Ikastolen Elkartea eta Udalbiltza
Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoa, abian
Lankidetza hitzarmena
Ikastolen Elkarteak eta Udalbiltzak ikastolen arteko trukeak egitea garatzeko hitzarmena izenpetu dute. Euskal Herriko lurralde guztietako ikasleak elkar ezagutzeko bidea sendotu nahi da.
Alde biek Euskal Herriko administrazio ezberdinen pean dauden ikastolen arteko lankidetza sustatuko dute, eta lurralde ezberdinetan kokaturik dauden ikastolen arteko kohesioa, barne ezagutza eta elkartasuna bultzatuko dute. Horretarako, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko trukaketak sustatuko dituzte, hala nola, giza harremanak indartzeko, euskararen eta euskalkien alde, kirola, teknologia berriak, elikadura burujabetza edota alde biek landu nahiko luketen beste edozein gai lantzeko.Hitzarmen honek parte hartu nahi duen ikastola ororentzako balio du, eta iraupen mugagabea dauka.
Ikastolen Elkarteak hitzarmena hedatu eta sustatuko du bere baitan biltzen dituen ikastolen artean, parte hartzera animatu daitezen. EGKF-k Udalbiltzako kide diren alkate eta zinegotzien sarean hitzarmena jakinarazi eta sustatuko du. Horrez gain, behar izanez gero antolaketa eta kudeaketarako laguntza eskainiko die ikastola zein udalei, beti ere egitasmoa gauzatu dadin.
Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoaren hitzarmena Haurtzaro ikastolan izenpetu zen. Ez zen ausaz aukeratutako lekua izan. Izan ere, Alozeko Basabürü ikastolako haurrak bertan ziren, egitasmo honen baitan eginiko lehen esperientziaren barruan. Esperientzia horretan Sohütako Eperra ikastolako ikasleek ere hartu zuten parte.