IKASTOLA 217 > ikastolak > Ikasleen artean landu dute IKASTOLA eredua

Ibaizabal Ikastola, Durango

Ikasleen artean landu dute IKASTOLA eredua

Oinarrizko transmisioa ziurtatzeko

Zalantzatik abiatu gara, urte mordoa ikastolan eman, eta zaila egiten zaigu Ikastola eredua zer den azaltzea, ikasleek ikastolaren izana kontzienteki barneratu dutela bermatzea.

Oinarrizko transmisio egokiaren gabezia nabarmenduta, ikasle guztiengana iristea erabaki genuen ikastolan. 1. Batxilergoko eta Haur Hezkuntza Goi mailako zikloko lehen mailako ikasleak bihurtu dira eragile, eta erantzun egin diote erronkari: erakusketa bat antolatu dute, informazio ugari arakatu ondoren. Lau gelatan makro-sekuentzia bat osatu behar izan dute, lau atal nagusitan, atal bakoitzeko sei azpi-atal osatuz. Gela bakoitzak sei talde txiki sortu ditu, eta azpi-talde bakoitzak kartulina bat bete du erakusketarako, guztira 24 kartulina. Horiek ikastola osoan zehar kokatu dira, eta klase bakoitzak bere modalitateko bigarren kurtsokoentzat gauzatu du erakusketa gidatua. Talde guztiak elkartu eta denek denen berri jakin dute. Hilabete batez luzatu da. Lehen aldia izateko, oso balorazio positiboa egin dute. Gainontzeko ikastoletara esportatzeko proiektua dela esan du Erika Lagoma arduradunak.

Erika Lagoma irakasle nafarrak, bertsolari ezaguna eta egitasmo honen arduradunak eman dizkigu zehaztasunak. Lesakako Tantirumairu Ikastolako ikasle ohia ere bada.

“Urte pila ikastolan bizitu arren zalantzatik abiatu gara, urte mordoa ikastolan eman eta zaila zaigu Ikastola eredua zer den esplikatzea, ikasleek ikastolaren izana koszienteki barneratu dutela bermatzea . Konturatzen gara gure artean horri erantzuteko zailtasunak ditugula eta, hori horrela, oinarrizko transmisioa ziurtatu behar dugula, kontutan izanik gaurko ikasleak, etorkizuneko gurasoak izango direla.

Helburu orokorrak hiru izan dira. Bata, Ibaizabalera datozen ikasle berriek ikastolen izaerari buruzko jakintza eskuratzea. Bigarrena, Ibaizabalera datozen ikasle berriek ikastolarekiko atxikimendua garatzea eta ikastolako proiektuetan gehiago inplikatzea. Ikastolen inguruan sortutako jaialdi eta kanpainak ezagutzea. Ikasleak sortzaileak izatea, ez hartzaile soilak. Eta hirugarrena, Durangoko herriari ikastolen proiektua komunikatzea.

Ibaizabal Ikastolan Batxilergoko eta Haur Hezkuntzako ikasleak ditugu eta, egitasmo honen helburutako bat ikasle guztietara iristea izan denez, lehen kurtsotakoak hain zuzen bihurtu ditugu eragile.

Ardura hau proposatu zidatenean ez nuen egin nahi izan gela barruko zerbait, eta lankide batekin kontrastatuz erabaki genuen egokia izango zela erakusketa bat antolatzea, ez soilik gelakoa baizik eta ikasle guztiak inplikatuko zituena.

Komunikatiboki erronka modura planteatu dugu, makro-sekuentzia bat lau gelatan sortzeko. Lau atal nagusi izan ditu, eta atal bakoitzeko sei azpi-atal. Gela bakoitzean sei talde txiki antolatu dira, guztira 24 talde.

Hauek izan atal nagusiak: Lehena, “Hutsetik sortu” sei azpi-atal hauekin: Ikastolen sorrera, Euskara, Andereñoak, Gurasoak, Gerra zibila, eta egungo ikastolen mapa. Bigarrena, “Ibaizabal Ikastola” Hirugarrena, Ikastolen taldeko “Ekimenak” eta hemen ikastolen bost jaiak berezitu ditugu Ibilaldian sakonduz, Herri Urrats, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez, gehi Errigora eta Seaskako egutegiak. Eta azkenik “Eta nik zer?” hau da, nola hartzen dut nik parte ikastolako dinamikan? Auzolanak, irteerak, ateneoak, tertuliak, ikasle kontseiluak eta jaialdiak.

Informazioa bilatu, arakatu, jaso eta idatzi ondoren, azpi-talde bakoitzak kartulina batean bildu behar zuen hori guztia, baliabide gutxirekin baina ikasitakoa txukun adierazita. Orotara 24 kartulina egin dira, ikastolako eremuan zintzilikatu direnak. Gela bakoitzak bere modalitateko bigarren kurtsokoak gidatu ditu erakusketan zehar, argibideak emanez, zirkuitua osatuz eta talde guztiak elkartuz. Batxilergoko hiru espezialitate ditu Ibaizabalek: Giza-Gizarte, Teknologikoa eta Zientifikoa” kontatu digu.

Formatu interesgarria dela adierazi digu Erikak. Irakasleak egitasmoaren dinamizatzaile bihurtu dira, dinamizazio lan handia eskatzen du proiektuak. Azaroan burutu dute egitasmoa, eta balorazioa oso positiboa da, lehen aldia izanik urrats handi bat eman delako. Ikastola guztietara zabaltzeko modukoa!

ikastola 217
2016 Otsaila
217