa jasotzea, eta hori da, hain zuzen,  Araba Euskaraz egunean ez ezik eguneroko jardueran jaso nahi duguna. Araba Euskaraz egunean laguntza eta babesa espero dugu, denon artean helburua errazago lortuko dugulakoan.

 

 

ikastola 222
2017 Otsaila
222