IKASTOLA 217 > ikastolak > Euskararen birika berria Lautadarako, geroari begira

Lautada Ikastola, Agurainen

Euskararen birika berria Lautadarako, geroari begira

Aurtengo Araba Euskarazko antolatzailea

Aire berriak eskualdean. 

Irakasleak ilusioz beterik daude ikastolen taldean sentitu direlako, lagunduta, proiektu berriaren partaide. Gu, gurasook, ere oso pozik gaude euren ibilbidearekin, ziur baikaude itsasontzi berean gabiltzala, batera, elkarren konfiantzan; haiekiko oso eskertuak ere bagaude, jakin badakigulako zenbat lan egiten ari diren egitasmoa aurrera ateratzeko, zenbat ordu eta inplikazio. Elkarrekin ikasi dugu, eta dagoeneko hizkuntza berean komunikatzen gara. Ikasleek ere asko ikasi dute. Gure seme-alabak sentitzen dute gurasoon ilusioa, badakite proiektuan sinesten dugula, eta buru belarri ari garela lanean. Sentipen hori bere egin dute, eta ikastola beren etxe bihurtu. Ez dira ikasle hutsak; ikastola maite dute.
 

Salto handia eman dugu 2010ez geroztik, orduantxe kooperatiba berria sortu genuen, proiektu berrian sartu ginen “Gogo biziz” Araba Euskaraz-eko leloak zioen bezalaxe; itxaropentsu sartu ginen eta taldea osatu. Orain, sei urte ondoren, ziurtatu dezakegu taldea handitu egin dela, kooperatiba sendotu egin dela, eta etorkizunari begira jende gaztez inguratu garela. “Geroari begira” dio aurtengo leloak non biltzen diren gure urratsak: lehena, ikastola proiektuan izugarri aurreratu dugula, baita zabaldu ere. Bigarrena, motxilan daramagun esperientziak laguntzen digula ilusio handiagoarekin jarraitzea. Aipatzekoa da duela sei urte lagundu gintuzten pertsona ugari hurbildu zaizkigula berriro ere gurekin bat egiteko, gure proiektua promozionatzeko eta Lautada Ikastolaren alde egiteko. 2010ean jaio berria zen ikastola etorkizunari begirako ilusioz beteriko ikastetxe bihurtu da, Euskararen birika berri bat Lautada eskualderako.

Ikastola barnean ere aldaketa baikor ugari izan ditugu. Irakasleak ilusioz beterik daude: hasierako aldaketa gogorra izan zen arren, kontrako beste errealitatetik baitzetozen zaharkituta zegoen egoeratik, proiektu berrian sartzeko aukera izan dute, errealitate guztiz berria, metodologia berria, formazio berria, lankide berriak … eta ondorioa da pozez zoratzen daudela, ikastolen taldean sentitu direla, lagunduta, proiektu berriaren partaide. Asko ikasi dutela esaten digute. Gu, gurasook, ere oso pozik gaude euren ibilbidearekin ziur baikaude itsasontzi berean gabiltzala, batera, elkarren konfiantzan; haiekiko oso eskertuak ere bagaude, jakin badakigulako zenbat lan egiten ari diren egitasmoa aurrera ateratzeko, zenbat ordu eta inplikazio. Elkarrekin ikasi dugu, eta dagoeneko hizkuntza berean komunikatzen gara.

Ikasleek ere asko ikasi dute. Beste ikastetxeekin alderatuta, gure seme-alabak sentitzen dute gurasoon ilusioa, badakite proiektuan sinesten dugula, eta buru belarri ari garela lanean. Sentipen hori berea egin dute, eta ikastola bere etxe bihurtu. Euren ikastetxea dela badakite non ikastera etortzen diren, baina hori baino askoz gehiago dela konturatuta daude, eta horregatik euren estilora, euren modura, euren ekarpena gehitzen diote proiektuari: ez dira ikasle hutsak; ikastola maite dute.

Herrian eta eskualdean ere aire berria dago, Lautada Ikastola sendotzen ari den neurrian herritarrak ere ohartuta daude gure ilusio eta gogoaz. Ikustea besterik ez zegoen AE-ko aurkezpenean herri-antzokia nola lepo bete zen, eskualde osotik jendea nola hurbildu zitzaigun. Hunkigarria izan zen guretzat! Udalarekin ere harreman estua izan dugu hasieratik, alderdi batekin zein bestearekin, biekin, oso ongi.

Hitz hauek profitatu nahi ditugu gonbidapena luzatzeko, jendea etor dadin Araba Euskarazera. Euskal Herri osotik etor daitezela ekainaren 19an Agurainera; eta gonbidapen hau bereziki arabatarrei luzatu nahi genieke, Arabako ikastolen jaiaren arrakastak hauspo handia ematen diolako guztiona den proiektuari. Badakizue non izango garen ekainaren hirugarren igandean!!!

ikastola 217
2016 Otsaila
217