Inauguratu dute behar bezala ikastola berria Etxarrin
Andra Mari Ikastola - Etxarri Aranatz
Ikastolaren etorkizuna bermatzeko
Urrats handia da, denon artean lortutako erronka.
Eraikinak 2 eta 12 urterainoko haurrak hartuko ditu, LH 6. maila artekoak. Funtzionaltasuna, espazio gardenak, pareta mugikorrak, taldeka lan egiteko espazioak, gela tematikoak … ditu. Kanpoko espazioetan ikasle eta naturaren arteko erlazioa hartu da kontuan. Hiru eremu desberdindu dira: zelaia, non etorkizunean basotxo bat landatuko den, eta parkea, non sormena eta oreka lantzeko aukera izango duten; kiroletako kantxa eta frontoia. Eraikin hau Etxarriko udalak utzitako lurretan eraiki da.
Horregatik horretan parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrona adierazi nahi izan zaie, Andra Mari Ikastola hasieratik osatu eta lagundu duten kide guztiei: gurasoak, ikasleak, langileak, herritarrak, eragileak, Udalak eta instituzioak, enpresak eta 2009ko Nafarroa Oineza.
Andra Mari ikastolak, azaroaren 28an, Hezkuntza eraikinaren irekiera ekitaldia ospatu du. Eraikin berri hau, haurren euskarazko kalitatezko heziketa eskaintzeko egindako ahalegina izan da, ikastolaren etorkizuna bermatzeko urrats bat. Proiektua gauzatzea, denon artean lortutako erronka izan da eta ospatzeak merezi izan du. Horregatik ekitaldia, proiektu honetan parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrona adierazteko antolatu da. Hain zuzen ere, Andra Mari ikastola hasieratik osatu eta lagundu duten kide guzti guztiei; gurasoak, ikasleak, langileak, herritarrak, eragileak, instituzioak, enpresak …
Gogoratu nahi dugu bereziki eraikin hau finantzatzeko 2009an antolatu zen Nafarroa Oineza, bertan milaka eta milaka euskal herritarrek jarritako aleei esker ere izan baita posible hein handi batean orduko ametsa egia bihurtzea, “Txikiak Handi” leloak zioen bezala, bakoitzaren ekarpena txikia izan arren, guztien baturak helburua lortzen laguntzen du.
Ikastolaren bizitzan etapa berri baten hasiera da hau, lehen aipatu bezala ilusioz eta gogotsu hartu duguna. Herritik eta herriarentzat aspaldi hasitako bidea pausoz pauso egiten goaz, belaunaldiz belaunaldi lanean dihardugu; gaur egungo aiton amonek garai hartan bajera xume batean hasi zuten bideari, seme-alabek jarraipena eman diote eta bilobek jarraituko dute etorkizunean ere. Ekitaldi hau ikastolari horrenbeste ekarpen egin dion herri horri omenaldia eta eskerrak emateko modu bat izango da, baita ere.
Eraikinak 2 urtetatik hasi eta 12 urterainoko haurrak hartuko ditu, LH 6. maila artekoak. Funtzionaltasuna diseinuaren ardatzetako bat izan da, ondorengo urteetan datozen erronka pedagogiko zein teknologikoei erantzuna emateko asmotan. Espazio gardenak, pareta mugikorrak, taldeka lan egiteko espazioak, gela tematikoak…funtsean ikasketa prozesuan parte hartzen duten metodologia desberdinak aplikatu ahal izateko espazioak. Kanpoko espazioak diseinatzerako orduan, ikasle eta naturaren arteko erlazioa oso kontuan hartu da. 3 eremu desberdindu dira. Zelai bat, non etorkizunean baso txiki bat landatuko den; kiroletako kantxa eta frontoia; eta azkenik elementu naturalez eginiko parke bat non umeek egurra, harea, harria eta belarrarekin kontaktu zuzena izateaz gain, sormena eta oreka ere lantzeko aukera izango duten.
Eraikin hau Etxarriko udalak utzitako lurretan eraikia izan da. Nabarmendu nahi dugu, Etxarriko Udalak ikastolari egin izan dion ekarpena eta aukera hau aprobetxatu nahi dugu eskerrak emateko. Bestalde, ezin dugu ahaztu zonaldeko beste udalek ere ikastolari egiten dioten ekarpena, garrantzi handikoa izan baita gure ikastolarentzat haien laguntza ere.