IKASTOLA 216 > ikastolak > Armentia Ikastola - Gasteiz
Armentia Ikastola - Gasteiz
Armentia Ikastola - Gasteiz
Armentia Ikastola - Gasteiz

Elikagai burujabetasuna helburu, jangelako menu eskaintzan

Armentia Ikastola - Gasteiz

Urterik urte ari dira jangelan urratsak ematen

Dagoeneko bide handia egina dute: inguruko bi baserritarri barazkiak eta lekariak erosten, Europar Batasuneko osasun erregistroei erantzuten, Urbide Otarre bidez, eta gurasoen kuotarik igo gabe. 

Baratza proiektua ere martxan dute, eta ortuaren ongarrilez, jantokiko soberakinekin egindako konposta erabiltzen dute. “Gizartean aldaketa ugari ematen ari dira mugikortasuna, elikadura eta hondakin bilketen inguruan eta Armentia Ikastolak ez du nahi prozesu honetan atzean gelditzea. “

“Bi oinarri izan ditu Armentiako jantokiko aldaketak. Lehena izan zen lan-taldea sortzea, zer motatako zerbitzua eskaini nahi genuen hausnartzeko; eta, bigarrena, obra egitea zeinetan sukaldea eta jangela goitik behera berritu genituen. Apustuak merezi izan du, zerbitzuaren kalitatea hobetu delako asko, gurasoen kuotarik ukitu gabe” kontatu digu Ibai Ruiz de Aretxabaleta arduradunak.  "Hasieran 200 ikasle gelditzen ziren eta hiru urtetan lortu dugu ia 450 ikaslek bazkaltzen gelditzea egunero ikastolako jangelan, eta horientzat nahi dugu zerbitzurik onena eskaintzea".

Eko Lurra  (215. zenbakia-Uda)  aldizkarian Ibairi egindako elkarrizketa hartu dugu informazio hau zehaztasunez osatzeko:

Duela hiru urte erabaki zuten helburu ikastolan produktu ekologikoak, bertakoak eta denboraldikoak erabiltzea sukaldean, eta horretarako inguruko bi baserritar ekologikorekin jarri ziren harremanetan: Bolibarreko Oskar Lopez de Lacallerekin eta Monasteriogunereko Mikel Diezekin. Haiek prest ziren produktuak saltzeko, baina jangela publikoa izanik, Europar Batasuneko erregistro mordoa bete behar zituzten. Horretarako ziurtagiri ekologikoa duen Urbide Otarrei esker lortu dute osasun bermea betetzea, horien zubi-lanari esker. "Guztia horri esker lortu dugu elikagai ekologikoak behar bezala eskaintzea".

Helburu argia ere bazen gurasoen kuotarik ez igotzea, eta hori ere lortu dute orain artean, urrats guztiak ongi neurtuak eta zehatzak izanik. Hurrengo pausua menuak erabakitzea izango da, kostuak, produktuak eta sasoitasuna kudeatzean.

Armentiarentzat jangela ikastolako hezkuntza-proiektuan sartuta dago. “Esan behar dugu sukalde mota honek aukera ematen digula ikasleekin beste gai garrantzitsu batzuk lantzeko, hau da, elikaduraz jabetzea, nekazaritzaz ikasteko, aztarna ekologikoaz, subirotasunaz eta bestez aritzeko. Jangela proiektu berean sartuta dugu jantokian sortzen diren hondakin organikoak egunero jasotzea, kalitatezko konposta lortzeko. Hori horrela Baratza egitasmoa martxan dugu. Egunero, txandakatuz, lau ikasle arduratzen dira barazki soberakinak biltzen ikastolako konpostara eramateko. Ekaia enpresak jantokiko hondakin organikoak jasotzen ditu, eta Narbaizara eramaten ditu bere azpiegituretan konposta egiteko. Hilabeteak pasa ahala, ongarria prest dagoenean, ikastolara ekartzen dute bertako ortuan eta lorategian erabiltzeko, zikloa betetzeko; eta hori da ikasleek ikasten dutena".

ikastola 216
2015 abendua
216