Andra Mari Ikastola, Zornotza
DBHrako inauguratu dute eraikin dotorea
Hiru solairuko eraikin zabala eta argitsua
Aurten 50 urte betezen ditu ikastolak.
Aurten 50 urte betetzen dituen Andramari Zornotzako ikastolak 2005ean egin zuen bigarren lerroa martxan jartzeko apustua, horra hor eraikin berriaren zergatia. Lehenengo hiru urteak gogorrak izan ziren, gurasoek beraien esku hartu behar izan baitzuten bigarren lerroaren karga ekonomikoa. Hamaika urtetako lan bortitza izan da ikastolarentzat, 2008ko ibilaldia medio, helburua lortu ahal izateko, baina lortu da eta harro gaude.
Eraikin berriko obrak 2014ko abuztuan hasi ziren eta 2015ko abuztuan amaitu genituen. Obra ikasturte osoan zehar burutu zen eta goraipatzekoa da ikasle, irakasle, langile eta gurasoen pazientzia. Eta hitz hauen bidez eskertu nahi diegu hori. DBHko eraikin berriak 1.688,81m²ko ditu. Erronketariko bat ingurua errespetatzea eta betiko eraikinarekin lotura naturala egitea izan zen, ikasle, irakasle, langile eta gurasoentzako espazio erosoak sortuz eta estetikoki bateragarria izanez. Orain, eraikina ikustea baino ez dago, ikastolaren etorkizuna eta berritzailetasuna agerian geratu baita. Hiru solairuko eraikin zabal eta argitsua lortu dugu. Lehenengo solairuan bulegoak, laborategia eta liburutegia daude. Liburutegiko horma guztiak kristalezkoak dira, argitasuna eta zabaltasuna ematen dituelarik, edozein lekutara begirada botata natura baino ez dela ikusten.
Bigarren eta hirugarren solairuan gelak eta tutoretzak ditugu (ikasle gelak, laguntza gelak, tutoretza, musika…). Andramari Ikastolak apustu berezia egin du musika, plastika, dantza… ikasleen adimen logikoa eta sormena uztartuta indartzen diren espazio handietan.
Berrogeita hamar urte beteko ditugu aurten. Orduko garaia gogoratuz, etorkizuna idazten hasita gaude, izan ere hobekuntzak, baina, ez dira DBHko etapara mugatu, Haurtzaindegia berritzen ere baikabiltza!
Gizarte aldaketak, familia eredu berriak… aldaketa hauei guztiei erantzuna eman behar zaienez, Haur Hezkuntzan (0-6 urte) etapa gaurkotze eta egokitze lanetan gabiltza. Orain arte daukagunari berrikuntza pedagogikoak gehituz ari gara, gure haurrekin lotura egokia izan, osotasunean ulertu, hezi eta hazteko asmoarekin.
2016ko martxoaren 5ean eraikin berriren inaugurazioa burutu genuen.
Herritik sortua, herriarentzat!! Ikastolak horrela ospatu nahi izan zuen egun berezi hori, HERRIAREKIN! Eta horrela izan zen: udaletxetik alkatea eta hainbat zinegotzi hurbildu ziren, Bizkaiako Hezkuntza Delegatua ere bertan izan zen, baita Ikastolen Elkarteko Lehendakaria ere. Baina ez ziren bakarrik egon, ikastola osatzen duten irakasle eta langileek, gurasoek, ikasleek, aitita-amamek, garai baten irakasle eta langile izandakoek, auzokoek, herritarrek, zornotzarrek… ere hartu baitzuten parte. Eta guztioi harrera eta ongi etorria ematen, txalaparta doinua entzuten zen bitartean, ANDRAMARI ikastolako lehendakariaren hitzak entzun genituen.
Ekitaldi atsegin eta hurbila ikusi eta entzuteko aukera izan genuen: ikasle ohien bertso pare batekin eman zitzaion hasiera jaialdiari, eta aurkezlearen hitzek bikain bideratu gintuzten emanaldi osoan; guraso batek 4 eta 7 urte bitarteko umeekin IZARREN HAUTSA abestiaren koreografia gozo eta hunkigarria prestatu zuen; Andramariko guraso ohien abesbatzaren eta sopranoarekin, guraso baten eskutik OI AMA EUSKAL HERRI kantu zirraragarria entzun genuen; eta, azkenik, ikastolako bi ikaslek eta ikasle ohi batek ON EGIN!! ikuskizunak harrituta utzi gintuen.
Grinaz eta gogoz egindako lanak fruituak ematen dituela ikusi genuen eta ikastolaren izaera, sena, filosofia eta balioak nabarmendu ziren ekitaldi osoan zehar. Azken finean esaldiak dioenez IZAN ZIRELAKO GARA ETA GARELAKO IZANGO DIRA. Datorren ikasturtean ospatuko ditugu 50 urteurrenak!!