Ikaslea da bere garapenaren protagonista nagusia gure ikastolan
Assa Ikastola - Lapuebla
Assa Ikastolan oinarrizkoa da familien arteko elkarlana
Hausnarketa sakon batetik abiatuta Haur Hezkuntzaren eskaintza berritzea erabaki genuen, 0-3 etaparako Hezkuntza markoa zehaztuz, helburua baita umearen ongizatea lortzea.
Proiektua aurrera eramateko HHrako espazioa egokitu dugu auzolanean, elkarlanean. Obra-diseinua guraso batek egin du, HHko irakasleekin, mantenuko langilerekin eta HH etapako gurasoekin batera.
Diana Garrido zuzendariak eman digu proiektuaren berri.
Arabar Errioxako ASSA IKASTOLA herriarentzat jaio zen ikastola da. EUSKARA eta EUSKAL KULTURA sustatzeko oinarripean, 70 hamarkadako gurasoek sortu zuten ikastola beharrak eraginda eta beste hezkuntza sistema baten bila, muga administratiboetatik harago, gure herrian eta eskualdean kokatzeko. Garai batean herrirako sortutako ikastola, ESKUALDEKO ikastola bihurtu da gaur egun.
ASSA Ikastolan oinarrizkoa da familien arteko elkarlana. Elkarrekin antolatzen eta gauzatzen diren ekintzak daude, elkarrekin hartzen baitira erabakiak, elkarrekin osatzen baita komunitatea. Ondorioz horrek pizten du ikastolekiko identifikazio handia, familia eta profesionalen artekoa; horrek dakar gertutasuna; horrek dakar familia giroa eratzea. Eta, aldi berean, aipatutako guzti horrek lortzen du hezkuntza komunitate osoa umearen garapen osasuntsuaren alde jartzea.
0-3 ETAPARAKO HAUR HEZKUNTZA PROIEKTU BERRITZAILEA
Pedagogia mailan badakigu azkeneko hamarkadetan haurtzaroaren inguruko ikerketa kopurua asko handitu dela, eta horrekin batera eraiki den ezagutzak pausu handia eman duela kualitatiboki. Bestalde, gizarte aldaketek haurtzaroaren egoeran eragin handia izan dute, bai familien izaerei dagokienez, bai egoera ekonomiko eta lan baldintzei dagokienez. Horiek guztiak kontutan izanik, hausnarketa sakon baten ondorioz, Ikastolok, eta hain zuzen ere gurea den ASSA IKASTOLAN erabaki dugu Haur Hezkuntzaren eskaintza gaurkotzea eta berritzea, eta horretan murgilduta gaude buru-belarri.
Pasa den ekainaren 17an, 0-3 urte bitarteko gurasoei aurkeztu genien proiektu berritzaile hau, hain zuzen ere, ASSA IKASTOLAKO 0-3 ETAPARAKO HEZKUNTZA MARKO BERRIA izen duena. Proiektu honen helburua da umearen ongizatea. Ongizatea lortuko dugu umeak dituen gaitasunak garatzeko aukera egokiak ematen badizkiogu, hau da, bizitzen duen guztiarekin loturak egiteko, dela helduarekin lotura esanguratsua eraikitzeko gaitasuna, bere burua eta testuingurua deskubritzeko gaitasuna, jolaserako gaitasuna, imitatzeko, esperimentatzekoa, modu ezberdinetan komunikatzeko, mugitzeko, adierazteko, barre egiteko, disfrutatzeko, egiteko, erabakiak hartzeko, … Aipatutako horretan guztian, bada nabarmentzeko ezaugarri bat: umea bera dela bere garapenaren protagonista.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa zaigu ikastolako Haur Hezkuntzako espazioa egokitzea. Honetarako, gure posibilitateen barruan, ohiko espazioarekin apurtu eta berri bat eraiki nahi izan dugu, non adin desberdinetako haurrek espazio irekia izango duten beraien garapen prozesua eman dadin, proiektu berri honetan oinarrituta.
Obra hau egiteko ASSA IKASTOLAREN izaera izan dugu oinarri, hau da, elkarlanean aritzea helburu komun baten inguruan. Obraren diseinuaren proiektua ikastolako aita batek diseinatu du, ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle eta mantenuko langileren laguntzarekin. Lan talde honekin batera adin hauetako gurasoak elkarlanean aritu dira guztion helburua lortzeko.