Urretxindorra Ikastola, Bilbo
Bilbo berrian bere neurriko Lehen Hezkuntzarako eraikina
Lehen harria jarri dute
Ekitaldi xumea egin dute eta kalejiran hurbildu dira eraikin berrira.
Mirabilla auzoan, ikastolaren lehengo jolastokian lurperatu dute lehen harria eraikin berria altxatzeko, Lehen Hezkuntzarako. Ekitaldi xumea izan da, ikastola barruko
kontsumorako. Harriaren ordez kutxa izan da, ikasle bakoitzeko marrazkia edo-eta hitzak sartuta. DBHko ikasleak arduratu dira gelaz gela hori antolatzen eta jasotzen,
guztien desioak biltzen. Eraikin zabal eta moderno berria lau espaziotan banatuko da.
Lehenengo solairuak hartuko du kirol erabilera anitzetarako estalitako pista. Bere gaineko bi solairuetan egongo dira punta-puntako ikasgelak, ekitaldi aretoa eta erabilera
ezberdinerako gelak. Teilatuari ere irteera berezia emango zaio, bertan joango baita hiri-ortu ekologikoaren proiektu berritzailea.
Gurasoak, ikasleak eta ikastolako langileak elkartu dira ekitaldian, euriagatik frontoi azpian. Bertsoek, dantza eta kantek berotu dute giroa, eta kalejiran hurbildu dira eraikin berria altxatzen hasi diren eremura, pozez gainezka.