Haztegi Ikastola, Legazpi
Ikasleengan sinesten duen ikastola
2010-2011 ikasturtean diagnosia egin zuten ikastolan.
elkarbizitza hobetzeko zer egin aztertu nahian, eta erabakiak hartu zituzten.
2010-2011 ikasturtean diagnosia egin zuten ikastolan, elkarbizitza hobetzeko zer egin aztertu nahian, eta erabakiak hartu zituzten. Ikasleen arteko harremanak sendotzea erabaki zuten, kidetza ezberdinak bultzatzea, heldu eta txikien arteko kidetza lantzea, elkarri laguntzea, har eta ematea. Mezua berdinen artean errazagoa ulertuta onuragarria da, guztiak aberasten baitira. Egite horretan ikasleak jarri dituzte eta ikastola osoa inplikatu da.
Bizikidetza, Elkarkidetza, Elkarbizitza, Golden 5, Agenda 21 ... Haztegi Ikastolan martxa bizia dute proiektu ezberdinak elkartuta helburu berdinetara iristeko, eta hori da ikasleen elkarbizitza hobetzea, ikasleak ikasleen artean eginez. Ikastolan bildu gara zuzendariarekin eta tutoreekin horien berri izateko, eta hauek dira atera ditugun ondorioak.
Lehen ondorioa da hezkidetza inguruan Haztegi Ikastolako klaustro osoa inplikatuta dagoela, formazioa jasotzen duela, irakasle guztiek talderen batean izendatuta ordu batzuk gaiari eskaintzen dizkiotela, elkarren berri dutela, eta elkarrekin egitasmoak aurrera ateratzen dituztela. Zuzendaritza taldeak ikasturte planean proiektuak txertatzen ditu, baita ekintzak aurrera eramateko denbora antolaketa ere.
Bigarren ondorioa da bi proiektu batera lan egiteak asko laguntzen duela, sinergiak batuz eta lana erraztuz.
Bizikidetza proiektutik abiatu gara. Abenduaren 14tik 17ra bitartean Elkarbizitzako Prebentzio astea antolatu dute, eta bigarren ikasturtea da bultzatzen dutela. Lehenengotik formazioa jaso dute DBH 4-koek tutoreekin eta orientatzaileekin: zer da bullina, zer da ondo sentitzea, auto-estima, biktima edo lekuko izatea... eta hartu duten hori zabaldu dute DBH 1-2-3 eta LH-5en artean. Behaketa lan bat egiten dute. Ikasle bakoitzak talde bat izan du izendatuta eta jolas orduan behatu egin dute: mailako harremanak nolakoak diren, ikasleren bat baztertuta ikusi badute, lidergoak nola eramaten diren... gelako "argazki" bat osatu arte. Hirugarren ondorioa da ikasleek asko ikusten dutela, ikusi eta hausnartu egiten dutela, ekintzaileak bihurtu eta saioen gidaritza eraman dutela. Tutoreek proiektuaren garrantziaren transmisioa eta jarraipena egin dute.
Batxillergoko ikasleekin gai konkretuagoak landu dituzte. Zer da cibermanagerak, adibidez, eta ondoren ikasleek gurasoei hitzaldiak eman dizkiete: ezagutu zer diren sare sozialak, dagoenarekin bizitzen ikasi behar da, ez beldurtu horiekin, jakin eta hitz egin etxean... oso gertuko mezuak eman dituzte, eta gurasoek asko eskertu dute hurbilketa, gazteekin batera hausnartzea.
Laugarren ondorioa da ikasleen arteko harremanak oso positiboak direla, errealagoak, txikiek handienekin ikasten dutela, handiek txikiekin sorpresak hartzen dituztela, konturatzen baitira irakasleek esandakoa gerta daitekeela, gelan sartzeak suposatzen duenarekin.
Bosgarren ondorioa da ekintzak hasi eta amaitu behar dutela, eta hori argitzeko adibidea jarri digute. DBHn, bi irakasleren artean malgutasunez arituz, helburu bat jarri zieten ikasleei: talde bakoitzak kaxa bat egin behar zuen. Horretarako sei poltsa prestatu zituzten aurretik material ezberdin zutenak. Talde bakoitzak poltsa bana hartu zuen. Sorpresa zen poltsa guztiak ezberdinak zirela, batak kartulina bazuen, ez zuen guraizerik, eta zeloa zuenak ez zuen margorik, rotulagailuak zitunak ez zuen brillantinarik. Eta talde guztiek kaxa bat osatu behar zuten, eta politena aukeratu. Eztabaida biziak sortu ziren ikasleen artean, talde batek besteari eskatu behar, eman behar, adostu eta trukatu behar... Haserreak, negarrak, elkartasunak, inpotentziak, pozak... piztu ziren. Hantxe ziren kaxa guztiak eginak, eta erabaki behar zein zen politena... Estetikoki politena zena, ordea, ez zen erabaki; beste gauza asko baloratu baitziren: egitearen ahalegina, sormena, laguntza eta talde lana.
Horrelako kasuetan irakasleen papera garrantzitsua da, behatzaileak dira baina ezin dute hitz egin, ikasleen artean konpontzen ikasi behar baitute. Eta hau da seigarren ondorioa: ikasleek hausnarketa egiteko lehendabizi bizipena behar dutela ikusi, sentitu. Eta ondoren bai, irakasleek ondorioak ateratzen lagunduko diete.
Egitasmo ugari aipatzen dituzte: "Urrats bat aurrera, un paso adelante" izenekoa, erraza da antolatzen, ez du materialik behar, zeinetan ikasleak ohartzen diren denok ez dauzkagula aukera berdinak bizitzan. Agenda 21aren bidez egitasmo bereziak antolatzen dituzte, urteko gai bat aukeratuz. Iaz "Bizitzeko herria" izan zen eta aurten "Ekonomia jasangarria" da. Errealitatera egokitzea du helburu, ikasitakoa barneratzea eta norberaren kontestuan aplikatzea. Curriculuma gehi kudeaketa gehi parte-hartzea bultzatzen ditu ikasle bezala, pertsona bezala eta herritar bezala ulertuta. Eta azken honetan ikastolak harreman estua du Legazpiko herriarekin, eta udalarekin. Herriaren beharrekin. Eta horietan ikasleek ere parte hartzen dute: zer egin erabakitzen, izan garbiketan: auzolanean horma bat garbitzen eta margotzen. Izan elkartasunean: txoko solidarioetan parte hartzen, etorkinen beharrei erantzuten. Gabonetako ekintzak aztertzen: kontsumismoa, edo Elkarbizitza lantzen Gabon garaian. Genero Indarkeriaren Egunean pankarta handi bat egiten, non talde guztiek euren ekarpena egin zuten Ez ikusiarena ez egin lelopean. Ikasturte bukaeran Elkarbizitza Astea egiten da, azken astean, arratsaldetan tailer ezberdinak antolatzen.
Agenda 21eko bi ziurtagiri jasota ditu Haztegi Ikastolak.
Garagune eta Gureak Elkarteekin ere harreman zuzena dute. Eguneko zentrora joango dira ikasleak, liburu bat irakurtzen dute elkarrekin, eta egun batez elkartzen dira hortaz hitz egiteko, zer irakurri duten, zer jaso duten, zer gustatu zaien ala ez zaien gustatu, zerekin gelditu diren. Zahar Egoitzarekin ere harremana dute, bi arratsaldez joaten baitira musika jotzera edo jolastera. Ikasleek joko teknologikoak erakusten diete adinduei, eta horiek kartetan edo tokara jolasten.
Argi dago Haztegi Ikastola sentsibilitate handiko pertsonaz osatuta dagoela, betidanik horrela izan da, baina oraingo inpresioa dugu parte hartzen duten guztiek hala izateari ematen diotela garrantzia, hausnarketari, formazioari, konfiantza ekiteari eta, gainera, ikasleengan sinesten dutela.