by Phill Ball, John Clegg and Keith Kelly
Putting CLIL IntoPractice liburua
Oxford University Press, Handbooks for Language Teacher's
EHII – Edukien eta Hizkuntzen Ikaskuntza Integratuan kokatzen da liburua, CLIL edo AICLE markoan (Aprendizaje integrado de Contenidos y Lenguas Extranjeras).
Hilabete honetan aurkeztuko da Vilnius herrian, mundu zabaleko hitzaldi batean eta, ondoren, azaroan, Utrecht-en. 2016ko apirilean IATFEL jardunaldietan, Birminghamen, aurkeztuko dute ehun herrialde ezberdinetatik joango diren hiru mila irakasleen aurrean. Liburua munduan zehar salduko da, ingeleseko nahiz beste arloetako irakasleentzat dago idatzita.
Egileak oso ezagunak dira, batik bat guretzat Phil Ball, 2001ez geroztik Ikastolen Elkartearen langile, egile eta aholkularia. Beste biak, John Clegg eta Keith Kelly dira, CLILeko lankideak. Hirurak ingelesak eta ingelesaren irakaskuntzan eskarmentu handikoak. Munduan zehar aritu dira lanean, esperientzia baliotsua eta anitza dute hirurek.
Gertuen dugun Phil Ballekin elkartu gara liburuaren berri jasotzeko, eta ikastolen ibilbidearen gorazarre egin digu behin eta berriz. “Ikastolak ausartak izan zarete beti, esperimentazioa izan duzue gustukoa, arriskatzen jakin duzue beti, ausardiaz, aurrera egin nahian, ikasi eta irakatsi duzue. Eleaniztasunaren alde Ikastolen Elkarteak apustua egin du hasieratik, ikasmateriala sortzen, eta irakasleak balienteak izan dira formatzen eta irakasten. Urteren poderioz baieztatu da irakaskuntzaren bide hori egokia dela, eleaniztasuna Euskal Herrian onuragarria dela, eta fruitu ederrak eman dituela”.
Liburuaren inguruan galdetutakoan, honela erantzun digu “Hirurehun eta berrogeita hamar orrialdeko liburua da, sortzea eta erditzea kostatu zaigu, planteamendu pedagogiko serioa baitu. Hiru ardatz gurutzatzen ditu: kontzeptuzko edukiak, prozedurazkoak eta linguistikoak, eta CLIL ereduari ekarpen berriak gehitu dizkiogu. Horregatik da hain interesgarria irakaslearentzat, ez baita ardatz linguistikoan bakarrik oinarritzen. Hizkuntzaren irakaskuntzaren trataera era globalean aztertzen baitu. Horretan ere ikastolak bereziak izan zarete, esan dezaket, SSLICen (Gizarte eta Ingelesean), eta EKIn erabilitako hainbat adibide gehitu ditugula gure liburuan. Omenaldia eginez liburu hau ikastoletako irakasleei eta Ikastolen Elkarteari eskaini diegu”.