Lizarra Ikastola, Lizarra
Zer egin galdutako jantziekin?
Konpetentziak garatzeko hiru urtekoen gelan.
Lizarra Ikastolak Haur Hezkuntzan konpetentziak lantzeko proiektuak abian ditu. Andereñok jertsea patioan ahaztu eta galdu egin du. Non bilatu? Zer egin? Arazo
ikaragarria sortu zaigu gelan, izugarria benetan. Ikastolan badago ontzi erraldoi bat galdutako arropez beteta, guretzat oso handia dena, bulegoen ondoan dagoen
txoko ilun batean gordetzen dena. Joango gara denok elkarrekin jertsea bilatzera? Proposatu digu gure andereñoak.
Hemen hasten da konpetentziak garatzeko 3 urteko gelan aurrera eramaten dugun. Bateratze Lana edo proiektua. Hasiera batean, 3 urteko umeekin konpetentziak
landu behar genituela eta, zaila egin zitzaigun ulertzea nola demontre ume txiki bezain azkarrekin, horrelako konplexutasuna erakusten zuten esparruak jorratzea.
Baina, zergatik ez dira gai izango gure umeak aurretik ikasi dutena kontestu erreal batetan aplikatzeko?
Hau da etorkizun hurbileko irakaskuntza-ikaskuntzaren gakoa. Zertarako ikasi eta ikasi gero ikasleak ez badira gai kontestu batetan ikasketa horiek aplikatzeko?
Konpetentziak garatzeko lan hauek, beraz, “arazo” erreal batetan oinarritzen dira, autonomia eta ardura ardatz dutelarik. Zer esanik ez Haur Hezkuntzako Etapan.
Haurrek egoera bizi behar dute, sentitu, eta hori lortzeko benetako edo egiazko kontestua beharrezkoa egiten zaie.
Bateratze Lanetan planteatzen diren arazoei aurre egiteko prozesua denon artean adostua da eta azkenean honi konponbide bat ematea da gure helburua, “zerbait”
eginez. Hau da, guztietan, produktu bat, amaiera bat lortzea da gure erronka. Era berean, egiten duguna ezinbestekoa da gizarteratzea, komunikatzea, gelatik
kanpora ateratzea, besteekin esperientzia konpartitu ahal izateko. Proiektu hauetan, batean edo bestean, Ikastolako erakunde desberdinak inplikatuta daude;
zuzendaria, bulegaria, idazkaria, sukaldaria, atezaina, beste irakasleak, gurasoak,... hauen inplikazioa beharrezkoa da, ikasleek ere parte direla bizi eta horren
ondorioz, ikasi behar dutelako.
Beti argi izan dugu Haur Hezkuntzako Etapan autonomia eta nortasunaren garapena ezinbestekoa dela arlo guztietan aurrera egiteko. Bada, Bateratze Lan
hauetan planteatzen diren jarduerak adinari egokitutakoak dira, noski, hauek autonomiaz eta arduraz burutzea baitugu helburu. Irakasleok ahalik eta
interbentzio gutxien izan behar dugu ikasleak lanean ari direnean, ikasi dutena martxan jartzen eta aplikatzen ari baitira.
Autonomiaz ekitea eskatzen badiegu, egunero edo saio bakoitzeko jarduna argi izan behar dute. Horregatik, behin prozesua denon artean adostua dagoenean,
irudikatu egiten dugu; haiek, non gauden, zer egin behar dugun, bihar zer egingo dugun... jakiteko.
Lehenengo eguna da. Ontzi erraldoiaren bila joan gara eta han galduta dauden jantziak ikusi ditugu. Hasiera batean ez dugu andereñoaren jertsea topatu, arropa
gehiegi dago han. Andereñoa hasi da jantziak mugitzen, berokiak, bufandak, galtzak, txanoak, galtzerdiak... dantzan hasi dira, eta azkenean agertu da, ikusi
dugu andereñoaren jertsea, lortu dugu! Benetan polita da, marrubiz egina dagoela ematen du, gorri-gorri da. Baina tokia ez da oso atsegina eta gelara bueltatu gara.
Eztabaida piztu da. Andereñoak esan digu ea arropa gutxi edo asko zegoen kaxa erraldoi horretan,... arropa gehienak gainera hor egoten dira denbora luzez hautsa
hartzen. Hor egoten badira pilatuta jaberik eta etxerik lortu gabe, zer egin haiekin? Zerbait egitea pentsatu dugu, horrek ezin du horrela jarraitu,...
Bigarren eguna. Bulegariari eskutitza idatzi diogu kutxa erraldoia gelara ekartzeko baimena eskatuz. Andereñoak galdegin digu ea zer jartzen den hasieran,
eta nik esandakoa berak idatzi du: “Kaixo Ana”, hori baita egin behar den lehenengo gauza eskutitz batean, agurtu. Ondoren baimena eskatu, eta azkenik
agurra eta guztion sinadura. Gelako enkargugileek eraman dute eskutitza.