Arangoiti Ikastola, Irunberri
Gabonetako Jaialdia Curriculumean txertatuta
Gurasoen partaidetza eta laguntza garrantzitsua da
Aurtengo gaia Irunberri izan da, eta urtean zehar ospatzen ditugun jai nagusiak aurkeztu ditugu herriko zinema aretoan, herri osoari gonbidapena bidalita. Herriko plazaren erreplika egin, eta bertan ospakizunak taularatu genituen. Aurkezle bat izan beharrean, haurrak agertu ziren oholtzaren gainera argibideak ematera. Urtero hezkuntza komunitate osoak hartzen du parte jaialdian, eta curriculumaren zati bat izanik, hainbat adierazpen jorratzen ditugu, hala musika eta dantza, nola antzerkia edo beste. Gure festa herriko Gabonetako beste ohiko ekintza bihurtzea lortu dugunez, gainezka izaten dugu aretoa!
Gurasoen partaidetza eta laguntza oso garrantzitsua da, irakasleekin elkarlanean arduratzen baitira oholtza prestatzeaz, arropak egiteaz, musikarekin laguntzeaz eta teknikari lanak egiteaz.
Urtero antolatzen dugu Gabonetako jaialdia, igande arratsalde batez, herriko zinema aretoan. Irekia da familientzat eta nahi duen guztiarentzat eta, urteak direnez egiten dugula, herriko Gabonetako beste ohiko ekintza bat bihurtu da, aretoa lepo betetzen dugu, goraino!
Jaialdia Curriculumeko partea izanik, bertan arte arloko hainbat adierazpen jorratzen ditugu (hala musika eta dantza, nola antzerkia edo beste). Beti talde heterogeneotan lantzen dugu, hau da, adin ezberdinetako haurrak talde ezberdinetan antolatuz. Urtero gai bat aukeratzen dugu, eta horren inguruko aurkezpena egitea du xede.
Aurten, adibidez, Irunberri zen gaia eta bertan, herrian, urtean zehar ospatzen ditugun jai nagusiak aurkeztu ditugu: kaldereroak, Santa Ageda, inauteriak, San Isidro, San Ramon eta Olentzero. Oraingoan herriko plazaren erreplika egin dugu eta bertan ospakizun ezberdinak taularatu ditugu. Aurkezle bat izan beharrean, haurrak agertu ziren eszenatokian, tarteka jolastera, eta haien elkarrizketen bidez ospakizun ezberdinak aurkeztu zituzten.
Hezkuntza komunitate osoak hartzen du parte jaialdi honetan. Badugu ikastolan batzorde artistiko bat, guraso eta irakaslez osatuta, eta horien lana da ikastolako hainbat jardueretan laguntzea (Azoka, ikastolako festa …). Azpimarratu nahi dugu zein garrantzitsua den gurasoen partaidetza, kasu honetan, irakasleekin elkarlanean, eszenatokia prestatzeaz, arropak egiteaz, musikaz laguntzeaz eta teknikari lanak egiteaz arduratzen baitira. Batzordeak jaialdiaren ardura nagusia badu, beste gurasoen edota ikasle ohien laguntza ere jasotzen du egoerak hala eskatuz gero eta, egia esanda, oso esperientzia polita eta baikorra izaten da ikastola lez, elkarlanean aritzen garelako ikasle, ikasle-ohi, irakasle, guraso, familiak eta koadrilak … Irakasleak arduratzen gara ikasleek egin behar dutenaren prestaketaz eta curriculumean bideratzeaz.