IKASTOLA 213 > ikastolak > ZE ATSEGINA DEN IRAKURTZEA!
Zubi Zahar Ikastola
Zubi Zahar Ikastola
Zubi Zahar Ikastola
Zubi Zahar Ikastola
Zubi Zahar Ikastola
Zubi Zahar Ikastola

Zubi Zahar Ikastola, Ondarru

ZE ATSEGINA DEN IRAKURTZEA!

Irakurtzearen plazerea transmitzen.

Irakurzaletasun taldea osatu dute, eta bertan etapa guztietako irakasleak daude; hilabete bakoitzari bere izena eta izana eman diote plazerezko irakurketa dinamizatzeko. Hilero-hilero bizpahiru aldiz elkartzeko ahaleginak egiten dituzte, eta guztiek batuta berezia den zerbait egiteko konpromisoa hartu dute. Irakurtzearen plazera, ikastolaren helburu estrategikoa bihurtu da aurten. Erronka ez da erraza, baina plazeraren fruituak ikusten hasita daude.
 

Juul kanpainari lotuta izan da hasieratik Ondarruko ikastola, eta kanpainaren inguruko helburu garrantzitsuei ere bai. Baina gogoeta sakon baten ondoren  zera erabaki zuten:  irakur zaletasunak sortzen duen plazera transmititzea irakasle guztion zeregina  izan behar zuela eta ez bakarrik irakur zaletasuna sustatzea. Erronka ez da erraza, baina plazerarenen  fruituak ikusten hasita daude.

Edurne Arantzamendi irakaslearekin aritu gara mintzatzen “Etapa ezberdinetako irakasleak elkartu ginen asmo bakar batekin: zer eta nola egin plazerezko irakurzaletasuna bultzatzeko, animatzeko, ikasle guztiek parte har dezaten, ikastola osoa kutsatu dadin. Jada, “irakur zaletasun taldea” osatu dugu, izen literarioago eta politago baten bila bagabiltza ere, eta dagoeneko hilabete bakoitza antolatu dugu zerbait “egiteko”, plazerezko irakurketa dinamizatzeko. Etapa guztietako irakasleak gaude taldean. Ahaleginak egiten ditugu hilero-hilero bizpahiru aldiz elkartzeko; eta konpromisoa hartu dugu guztiok batuta zerbait berezia egiteko”.

“Hilabete bakoitzari bere izena eta izana eman diogu. Irailari, adibidez “Liburuz buru. Zenbat buru, hainbat liburu” deitu genion eta egiteko zehatz bat izan du. “Urrian, orriak” izan zen hurrengoa, eta hiru ekintza antolatu genituen: gustuko zen liburu baten orrialde baten fotokopiak bilduta ‘zuhaitz’ bat osatu genuen. Azaroari “Behin batean” deitu genion, eta liburutegiko kontalariak entzutera eta ikustera joan ginen; bestalde, ikasle nagusiak eta aittitta-amamak txikiei ipuinak eta kontuak kontatzera ekarri genituen … Abenduan, “Olentzerok dio” dotorea izan zen. Ume bakoitzak Olentzerori liburu bat eskatu zion. Gero trukaketarako balio izango duten liburuak dira”. Martxoari “Dakarrenak darama, eskutik eskura” deitu diogu eta hor liburu trukaketak antolatu ditugu, baldintza bakar batekin: dakarrenak hartuko du soilik. Herriko liburutegira ere egingo ditugu txangoak, irakurtzera. Apirilari kutsu literarioa eman nahi diogu eta honela  izango da “Liluratura, sar dadila kalabazan” eta kalabaza izango da Juul bozketarako kutxa. Horrela banatu ditugu ikasturteko hilabete guztiak, eginkizun desberdinak zehaztuta. Maiatzean idazleak ikastolara ekarriko ditugu, bisitan, ikasleekin solasetara, eta abar”, jarraitu zuen Edurnek.

 “Aurten horma-irudiak egin ditugu. Hilero apainketak egiten ari gara korridore edo pasilloetan, hilabeteko xedea zein den gogoratzen. Helburu bat baita gurea, irakasle guztiak ildo beretik joatea, aurretik markatzen dena jarraitzea, eta familiei adieraztea eta animatzea, ikastolan hasitakoari etxean ere jarraipena egin diezaioten, osagarri moduan ekiteko. DBH-n, konplizitate faktorea garrantzitsua da eta pozik gaude gure gazteekin, orokorrean, haiek ere plazerean kutsatzen ari direlako.

LILURATUAk gaude eta LILURATU egin nahi ditugu ingurukoak, liburua eta plazera batera baitoaz aurten Ondarruko Zubi Zahar ikastolan”. Irakurketa on!!!

ikastola 213
2015 Apirila
213