Obra berria ikastola handitzeko
Irura Ikastola - Irura
Bigarren eraikinarekin laster dira hastekoak
Irura egunetik egunera handitzen doan herria da. Dagoeneko ikastolak 226 ikasle ditu, bi gunetan banatuta. 2008ko Kilometroari esker LHrako eraikina egin zen.
Bi eraikuntzen artean plazatxo bat sortuko da ikastola osatzen duen komunitatea elkartzeko. Argitsua izango da, zarata ekiditeko pantaila egingo dio autobiari, eta Pedagogiaren markora egokituko da. Eraikin batzordea osatuta dute ikastolan, prozesu osoaren sorkuntza eta jarraipen zuzena egiteko. Jangela eraikin berrira ekarriko dute, eta Partzuergoak hartuko du plazako espazioa. Udaletxearen laguntzari esker gehituko da bigarren eraikuntza. Irurako ikastola bi fasetan eraikiko da. Lehena bukatuta dago; bigarrenarekin proiektua osatua geldituko da.
Herri gaztea da Irura, gazteak bizi diren herria. Egunetik egunera handitzen doa, eta ikastolako matrikulazioan eragina zuzena du, azken urteotan kopurua hirukoiztu baita. Aurten 226 ikasle izatera iritsi da, gelak gero eta beteagoak dira, bi eraikinetan banatuta dauden 2 eta 11 urte bitarteko ikasleak. Batean, zaharrean, herriko plazan Haur Hezkuntzako ikasleak daude; eta bestean, berrian, Lehen Hezkuntzakoak. Azken hau, Udalarekin elkarlanean eraikia izan zen, 2008ko Kilometroari esker.
Udalak behar du orain arte Haur Hezkuntza kokatuta dagoen espazioa; eta, aldi berean ere, ikastolak espazio handiagoaren premia du, eta jangelari erantzun behar dio. Hori horrela, hitzarmen batera iritsi dira Udala eta ikastolaren artean: hurrengo hamar urtetan ere bien arteko loturak jarraituko du, 2008tik izan den bezalaxe, ikastolak lur eremua zesioan jasoko du, udalak finantziazioan lagunduko dio eta ikastolak eraikin berria altxako du, Ikastola proiektua sendotuz eta herria eraikiz.
Ez da nolanahiko eraikina izango, ongi hausnartutakoa izango baita. Klaustroa eta guraso batzordea inplikatu baitira horretan. Oinarrizko galderak izan dira: “Han daukaguna ekartzekotan, nola nahi dugu ekarri; zer hobetu, zer berritu dezakegu; zergatik eta zertarako. Hori guztia nola uztartzen da ikastola taldeak duen filosofiarekin?” kontatu digute Larraitz Agirrezabala zuzendariak eta Iratxe Ramirez lehendakariak.
Haur Hezkuntzako eraikin berria Lehen Hezkuntzakoari lotuko zaio. Erdian plazatxo bat geldituko da, non familiak bilduko diren umeen bila joango direnean. Bi urtekoen bi gela eraikiko dira; hiru, lau eta bostekoen gela bana, elkarren ondoan kokatuta; gehi jangela (sukalde sinplea izango dena) baina espazio handia izango duena, psikomotrizitaterako balioko baitu. Adinen interkomunikazioari garrantzia ematen diotenez, bi urtekoak hirukoen ondoan egongo dira; hirukoak laukoen alboan; eta laukoak bostekoen ondoan. Txikienak, bi urtekoak, jangela eta psikomotrizitate gelatik urrunen izango dira, loa eta isiltasuna bermatzeko. Denak gelatik zuzenean kalera irteteko aukera izango dute, jolas lekura, plazatxora, arriskurik gabe, nahi duten unean ateratzeko. Dena eskura, proiektua erabat osatuta geldituko da.
Arkitektoa badute, oinarrizko proiektua ikastolaren beharretara egokituta ere prest dago, planoak eginak dira, sentsibilitate handiarekin landu du Ager Iñarrak Ikastolak planteatutako beharrak; orain konstruktorea erabakiko dute. Eraikina argitsua izatea nahi dute, pantaila egingo dio autobiari zarata ekiditeko. Urte berriarekin lehen harria jartzekotan dira. Dena ongi bidean, datorren urteko Gabonetan trasladoa egingo lukete, obrak hamaika hilabete behar baititu.
Ikasleak ikastolara oinez joatearen aldekoak dira. Bide erosoa dute, erosoagoa egin nahi dute, umeen autonomia garatzeko asmoz. Haurren sillitak uzteko leku bat ere aurreikusten dute, zerbitzua hobetzeko. Irura Ikastola linea bakarreko ikastola da, eta hala jarraituko du. Ikasleak DBH egitera Anoetako Herri Ikastolara joaten dira, eta Batxilergoa Laskorainera. Hiru ikastolen arteko lotura dago, aldioro elkartzen dira, eta amankomunean proiektuak garatzen dituzte, ikastolentzat hain garrantzitsua den lan-taldean.