IKASTOLA 219 > ikastolak > Elgoibarko ikastolak Hezkuntza Euskadi Google Apps 5. Topaketetan hartu du parte

Elgoibar Ikastola

Elgoibarko ikastolak Hezkuntza Euskadi Google Apps 5. Topaketetan hartu du parte

V. edizioa apirilaren 21ean Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin da

Elgoibar Ikastola partaide eraginkorra izan da “Educación Euskadi Google Apps” jardunaldien azken bi ediziotan, bere esperientzia partekatu baitu bi hitzaldi medio. Pasa den ikasturtean “Kudeatu zure ikaskuntza” izenarekin ikastolak “Horrela Bai” izeneko koaderno digitala aurkeztu zuen eta aurtengo edizioan “Future Classroom Toolkit etorkizuna errealitate bihurtua” izeneko ponentzia.

"Educación Euskadi Google Apps" ekimena duela 5 urte sortu zen. Bizkaiko irakasle eta ikastetxe talde batek sortu zuen, mota horretako tresnak hezkuntzan erabiltzean sortzen diren esperientzia, ezagutza eta zalantza teknikoak nahiz estrategikoak partekatzeko.  

Jardunaldi honen helburu nagusiak honako hauek izan ziren: Ideiak eta esperientziak partekatzeko elkargune birtuala duen Ikastetxeen talde bat sendotzea. Administrazioak ezagutuko duen "ikastetxe sare" bat sortzea EAEn. Norbanakoen zalantzak eta esperientzien partekatzea erraztea eta aldiroko ikastetxe partaideen praktika onak elkarri erakusteko aurkezpenak egitea.

V. edizioa apirilaren 21ean Gasteizko Europa Biltzar Jauregian  ospatu da. Topaketa hauen gai nagusia ‘GOOGLE APPS IKASGELAN’ izan da. Esparru honetan, bai didaktika arloko berrikuntzak eta bai azpiegiturakoak hartu dira kontuan.

Ekitaldian bi hitzaldi eman dira: Lehenengoan, Hezkuntza Zientzietan Doktorea eta hezkuntzari aplikatutako Teknologietan aditua den Mercé Gisbert-en - “Competencia digital docente. Estrategias y herramientas para su desarrollo” hitzaldia eta, ondoren, Google Apps Educación-eko Marc Sanz Lópezek eman zuen -"Google for Education Vision" ponentzia. Hitzaldien ostean, ikastetxeetako esperientzia praktikoak aurkeztu ziren eta, aldi berean,  tresnen erabilpenari buruzko tailerrak eta Chromebook dispositiboen erakusketa eskaini ziren.

Gure kasuan, -"Future Classroom Toolkit", etorkizuna errealitate bihurtua izeneko ponentzia aurkeztu genuen Miren Arrate Arrietaren (ingeleseko irakaslea ) eta Koldo Berasategiren (IKT arduraduna eta teknologia irakaslea) aurkezpena  medio. Ponentzia  bi zatitan bereiztu genuen, alde batetik, Bruselasen Herbehereetako eta Erresuma Batuko ikastetxeekin batera, Google-ek eta ACER-ek Bruselasen (Future Classroom Lab) antolatu zuten “Chomebook Pilot and Professional Development” programan izandako esperientziaren berri eman genuen (aplikazio pedagogiko berritzaileak ikasgelara enfokatuak eta horien aplikazio praktikoa gure ikastolan) eta, bestetik, Elgoibar ikastolak egin duen ahalegin berezia azpiegitura egokitzen “app” horiekin lan egin ahal izateko, Chromebook dispositiboak erabiliz, aldi berean, ikastetxeko sarea ere eskuragarri izanik.

 
ikastola 219
2016 Ekaina
219