Lautada eta San Bizente Ikastolak, Agurain eta Oion, Arabako ikastolak
DBHko ikasleak elkarrekin Londresen
Ikasbidaiaren esperientzia aldatu nahi izan dute aurten
Lehen aldia izan da, baina ez da azkena izango. DBHko ikasketak amaitutakoan ikas-bidaia antolatzerakoan Aguraingoak ohituraz Saloura joan izan dira. Aurten ohiturak aldatuz, kultura bidaia antolatu nahi izan dute eta Oiongokoekin batera Londonerako bidea egin dute. Taldeak txikiak direnez DBH3 eta4ko ikasleak joan dira elkarrekin. Esperientzia ezin hobea suertatu da: aberatsa ezagupenetan, aberatsa harremanetan. Bost egun eman dituzte elkarrekin 48 ikaslek eta lau irakaslek. Londreseko leku ezagunenak bisitatu dituzte: London Eye, Science eta British museoak, Buckingham Palace, Big Ben Parlamentua, Trafalgar Square ..., eta nola ez elkarrekin usaina hartu diote hiri handiaren giro, kolore eta kosmopolitasunari.
Itzuliko dira bi urte barru. Denbora horretan xoxak lortuko dituzte bidaia ordaintzen laguntzeko patata tortilak sukaldatuko dituzte astean behin jolas ordutan saltzeko, Gabonetan zozketak, polboroiak saldu, herriko jaietan txosna jarri…, eta beharrezkoa dena egingo dute joan nahi duten ikasleak aukera izan dezaten.
Esperientzia aldatu nahi izan dute aurten, Salou ohiko bidaiaren ordez, ongi pasatzea hutsari, gehitu nahi izan diotelako kultura, eta zer egin horretan ari zirenean San Bizente Ikastolarekin harremanetan jarri ziren eta haiekin joatea erabaki zuten. Elkarrekin joan dira 3. eta 4.mailako DBHko ikasleak, internet bidez lehen harremanak gauzatuta. Lagun bihurtu dira bidean, esperientziek elkartu baitituzte. Zein aukera paregabea London bezalako hiri kosmopolita ezagutzeko! Antolatu dira ongi, zer ikusi aurretik erabakita. Denerako eman die denbora, hiriaren erdialdean ostatu hartuta. Asko pasiatu dira, gaztetasunak lagunduta. Aho zabalik ibili dira, inguruak ikusita. Ikastola bakoitzetik bina irakaslerekin joan dira, eta haiekin ere gozatu dute. Harremana egina dago, San Prudentziotan Aguraingoak Oionera joan baitira eta Aste Santuko oporretan Oiongoak Agurainen egon ziren; San Juanetan berriro Errioxatik Lautadara, zergatik ez? hizkuntza, ohiturak, kultura eta adiskidetasuna partekatzera.