IKASTOLA 219 > ikastolak > Hazitik hazira ziklo osoa lantzen dute Lekeitioko ikastolako baratzean

RM Azkue Ikastola, Lekeitio

Hazitik hazira ziklo osoa lantzen dute Lekeitioko ikastolako baratzean

Bi sasoi baliagarriak daude eskola orturako

Bi sasoi oso baliagarriak daude eskola baratzerako, eta horiek bete-betean aprobetxatzen dituzte. Lehen lana, irailean, auzolanean egiten dute gurasoen partaidetza eta laguntzarekin baratzea baldintza egokietan jartzeko. Ikasleek sasoiko barazkiak landatzen dituzte udazkenean eta udaberrian, eta urte osoko jarraipena egiten dute LH-5koek, talde txikitan eta handitan. Berrikuntzei dagokienez, alde batetik Santo Tomaseko Azokan parte hartu dute; bestetik, ortuko koadernoa prestatu dute aurten egin beharrekoak idazteko.

Josune Laka andereñoak hogeita hamabost urte daramazki ikastolan eta, beste gauza askoren artean, ortuaren arduraduna da. Baserritarra izanik, atxekimenduz mintzatu zaigu lurraren balioaz, eta pasioz ikastolako baratzaz.

“Bi sasoi oso baliagarriak daude eskola-baratzerako, udazkena eta udaberria, eta biak bete-betean aprobetxatzen ditugu. Irailean lehenengo lanari ekiten diogu auzolanean. Horretarako gurasoen partaidetza eta laguntzarekin kontatzen dugu baldintza egokietan lurra jartzeko. Aurtengo ikasturtean ortuko kuadernoa prestatu dugu non idatzi egin ditugun egin beharreko guztiak: adibidez, aste honetan belarra moztu behar da, errotarra pasa behar ... zeinetan ikasleek eta irakasleok egin ezin ditugun gauzak idazten diren, tresneria ikastolan izanik, gurasoen laguntza estimagarria baita.
Handik aurrera martxan jartzen gara. Ikasleek galdeketa bat prestatzen dute: sasoi honetan zein barazki landu ahal dugu? Eta horrela hasten gara azaloreak eta azak, eta porruak eta.... landatzen. Bi baratza ditugu: kanpokoa eta negutegi itxia. Biak prestatzen ditugu lanerako. Landaketaren prozesu osoa ikasten dugu. Astero lauzpabost ikasle arduratzen dira baratzaren jarraipena egiten: atea zabaltzen negutegiari, ureztatzen, belar txarrak kentzen... poliki-poliki ortua behatuz. Aldi berean talde osoa behaketa orokorraren erantzule da,  haurrek ikasketa prozesua beregatzen duten bitartean.

Aurtengo bigarren berrikuntza erronka-lez hartu dugu: Santo Tomaseko Azokara joan baikara gure ortuko produktuekin. Egia esanda, pasa den udazkeneko eguraldia hain goxoa izanik barazki eder asko bildu genituen azokarako. Hura poza ikasleena! Neguan lurra bakean uzten dugu, horren beharra ere baduelako, sasoi hori horretarako baita, gelditzeko, lurrak ere atsedena behar baitu. Baina udaberrian, berriro ere hasten gara gogoz. Oso garaia polita da, ederra tuberkuloak landatzeko adibidez patata; edo eta artoa, indaba... eta horiekin landarearen zikloa ikasten dugu: hazitik hazira zikloa osoaren ikasketa. Babaren ziklo osoa ikasten dugu, udazkenetik hasita” kontatu digu Josunek.

Laurogeiko hamarkadan hasi zen R.M.Azkue Ikastola eskola-baratza lantzen. LH-5ekoen proiektu modura antolatu zuten hasera batean, baina une honetan HH-koak ere baratzarekin lehen harremanean daude. Berezitasuna da urte osoko egitasmo-lez lantzen dela Lehen Hezkuntzan, eta bertan urtaro ezberdinetako landaketa, landare bakoitzaren garapena eta zati jangarriak ikasten dituztela.

Azpimarragarria da ikastolan naturarekin duten lotura eta atxikimendua ez dela horretan bakarrik gelditzen! Erabiltzen duten ongarri bakarra ikastolako jantokian sortutako organikoa dela, hau da konpostatu ostean sortutakoa. Txalo beroak!

 

ikastola 219
2016 Ekaina
219