IKASTOLA 217 > ikastolak > Sahararekin elkartasuna, Tinfundeko Kanpalekuetan

Txintxirri Ikastola, Elorrion

Sahararekin elkartasuna, Tinfundeko Kanpalekuetan

Amgala proiektua

Hitzez hitz jaso dugu Txintxirri Ikastolakoak web gunean idatzi dutena, bihotzarekin idatzi baitituzte Saharan bizi izan dituzten bizipenak.

“Abenduaren 5etik 12ra izan gara berriro ere Tinduf-eko kanpalekuetan. Oraingoan Elorriotik hamasei kide joan gara, horietatik bederatzi ikasleak izanik eta beste hiruk irakasle. Bidaia luzea izan den arren, aldi berean goxoa izan dela esan dezakegu, bereziki helburu guztiak bete baitira, eta gu oso ongi tratatu gaituztelako.Bertako laurogeita hamar familiari ur-deposituak banatu dizkiegu. Imajina dezakezue zien pozik hartu dituzten, argazkiak ikustea baino ez dago euren esker ona irribarre handiarekin adierazten baitigute. Ortuak ere bisitatu ditugu, aurreko urteko gure ekarpenak izan zirenak. Pena handia izan da ikustea azaroko uholdeek eragindako kalteak baina, hala eta guztiz ere, tomate ederren bat begiratzeko aukera izan dugu! Azkenik, Lajwad museoa inauguratu dugu Amgalan. Hara joan aurretik museoa aurrera ateratzeko laguntza eskatu ziguten eta, harrotasunez esan dezakegu  jadanik martxan dagoela. Euren kultura eta folkloreko tresnak erakusgai jarri dituzte bertan, duintasun handiarekin. Han, egun ederra pasa genuen Dairako emakumeekin!

Horiez gain, “Ocho de marzo” eskola bisitatu genuen, eta arratsalde batez gure ikasleek bertako ikasleekin batera egoteko aukera izan zuten. Zelako esperientzia aberasgarria: adin berekoak izanik, ohitura diferenteak, egoera eta bizipen ezberdinak trukatzeko eta ulertzeko aukera, horiei buruz hitz egiteko tartea izan zuten, batzuek eta besteek ondorioak ateratzeko urrats bihurtu.

Gure maleta handietan eramandako material guztia banatu dugu. Ibilaldiko kamisetak, janaria, botikak eta eskolarako materiala. Pakete osoa arduradunei eman diegu, beharraren arabera, egoki ikusten duten modura banatzeko. Lerro hauek profitatu nahi ditugu lagundu diguzuen guztiei esker ona adierazteko, haien izenean eta gurean ere bai.

Bi gauzatxo azpimarratu eta goraipatu nahi ditugu. Alde batetik, Dairako emakumeen eskutik jasotako eskerrak! Museoaren inaugurazioan jaia antolatu ziguten, eta arduradunek benetan eskertu zuten gure lana. Eta bestetik, Frente Polisarioko Euskal Herriko ordezkariak bere kanpalekuan beste jaitxo bat antolatu zigun bertara joan izana eskertzeko. Nazio arteko egoera nahasi honetan, gure joateko erabakiarekin aurrera egitea oso ondo baloratu zuten, eta gure ikasleen jarrera eta laguntzeko grina azpimarratu zituzten. Halako une hunkigarria izan zen, non eta malkoren bat edo beste jauzi ziren. Sorpresaren bat ere jaso genuen: Txintxirri Ikastolaren izena zeramaten pasteltxoak eskaini zizkiguten, eta oparirekin itzuli gara ikastolara. SHUKRAN, Eskerrik asko gure partetik ere bai!

Esperientzia bikaina izan da. Horrelako esperientziak dira elkartasunaren alde egindako apustuen fruitu. Halako ekimenak aurrera eramatea denon erronka dira, eta harro egon behar dugu egindakoarekin. Bidaia bukatu da, bai, baina Sahara proiektuak aurrera jarraitzen du. Oraintxe karabana janari bilketarekin hasi gara. Oraindik ikastolan dugun materialarekin eta jasotakoarekin txukun prestatu eta karabanarekin bidaliko dugu, elkarrekin elkartasunean.

Urtarrilean joan dira gure ikasleak Lekeitiko RM Azkue Ikastolara gure proiektuaren berri aurkeztera, helburuak, ekintzak eta bidaiaren berri emateko.
Bukatzeko aipatu nahi dugu Txintxirri Ikastolak bere bideari orain artean bezala helduko diola, Sahara proiektuarekin jarraituko dugula, denon artean eraikitzen jarraituko dugula, ziur baikaude bide onetik goazela. Denon esku dago egindako lan guzti hau lau haizetara zabaltzea!”

 

ikastola 217
2016 Otsaila
217