IKASTOLA 219 > ikastolak > GUREAK Fundazioarekin elkarlanean eskola-integrazioaz ikertzeko

Axular Lizeoa, Donostia

GUREAK Fundazioarekin elkarlanean eskola-integrazioaz ikertzeko

bi erakundeek erakutsi dute e-learning-a eta baliabide digitalak nola erabil daitezkeen

Desgaitasuna duten pertsonen eskola-integrazioaz ikertzeko bi erakundeek erakutsi dute e-learning-a eta baliabide digitalak nola erabil daitezkeen. Helburua da ikasketa-jarduera onak bultzatzea, eskola inklusibo eta irisgarriagoak lortzearren. Proiektua hezkuntza-profesionalentzako formakuntza-programa batean islatuko da, metodo interaktibo berritzaileen gidaliburua ere izango duena. Jarduera ezberdinak bultzatu dituzte eta, bat aipatzearren, Donostiako kale bat Road Show eszenatoki bihurtu dute goiz baterako.

 

Proiektua LeGoP-Learning Good Practices markoan kokatzen da, Europar Batasunaren Erasmus Plus programaren barruan. Italia, Holanda eta Euskal Herriko bost erakuderen arteko trukaketarako eta elkarlanerako proiektua baita, hezkuntza, formakuntza, gazteria eta kirola bultzatzen dituenak.


Gureak-ek eta Axular Lizeoak bi urte daramate elkarlanean desgaitasuna duten pertsonen integrazioa eskolan bultzatzeko, eta e-learning eta baliabide digitalek horretan nola laguntzen duten erakusteko. Xedea ere bada metodo interaktibo berritzaileen gidaliburua egitea.

ROAD SHOWa Donostiako Andia kalean

Zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasunaz sentsibilizatzeko asmoarekin erabaki zuten Road Show bat antolatzea Donostia erdialdeko kale batean, Andia kalean hain zuzen. Kalea eszenatokia bihurtu zuten, eta bertan Gureak-eko pertsonek tailer gidatuak prestatu zituzten hurbiltzen ziren bisitariak desgaitasuna duten pertsonekin harremanetan jartzeko. Esperientzia interesgarria izan zen!

Horri gehitu zitzaion Gureak-eko ikusentzunezko taldeak “Jolastera” saioa zuzenean grabatu zuela, bisitariak berriro ere gonbidatuz galdera-erantzunen lehiaketa batean parte hartzera; eta, aldi berean, Axular Lizeoko ikasleak bisitariei homofobiari buruzko inkesta eginez.

Goizaren saioa amaitzeko, Axularreko ikasleak euskal tradizioan oinarritutako irisgarritasun eta homofobiari buruzko dantza egin zuten, gonbidatuz ikasle eta irakasle italiarrak eta Gureak-eko pertsonak dantzara, ikusleen baieztapenarekin.

Zer da LeGoP programa?

Desgaitasuna duten pertsonen eskolarako integrazioaren hobekuntzarako bideak jorratzea da, eta homofobia eskoletan saihestea. Horretarako, bereziki, e-learning eta baliabide digitalak erabiltzen dira.

LeGoP programa Barin (Italia) jarri zen martxan 2014-2015 ikasturtean. Euskal Herriko Gureak Fundazioak eta Axular Lizeoak lekukoa hartu zuten beste batzurekin batera: Bariko Salvemini Liceo-a, Elpendu (desgaitasuna duten pertsonei lan-aukerak eskaintzen dizkien Italia hegoaldeko kooperatiba-elkartea dena) eta GALErekin (homofobiaren aurkako sentsibilizazioan eskoletan lan egiten duen erakunde holandarra). Partaide horiez gain, Amsterdameko Hyperion College eskolak programatutako hainbat jardueratan kolaboratu du, bazkide formala ez izan arren.

Erakunde horien guztien helburu nagusia da desgaitasuna duten pertsonen eskolako integrazioaren hobekuntzarako bideak jorratzea, eta homofobia eskoletan sahistea. Horretarako, bereziki, e-learning eta baliabide digitalak erabiltzen ari dira.

Trukaketa hauen azken emaitza irakasle eta formatzaileentzako ikastaro batean isladatuko da, desgaitasuna duten pertsonen ikaskuntza teknologia berrien bidez nola erraz daitekeen erakutsiko duena. Halaber, e-learning formakuntza-programa ere garatzen ari dira homosexual zein LGBT pertsona guztiekiko errespetuzko jarrerak zabaltzeko ikasleen artean, baita Toolkit bat ere hiru herrialdeetako hezkuntza barruko desgaitasun, integrazio eta teknologia berriekin zerikusia duten jarduera onak bilduko dituena.

Ibilbidean zehar, Donostiako Axular Lizeoa ari da aurkezten nolakoa den ikasleen aniztasunari erantzuna emateko erabiltzen dituen teknika pedagogikoak, teknologia berriekin erlazionatutakoak, baita sexu aniztasunaren inguruan Lahia-Nahia eta Gehitu-rekin batera garatzen ari den heziketa-balore; eta, Matia Fundazioarekin elkarlanean, azken 19 urteotan, martxan daukan belaunaldien arteko boluntariotza-proiektua ere.

Gureak-ek 40 urte daramatza lanean desgaitasuna duten pertsonei lan-aukera egonkorrak eskaintzeko, bereziki desgaitasun intelektuala dutenentzako. Hark ere proiektu europar honetan desgaitasunaz duen esperientzia zabala eskaintzen ari da. Gureak-ek hainbat teknika eta programa digital garatu ditu, desgaitasun duten pertsonak beren lanpostuetan egokitzen laguntzeko. LeGoP programari esker, teknika horiek hezkuntza-mundura zabalduko dira!


 

ikastola 219
2016 Ekaina
219